Euskaldunok ohitu egin gara, gaizki ohitu, Espainiako justizia txintik esan gabe soportatzera. Audiencia Nacional deitzen den Inkisizio horretako epaileek ez dituzte Europa gehienean justiziak dauzkan estandarrak betetzen, atxilotuak torturatuko ez dituztela ere ez dute bermatzen, eta hala ere euskaldunon bizitzetan agintzen segitzen dute.
Ia bost hilabetez luzatu dira 35/02 eta 26/11 auzien epaiketaren saioak. 80 euskaldun ia astero Madrilerako joan etorrian. Herriko Tabernen kontra Garzonek hasitako makro-sumarioan epaitzen dituzte erdiak, Segiko kide izateagatik besteak. Urteak pasatu ez balira bezala, Eginen itxierak eta Egunkariarenak eta beste hainbestek ekarritako ondorioek ezertarako balio izan ez balute bezala. Nola ez dute gazte euskaldun bat asteroko joan-etorrian mareatuko (eta bide batez, gastuengatik zorretan itoaraziko) kapaz badira ETAren armak desegitearen ikuskaritza egitera etorritako aditu famatuak deklaratzera deitzeko.
Egunotan bukatuko dira epaiketako saioak. Alde batetik, lasaialdia akusatuentzako. Bestetik, kezka galanta, Audiencia Nacionaleko tonbolan bakoitzari tokatu dakiokeenagatik. Aldaketaren kimu berriren bat ernetzen ikusi nahiko genuke Madrilgo auzitegietan, baina motiboak dauzkagu ez fidatzeko.
Herritarroi “ezetz” esateko eskubidea geratzen zaigu, ez gaudela Espainiaren justizia mendekuzkoa normaltzat hartzeko prest, ez dugula onartzen Audiencia Nacionaleko epaileak izatea oztopo Euskal Herriak bizirauteko behar duen bide berria zabaldu dadin.
Euskaldunok eskubidea daukagu 80 herritarrok etxera bueltan libre ikusteko. Libre! Injustiziaren aurrean solidario izatea gure esku dago.