Aurtengo Korrika Hernanin berrikuntza batekin dator, eta ez preseski parte hartuko dugunok euskara sustengatzen ‘berriak’ garelako:
Haurrek badute beraien espazio propioa ‘Korrika txikiaren eskutik’. Adinean sartuak geranontzat aldiz, gure ekarpena Korrika pasatzean txalo egitea mugatua zen. Aurten Hernaniko AEK-k Dinokorrika antolatuko du, gure neurri eta abiadurara pentsatutako korrika bat, gure herritik korrika pasa bezperan, apirilaren 3an arratsaldeko 16:00etan egingo dena. Ilusioz hartu dugu Dinokorrikaren antolatzea, AEKri eskerrak eman eta honakoa adierazi nahi diegu hernaniarrei eta Euskal Herri osoari:
Hemen gaude, adinean sartuta diren aztiak, frankismo garai ilunetako malabaristak, ekilibristak. Gure hizkuntza berriz ere argitara eman genuen artistak. Gure belaunaldiari erauzi nahi izan zioten hizkuntza, ebatsi, lapurtu. Gainera lortu zutela sinestu zuten, ez zekiten ordea guk izkutuan prestatzen ari ginela gure emankizuna, ixilpean baina gogoz entrenatzen ginen, eta momentu egokia iritsi zenean plazaratu genuen gure lana. Ezagutzen ez zutenek ere liluratuta utzi zituen ikusgarria, eta ikastolak sortu ziren, eta AEK, eta Korrika... Egun Korrika egitea zaila bazaigu ere taularatu nahi izan dugu gure emankizuna, auzolanean eraikitako zirko unibertsala da gurea, adin guztietako hizkuntzaren artista guztiak dugu parte hartzen. Eta bihar ere hor izango gara talentu berriak sustengatzen, etengabe eraberritzen bait da gure ikuskizuna. Gora hizkuntzaren malabaristak, trapezistak, herri honen ilusionistak! Euskararen artisauak.