Lehenengo eta behin zorionak Urumeako Kronika hedabide berriari. Zorionak, besteak beste, sorrerako helburuei eutsiz berezko eremu historikoaren magalera bideratuko duelako ekimen berria. Urumeako Kronikak orain 1.000 urteko magal historiko berean burutuko du bere jarduna.
Aitzinean, Urumea ibaiak sortzen zituen erriberei eta inguruko mendi-bailarei deitzen zitzaion Hernani. Ezagutzen den idatzizko lehen aipamen fidagarria X. mendekoa da. 1014an, Iruñeko errege baskoia zen Antso III.a Nagusiaren dohaintza batean Hernaniko lurrak itsas bazterreraino direla aipatzen da, San Sebastiani eskainitako monasterio bateko lurretaraino hain zuzen ere: in finibus Ernani ad litus maris Monasterium unum, quod dicitur Sancti Sebastian…
Alegia, “Hernaniko mugetan, itsasoaren ondoan, San Sebastian esaten zaion Monasterioa eta bere lurraldea” aipatzen da Leireko monasterio beneditar, orduan euskaldunari, egiten zaion lurren gaineko hamarren zergen onuraduna izateko “lurrekin, sagastiekin, itsas arrantza tokiekin, mendi, lepo, bailara, zelai, zerga, larre, hamarren abantaila, eskaintza eta edozein ondare eta edozein moduan esandako monasterioari, inguruan, itsas barruan zein kanpoan dagozkionak, gure arbasoak eta guk geuk gaur egun arte ditugun bezala”.
Izan dezala arrakasta eta bizitza luzea proiektu berriak.