«Txondorgintzan, jai eta egun aritzen ginen lanean»

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Los Arcos Ayerdi 2014ko mar. 15a, 01:00

Orain urte asko baztertuta geratu zen teknika dugu txondorgintza. Eta teknika horren azken ordezkarietako bat da, hain justu, Telesforo Oiarbide ereñotzuarra. Txabolategi baserrian bertan jaio zen Telesforo, anai-arreba guztiak bezalaxe. «100 urte bete dira aurten gure aitak erosi zuela, sei mila pezetan», zehazten du. Baserriak zenbat urte di­tuen, ordea, jakin ezinik aritu dira. Izan ere, udaletxearekin batera erre ziren baserriaren paperak.: «Baina laurehun edo bostehun urte izango ditu».

Baserriko lanetan aritzen ziren aita-ama, baratzetik jatekoa ateratzen: «Pobre gi­nen, baina ez genuen goserik pasa». Taloak egin eta jaten zituzten askotan, edozerekin beteta. Eta bi behi ere bazituzten, esnea ateratzeko.

Eskolan oso gutxi izan zen Oiarbide, berehala hartu bai­tzuten lanerako: «Larre Gain baserrikoa idiekin aritzen zen, eta laguntzaile bat behar zuenez, mutil koxkor eraman ninduen». Hamaika urterekin, ha­re­kin joaten zen mendiz men­di, Añorgatik Goizuetara, eskolara joan ordez.

Zeregin hartan harrapatu zuen Gerra Zibilaren hasierak, hamahiru urte zituela. Eta Txabolategi baserrian, aparte egon arren, izan zuten gudaren arrastorik. Izan ere, Onddi mendiaren magalean trintxerak zeuden, eta bertatik tiro egiten zuten. Egun haietan bizitakoak ekartzen ditu Oiarbidek gogora: «Behin, arre­ba eta biok baratzera atera ginen, jatekoa biltzera, eta tiro egi­ten hasi zitzaizkigun. Ezer­txo ere hartu gabe sartu ginen baserrira, korrika». Teilatuan jotzean balek egiten zuten soinua entzuten zuten barrenetik.

Gerraostea mendian
Gerra amaitzearekin batera hasi zen Oiarbide txondorgin­tzan. 17 urte zituela, ikazkin koadrila batekin elkartu zen Goizuetako nagusi baten esanetara. Añarbeko urtegia dagoen zonaldean aritu zen lehenik, eta Lesakako San Anton urtegira mugitu zen gero. Baina Aizkorrin eman zuen denbora gehien, Otzaurtetik gora. Bi urte igaro zituen han.

Urte osoa ematen zuten mendian, txondorrak egiten, bata bestearen atzetik: «Han ez zen oporrik izaten, aste eta jai aritzen ginen lanean». Noizean behin baino ez zen itzultzen etxera, kobratzen zu­enean diru pixka bat bildu eta eramatera. Txabola batean egiten zuten lo, txondorra zain­­tzea tokatzen ez zitzaienean: «Lau lagun egoten ginen, eta gauero bi geratzen ginen txondorra zaintzen, txandaka».

Hamabost bat egunez egon behar zuen txondorrak, baina ez zuten itxaroten batekin amaitu arte, hurrenarekin has­te­ko. Erabili beharreko egu­rra, pagoa gehienetan, moztuta izaten zuten dagoeneko, eta lehena eraiki eta ondo piztuta zeukatenean, hurrengoari ekiten zioten. Azkene­rako, lau txondor ere izaten zituzten piztuta aldi berean.

Aldi luze haietan, jateko ere nola edo hala moldatu behar izaten zuten. San Adriango aterpetxera jaitsi behar izaten zuten maiz, tripak betetzeko zerbait erostera. Baina sosak aurrezteko modurik ere aurkitu zuten: «Usoak botatzen aritzen ziren inguru hartan, eta guk txakurra ere bagenuenez, hantxe bidaltzen genuen, besteek botatako usoak biltzera, gero jateko».

