2009an Usurbilen Atez Atekoa ezarri zenean, EAJko zinego-tziak aldeko botoa eman zuen. Baina geroztik, EAJ ia-ia beti egon da edozein aldaketaren kontra. Hernanin Atez Atekoa? Kontra. Bergaran errefusa eta organikoa atez ate eta besteak kaleko kontainerretan? EAJ kontra. Legazpin errefusa atez ate eta nahi duenak organikoa 5. edukiontzian? EAJ kontra. Orain Azkoitian errefusa atez ate eta organikoa 5. edukiontzian? EAJ kontra. Tolosan zintzilikariorik gabe dena kaleko edukiontzi txipdunetan? EAJ kontra.
Gero sistema berriak fruituak ematen hasi direnean, ez dut inon ikusi EAJko inork herritarrak zoriondu dituenik gauzak hobetu direlako. Bergaran, Legazpi kopiatzea eskatzen dute. Legazpin, zintzilikarioak kentzea. Hernanin herritarrak animatzeko partez… Ormaiztegi gomendatzen digute. Eta aldi berean, Azkoitian Ormaiztegikoaren kontra.
Eta zer gertatzen da Donostian? San Markoren datuen arabera (beraz, Atez Atekoaren kontra dagoen Denis Itxasoren galbahetik pasata) Hernaniko herritar bakoitzak 60 kilo errefus bota genuen 2013an; donostiar bakoitzak 290 kilo. Tarte galanta 60 kilotik 290ra. Orain Donostiako udala bostgarren edukiontzia ari da zabaltzen, borondatezkoa gainera EAJk, PSEk eta PPk inposaturik. Atez Atekoaren aldeko jende asko ari da lanean gutxienez borondatezko 5. edukiontziarekin ahalik eta organiko gehien biltzeko. Helburua baita 290 kilo horiek murriztea. Inork entzun al ditu EAJko buruzagiak herritarrak animatzen beraiek jarritako sistema erabili dezaten?
Animo, hernaniarrok, ondo ari gara eta. Denon artean lortzen ari gara Gipuzkoan hondakinak murriztea. Datuak hor daude eta gauzak ondo egiteak ematen duen poza ere bai. Zorionak denoi!