Hernaniko Ave Maria parke publikoa duela hiru urte inauguratu zen ‘Mugarik gabe’ lelo edo izenpean. GURE ESKU DAGO-ren deialdiari jarraituz maiatzaren 4an, udaberri jantzirekin agertu zen goiz hartan, bertaratu ginenean ohartu ginen ekitaldiaren eta parkearen arteko antzekotasun intimoaz, eduki eta edukigailuaren arteko sintoniaz.
Nazioek duten erabakitzeko eskubideari buruz ari garelarik, bi hitz, gaia bere testuinguru historikoan kokatzeko.
Duela 40 urte ‘autodeterminazio eskubidea’ ezker marxista-leninistak aldarrikatzen zuen, jada. Orohar, garai hartako ezker marxista-leninistatik errebindikazio nazionalari jartzen zitzaion trataera-erantzuna zen formula programatiko hau. Geroztikako historia beste bide batzuetan mugitu bada ere, ezin esan urte haietako lana alferrikakoa izan zenik. Koordenada historiko haietan ez zen lortu diskurtso sendo bat, kultura politiko bat, oinarrizko eskubide honen inguruan. Batzuen autonomia eta besteen independentismoaren tartean oxigeno sozial faltan geratu zen. Askatasun nazionalera daraman eskaileran, Ibarretxe lehendakariak -gure errekonozimendua burutu zuen pedagogi lanagatik- maila bat igo zuen eta ezker abertzaleak maila bat jaitsi. Enkruzijada horretan gaude.
Nazioarte mailan izan da zer aipatu. Sobiet Batasuna erraldoia, egun batetik bestera, hondarrezko gaztelu baten gisa desegin zen, eta horren ondorioz, Europar Batasunaren bihotzean zatituta zegoen Alemania berbateratu zuten; Jugoslavia lurperatua izan zen milaka eta milaka jugoslaviarrekin batera; europar estatu berri zerrenda sortu da. Eta zerrenda hori luzatze asmoz Eskozia eta Katalunia abiatu dira hasierako txanpan. Kataluniaren kasuan, Asamblea Nacional Catalana-k (hiritar mugimendua) burututako mobilizazioen dimentsioak, (antolakuntza, logistika eta abar) ezezagunak dira Europan eta, esan behar, plater bat hautsi gabe.
Bitartean, Hego Euskal Herriko gizartea takikardia kolektibo batean bizi izan da su eten aldarrikapenen eta su eten hausteen erritmora. Prozesu honetan herriak jasandako biktima, kalte eta sufrimenduak handiak izan dira, ikaragarriak. Urte luze asko beharko dira aro gogor hau euskal imajinario kolektiboak asimilatu ahal izateko. Momentuz, eta seguruenik denboraldi batetarako, agitazio handia nabari da alderdi politikoen alturetan; iceberg-aren muturra besterik ez. Azken hamarkadetako diagnosia osatzeko politikari ondratuen lanei gehitu beharko zaie beste askorena: psikiatra, soziologo, idazle, kazetari, intelektual oro, artista... eta, nola ez, gizarte zibilak, mugimendu sozialek, bideratu ditzaketen ekimen eta mobilizazioak.
Hegoaldeko euskal gizartearen historian ziklo bat erre da. Hala bedi sekulorum sekulotan. Soziologikoki testuingurua aldatu da. Protagonismoaren zama nagusia belaunaldi berriei dagokie. Motzera, egun bizi dugun egoerak baditu ezaugarri berriak. Indarkeria alboratzeko egoera ezin hobe honetan estatuaren botereak bakarrik jarduten du krudelkeri politikarekin eta orain demokraziaren iturrietan edaten (omen) dute bai programa politiko konkretuak, bai filosofia politiko guztiak. Konspirazioaren babesa zen lanbroek eguzki publikoari eta takigrafoei eman die txanda eta brujularen orratz demokratikoak adierazten du etorkizunerako apustuen norabidea.
Gatozen orainera. Gure herriak duen erabakitzeko eskubideak mahai gainean jarraitzen du. Ez gaude, ordea, abiapuntuan. XX. mendeko 70eko hamarkadatik honantz, historiaren espiralaren buelta osoa bizi ondoren, euskal gizarteak zerbait ikasi du. GURE ESKU DAGO dinamikak helarazi digu bere gonbitea: ERABAKITZEN DUEN HERRIA HERRIAGO BIHURTZEN DA.
Iaz hasi zen bere lehen erronka prestatzen. Sakona eta zabala izanik, bere bagaje ideologikoa hitz gutxitan bildu daiteke: nazio izateak ematen digun erabakitzeko eskubidea, herritarren eskuetan dago. Hauek, bultzatu nahi dituen ardatzak: aniztasuna, errespetuan oinarritutako elkarlana, behetik gorako jarduera.
Demokrata bezala, planteamenduarekin batekin gatoz. Bizi leku, tailer edo egoitza gisa, leiho handiko lokal argiak gustatzen zaizkigu. Atetik errezelo, mesfidantza, sektarismo, opakotasuna sartu orduko, badoaz leihotik demokrazia eta berak integratzen dituen errespetua, berdintasuna, aniztasuna, transparentzia eta libertatea.
Indibiduoek osatutako kolektiboetan sinesten dugu; entzun-esanaren jokoan sinesten dugu; debatean sinesten dugu; gardentasunean sinesten dugu; kritikarako askatasuna galtzeak galbidea dakar; unanimitateek aspertzen gaituzte; aniztasuna nahi genuke behin-betiko bizi-inguru.
Ave Marian, udaberriko goiz fresko hartan, sustatzaileen lan bikainaren eta herritarren erantzunaren fruitu, ekitaldiak lortu zuen halako estreinaldi herri giro bat, aspaldiko partez. Bertan sentitutakoak animatu gaitu iritzi hauek plazaratzera.
Ekainaren 8an, milaka demokratekin bat, gu ere katebegi izango gara.
Luix Gorrotxategi Zigaran
Ixiar Egiguren Rekalde