Txondor bakarrarekin, laurogei zaku betetzeko adina ikatz lortzen zuten. Ikatz hori guztia, ordea, nagusiaren esku geratzen zen. Mandozainari deitu, zakuak mandoan pilatu eta mendian behera eramaten zi­tuen, fabrikei eta herritarrei sal­tzeko: «Hernanin bertan, Ara­­­lar taberna dagoen tokian bil­tegi bat zegoen, egur-ikatza eta harri-ikatza saltzen zituena».

Menditik infernura
Soldaduskak aldendu zuen txondorretatik, derrigorrean: «Orduan ez zegoen erabakitzerik; gaitzik ez bazenuen, soldadu joan beharra zeneukan». Hogeita zortzi hilabetez izan zen Bilbon, Santoñan eta Baztanen. Ez, ordea, armak eskuetan hartuta, ikuiluan baizik. Zaldiak zaintzea egokitu zitzaion Oiarbideri.
Baina horrek ez zion egonaldia errazagoa egin. «Oso gaizki pasa nuen soldaduskan». Batetik, baserrian izan ez zuen gosea ezagutu zuelako bertan. Jornala ederra ematen baitzuten, baina ez hartarako diru­rik. Hamar egunetan, duro bat. «Bi egunetan gastatzen zenuen dirua, eta gosea pasa behar zenuen berriro», ekartzen du gogora.

Eta gaizki pasa zuen, halaber, hizkuntza zela kausa. Haurra zela mendian ibiltzen zen, eskola zapaldu gabe ia, eta gazteleraz ez zekien batere: «Si eta no esateko adina baino ez». Eta, Francoren diktadurapean zirelarik, arazoak izan zituzten. Baserritarretako bati galderak egiten zizkiotenean, ulertu ez eta erantzun gabe geratzen zenez, jo egiten zuten, eta mutila negarrez utzi.

Ia bi urte eta erdiz luzatu zen infernu hura ereñotzuarrarentzat. Handik, sorlekura itzuli zen, Txabolategi baserriaren bakera. Ez, ordea, soldadu joan aurreko zereginetara. Ikatzak bere garrantzia galdua zuen dagoeneko, energia iturri modernoen mesedetan: «Lehen, egurra eta ikatza ezinbestekoak ziren, gauza guztietarako; orain, berriz, argindarra, gasa eta tankerakoak erabiltzen dira edonon».

Aurrerapenek, bizitza errazteaz gain, askori lana kendu ere egin diotela uste du Oiarbidek. Mendira egurra moztu eta biltzera joaten ziren lagun-taldeen lekuan, bakarra joaten da orain, kamioia hartuta. Eta dituen tresnekin, dena egiten du berak: egurra moztu, bildu eta fabriketara jaitsi.

Aurrerapenak, oztopo
Ikatzari ere oztopatu zioten bidea aurrerapenek. Oso gutxi erabiliko zen aurrerantzean, eta behar zena ere, ez zen txondorrak eginez lortuko: «Hemen bertan, Latseko fabrikan ikusi nuen azkenekoz ika­tza egiten. Kaldera batzuk be­tetzen zituzten egurrez go­rai­no, eta azpian sua pizten zu­ten». Baina lantegi hori ere utzirik dago, eta gaur egun ikatza nola egiten den ez daki Oiarbidek. Kanpotik ekar­­tzen dutela baino ez: «Eus­kal Herrian ez dut uste egi­ten denik; beharbada As­tu­rias aldean bai, oraindik ere».

Horregatik ahaztu behar izan zuen txondorgintza. Eta horregatik aritu zen eraikuntza lanetan, soldaduskatik itzuli ondorengo lau urteetan. Ondoren, Ereñotzun kloro fabrika ireki zutenean, bertan sarturik eman zituen 35 urte, «jai eta egun lanean».

Baina bizitzak merezitako atsedena ekarri zion. «27 urte daramazkit lanik egin gabe eta hilero-hilero kobratzen; ez dira asko izango hori esan dezaketenak», dio umoretsu. Base­rrira erretiratu zen, eta hantxe bizi da bakean, gainontzekoetatik urrun: «Hemen, inor ez da kexatuko gauerdira arte jai-giroan aritzen bagara, eta bizilagunek ere ez gaituzte molestatuko».


