Hernaniarrok urtean zehar hainbat aldiz pairatzen ditugu turista intoleranteen ondorioak. Batik bat, larunbat gauetan etorri ohi dira, eta Hernanin dena dela posible uste dute.
Hori horrela, igande goizetan beldurrez ateratzen gara gure herriko kale zein parkeetara. Larunbat gauean parrandan ateratako zenbait bisitarik egindako txikizioak sufritzen ditugu, guk, hernaniarrok. Sarri, zuhaitzak izan ohi dira kaltetuenak. Pana parke ondoan dagoen udareondo batek, ez ditu bi aste ere iraun landatu zenetik, eta ez zegoen gaixorik, bisitari talde batek hil du. Behin eta berriz gertatzen da hori herriko hainbat lekutan dauden zuhaitzekin.
Altzariek ere jasaten dituzte kalteak. Joan den larunbatean, martxoak 18, plazako komunak puskatu zituzten, eta azken larunbat honetan, martxoak 25, txakurren kakak botatzeko zaborrontzia errotik atera eta pana parkean jaurtiki zuten. Ondoan, tamaina handiko zuhaitz bat botata agertu zen, haizearen eraginez izan zela pentsatu nahi dut.
Hori gutxi ez balitz, karabel zubi berriko kristaletako bat txikituta agertu zen baita inguruko zuhaitz bat ere duela aste batzuk.
Gertatzen den guztiaren ondorioak hernaniarrok pairatzen ditugu. Zuhaitzen ordezkapenen kostua, altzariak ordezkatu edo konpontzeak dakarren kostua, kaleetako zikinkeria, iskanbila...
Egoera honi irtenbidea aurkitu behar diogu; zuhaitzak txikituak ez izateko alternatibak badaude, hala nola, enbor lodiagoa dutenak landatu, babes gehiago eman.... gatazka sortzen duten jokabideak ekiditeko udaltzainen presentzia areagotu beharko litzateke herriko puntu ezberdinetan. Honek ezin du horrela jarraitu. Guztion borondatearekin Hernani hobeago batean bizitzea posible dela sinesten dut.
(Kronikara aurreko astean bidalitako testua)