EAJ eta H1 alderdiok auzotarrekin bilerak egitea erabaki dugu 2014 eta 2015 urteetan. Helburua da bizilagunek Udalaren gestioaren inguruan duten ikuspegia eta iritzia gertutik ezagutzea: zer aldatuko luketen, zein diren beharrak, zeri jarri behar zaion arreta gehiago…
Bilerak auzo elkarteetako egoitzetan egitea da gure asmoa. Auzo elkarte bakoitzeko lehendakariarekin jarriko gara harremanetan eta eskatuko diegu bilerak larunbatetan egin ahal izatea, goizeko 10:30etatik 12:00etara bitartean. Hasiera batean sei elkarterekin jarriko gara harremanetan, eta erantzuna zein izan den ikusita, erabakiko dugu gehiagotara jotzea.
Bilera irekiak izango dira, esateko zerbait duen hernaniar orori zuzendutakoak. Ordu eta erdi ingurukoak izango dira, eta bertaratzen diren guztiekin hitz egingo da. Bilerara gerturatzen den aurreneko herritarrarekin hasiko gara, eta azkenak esateko duen guztia bukatu arte egongo gara bertan.
Bilera informalak izango dira, gure nahia baita herritarrekin biltzea, edozein dela ere botua ematen dioten alderdi politikoa; edota boturik ematen ez badute ere. EAJ eta H1 alderdiok herritarren beharretara oinarritutako linea markatu nahi dugu.
Bigarren bilera bihar egingo da, Latsunbeberriko bizilagunen egoitzan. Auzoko eta inguruko bizilagun guztiek zabalik dituzte ateak.