2009ko martxoaren 16an, orain dela bost urte justu, hondakinak Atez Ate biltzen hasita Usurbil bihurtu zen lehenbiziko Zero Zabor herria. Ondoren etorri ginen gu, Hernani, eta Oiartzun, eta Antzuola, eta Lezo, eta Zaldibia, eta Astigarraga, eta Bergara, eta Pasaia, eta… Bost urte geroago, laster Zestoan sistema berria jarritakoan, 150.000 gipuzkoar baino gehiago biziko gara Zero Zabor herrietan, %22.
2009an Zubietako errauste planta eraikitzeko lurrak harrotzen ari ziren. 2014an errauskailu pozoitsu haren asmoa lurperatuta dago, Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen dauden pertsonen ausardiagatik, sistema alternatiboa martxan jarri duten udal eta mankomunitateetako agintariei esker… eta batez ere 150.000 herritarrek erabaki dugulako gauzak hobeto egitea. Maialen Lujanbiok esan zuen moduan, demostratzen ari gara “Eskuak zenbat dezaken”.
Hernanin asko aurreratu dugu. Gaikako bilketan iaz %78an ibili gara. Pertsonako eta urteko azken errefusetan 62na kilo laga ditugu (konparatzeko, Donostian 2012an bakoitzak 299 kilo, Lasarten 226…). Baina oraindik badaukagu zertan hobetua. Bai norberak etxean sortzen dugun errefus birziklagaitz hori murriztuz eta, batez ere, oraindik zaborrak nahasturik uzten dituzten hernaniar gutxi horiek konbentzituz beren jokabidea aldatu dezaten.
Ez da justiziazkoa ondo egin daitekeena oker egitea. Kutsatzea ez da libre: kutsadura hori beti ondoko batek sufritu behar baitu. Zailena egin dugu eta ondorengo hilabete eta urteetan azken errefusa –benetako zaborra- murrizten eta gutxiago kutsatzen ahalegindu behar dugu. Hernaniarrok ondo ari gara!