Txondorra, egurrezko egitura konplexua

Urte asko igaro diren arren, ondo gogoratzen du Telesforo Oiarbidek txondorra egiteko prozesua

Egitura konplexua bezain eraginkorra duen muntaia da txondorra. Ikatza egin aurretik, bitartean eta ondoren eskatzen du lan haundia, eta tentuz ibili behar da hura eraikitzerakoan.

Egurra osagai nagusi dutenez, egurra moztu eta presta­tzetik hasten da txondorrak egiteko prozesua. Ondoren, txondor-plaza izango den lurzorua aukeratu eta prestatu behar dugu. Bost bat metroko diametroarekin, lurrezko zirkulu handi bat osatu behar da. Horretarako, ezinbestekoa da erabat laua izatea.
Txondor-plaza prest dugula, erdi-erdian su-etxea egin behar da, egurrak gurutzatuz, kubo moduko bat osatu arte. Haren inguruan, lurzoru osoan, egur-sare moduko bat egingo dugu gero. Hortik aurrera, su-etxetik kanporantz egurrak pilatuz joatea da kontua, arrautz erdi baten forma hartu arte. «Metro bateko egurrak erabiltzen dira, denak zutik jarrita», azaltzen du Oiarbidek.

Egitura osoa eraikita, egurren artean makil txiki eta meheak jartzen dira, hutsuneak betetzeko. Jarraian, hosto le­horrez forratzen da, eta lu­rrez estali. Izan ere, ezin da airerik igaro barrura. “Oxigenoa sartzen bada, ikatzik ez duzu egiten, erre egiten da egu­­­rra; eta egosi egin behar da, heltzeko babak bezala”.
Dena ondo estalita dugunean, inguruan sua egin, eta su-etxetik goraino utzitako zuloan botako dugu. Suak indarra hartzen duenean, ahoa egurrez eta lurrez estaltzen da. “Itxita egon behar da beti, su-etxea ere estalita”. Hortik amaierara, txondorra gau eta egun zaindu behar da, eta noizean behin erretako makiltxoen lekuan berriak bota, suak indarrik gal ez dezan.

Egurra egosia dagoen ikusteko, eskuareaz kendu behar da beheko lurra pixkanaka, eta begiratu. Ikatza eginda badago, lur guztia kendu, ikatza zoruan luze eta zabal jarri eta hozten utzi behar da.


Txabolategi, bertsolari ezagunaren kabia

Jose Joakin Erroizenea bertan jaio zen

Oiarbidetarrek Txabolategi ba­­­­­­­se­rria erosi baino urte as­ko le­henago, pertsonaia ezagunik bizi izan zen bertan. Jose Joakin Erroizenea ‘Txa­bo­la­tegi’, ezagutzen den lehenengo bertso­la­­­rie­tako bat izan zen, eta egun oiarbidetarrena lurretan egin zuen bizitza zati haundi bat. Per­nando Amez­ke­tarrarekin ari­tu zen kantuan. Ezagutzen den lehen bertso txapelketan, Villabo­na­ko plazan, Txa­bo­la­te­­gi bera eta Zabala aritu ziren.

Telesforok, baina, ez du askorik ezagutu bertsolari haren konturik. «Kontatzen dute, go­sete garaian, bara­tzan lapurreta egiten ziotela. Horregatik, bera eskopeta hartuta egoten zen, gauez ba­­­ratza zain­tzen». Txabo­la­te­giren se­ni­de baten bisita ere izan zuten, orain ur­te ba­tzuk. Hiruz­pa­lau be­lau­nal­di ondorengo bat joan zitzaien, bertsolaria ze­na­ren bizilekua ezagutzeko irri­kaz. «Azaldu zigun Txa­bo­lategi Tolosan bizi izan zela, eta bertan hil zela».

Hura lehenengo bertsolarietako bat izan zen bezala, azken txondorgileetarikoa du­­­gu Te­les­­foro Oiarbide. As­mo­rik ez dauka berriro ikatzik egiteko, baina ez asmatuko ez lukeelako. «Asmatuko nuke, bai, txon­dorra egiten oraindik ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!