Hilabeteak igarotzen dituzte zain hiru etxek, hutsik, hotz, uda noiz iritsiko. Aurreko udako oroitzapenen gordeleku, eta hurrengo udarako ametsen sortzaile.
Hilabeteak igarotzen ditugu zain guk ere, Euskal Udalekuetako partaideok, etxe horiek betetzeko irrikaz. Oroitzapen zaharrak berpizteko, eta amets berriak egia bihurtzeko.
Milaka euskaldunek ezagutu dugu elkar Abaigarren, Bernedon, Goñin eta Urdirotzen. Elkar euskaraz osatu. Maitatu. Eta zuk ere baduzu horretarako aukera.
Eskola araututik aparte ere bada zer ikasi, eta Euskal Herriko ume gehienek ez dute oroitzapenak sortzea eta esperientzia berriak bizitzea beste lanik. Udak laguntzen du horretan, eta gu ere saiatzen gara laguntzen.
Musu-truk egiten dugu lan, sinesten dugulako oroitzapen horiek, esperientzia horiek, onuragarriak direla haur eta gazteentzat. Egunerokotik ateratzeak eta elkarbizitzak hazten laguntzen dietela. Eta ikaragarri ikasten dutela beste herri batzuetako jendea ezagututa. Jakingo bazenute zeinen erraz bihurtzen diren lagun berriak lagun min!
Euskal Udalekuetako begirale eta sukaldariok bide hau hartu genuen, batzuek aspaldi eta beste batzuek oraintsu. Baina gehien-gehienok lanean jarraitzen dugu urtez urte, ilusioz, urtero udalekuetan igarotako hamar-hamabost egunak ahaztezinak izan daitezen parte-hartzaile guztientzat. Udaz uda guretzat izan ohi diren bezalaxe.
Horregatik, Euskal Udalekuetan izena ematera gonbidatzen zaituztet, gurea dena, zurea ere izan dadin! Izen ematea martxoaren 10etik aurrera egin daiteke www.euskaludalekuak.org webgunean. ANIMATU!