Hernaniko Alkateak, Idurre Conde zinegotziaren dimisioa zela-eta egin zen agerraldian, zera esan zuen, «udal gestioan hartu diren erabaki guztiak herriari on egiteko hartu ditugu, ZINTZOTASUNEZ, INORI KALTERIK EGIN GABE».
Neri, Ana Maríni, lanpostua kendu zidaten. Urteetan ari nintzen lanpostu horretan eta enpresak gustora zeuden. Hernaniko Udal Eraikinak garbitzeko zerbitzuan ari nintzen (orain Villar S.A. enpresari azpikontratatuta). Lanpostua kendu zidaten Hernaniko Udaleko LABek hala eskatuta eta Udal Zerbitzuetako Zinegotzi ordezkari Asier San Emeterioren on iritziarekin, Malores Etxeberriak Hernaniko Kronikan esan zuen bezala.
Demanda sartu nuen neure eskubideak defendatzeko, eta horren ondorioz Udalaren listatik borratu egin ninduten edozein zerbitzugatik kontratatzeko.
Bost hilabete eta gero, 4 zk. duen Gizarte Epaitegiak esan zuen ni nire postutik kentzea inprozedentea (legez kanpokoa) zela, nire kontratua fijo diskontinuoa zelako. Horren aurrean, hauek izan ziren erreakzioak:
a) Lehenengo, inork ez zuen pentsatu sententzia hori errekurritzerik, oso garbia zegoelako INPROZEDENTEA zela, neri postu bat kendu zidatelako beste bati emateko.
b) Udaleko LABek esan zuen «zintzotasunez eta logikaz» jokatu zuela. Besteak kaltetuz bere afiliatuen mesedetan jokatzea bada logikoa, afiliatu gabe daudenei kalte eginez, BILDU udalean dagoela aprobetxatuz, ba bale logikoa izango da, baina zintzoa ez, hori bai ezetz.
Gainera, sententzia atera eta gero, enpresak ni kaleratzea erabaki eta 1.800 euroko indemnizazioa eman zizkidanean, neure postuan jartzea garestiago aterako zitzaiolako, LABi ahaztu egin zitzaion Sindikatu bat zela, Erreforma Laboralaren kontra dagoela, eta IXILDU egin zen, eta BESTE ALDE BATERA begiratu.
c) Alkateak, Luis Intxauspek, sententzia eman eta 9 hilabete pasata, nere bi gutun jasoak zituenean, berak parte hartzeko eskatuz, eta berarekin biltzeko elkarrizketa bat eskatuak zituenean, hor non bidaltzen didan erantzuna, («aurpegi ederrarekin»), esanez, «gai hau behar adina tratatu eta landu» dela, eta ez duela beharrezkoa ikusten berriz ere biltzea. Eta nere galdera hau da: «Zeinekin tratatu eta landu du gaia? Nerekin, ez. Ez Alkateak, ez zinegotziak, eta ez LABeko arduradunek.
Labur esanda: Hernanin, LABekoa bazara, oraingo udalak defendatu egingo zaitu, eta lagundu egingo dizu, horretarako lan erreforma aplikatu behar badu ere, eta herritarren eskubideen gainetik pasatu.