Ormaiztegik lortu du hondakinen gaikako bilketan %83 jasotzea sistema mixtoarekin (Atez Atekoa eta kontenedoreak). Dena, errefuxa kenduta, kontenedoreetan jasotzen da.
Irakurri dudan berrian, gastua berdina da sistema mixtoaren bidezko bilketan eta kontenedoreen bidezkoan. Ez dute aztertu ea errentagarria ote den errefuxa eskuz jasotzeko egindako inbertsioa zintzilikarioetan eta kamioietan, baina beno, inor ez da perfektua.
Zoriondu egin behar ditut kontenedore sistemaren alde borroka egin duten herritarrak; argi dago errentagarriagoa dela eta birziklatze eta berrerabilpen tasa maximoak lortu daitezkeela. Izan ere, borroka horrekin lortu dute sistema mixtoa. Bilduko agintariengatik eta Zero Zaborrekin kideengatik balitz, kontenedoreak desagertu egingo lirateke eta zaborra Atez Atekoaren bidez soilik jasoko litzateke.
Uste nuen zientzia fikzioa zela ezker abertzaleko politikariek herritarrak entzutea hauek kritikatzen dituztenean, baina pozten naiz ikustean Ormaiztegikoak ez direla horrelakoak.
Nire herriari begira uste dut momentua dela Hernanin egun agintzen dutenak eta 2010ean Atez Atekoa martxan jarri zutenak konturatu daitezen zer gertatzen ari den gure inguruan, eta zerbait egin dezaten Atez Atekoarekin; beste gauza batzuen artean, dirutza kostatzen ari baitzaigu.
Ormaiztegin bezala kostu txikiagoa badu sistema mixtoaren bidezko bilketak (Sasietako Mankomunitateak hala dio), ehunekoak berdinak ala hobeak badira, eta zabor turismorik ez badago, zeren zain dago Hernaniko Bildu? Arrazoirik ba al dago urtero 1.500.000 euro botatzeko Garbitaniara?
Ez badute onartu nahi EAJ-PNVk duela bost urte defendatzen duguna aukera onena dela, eta gainera, ez badakite Atez Atekoak ekarritako galerei aurre nola egin, fijatu daitezela Ormaiztegin.