Adostu dituzte jada aurtengo aurrekontuak Euskal Troikako gizontxoek eta beti bezala, gutxi batzuen interesen aldeko aurrekontuak izan dira. Guretzat miseria. Betiko lepotik burua. Horregatik, gure eskubide sozialen defentsan kalera ateratzeko deia egitera goaz. Izan ere, krisiaren aitzakian hainbat eskubide sozialen murrizketak jasan behar izan ditugu eta aurrekontu berri hauek, eskubide gehiago jarriko dituzte kolokan.
Horietako bat da batzuen ahotan dabilen eta murrizketa berri baten aurrean dagoen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI). Aurrekontu berrietan, gutxieneko prestazio hau eskuratzeko baldintzak gogortu dituzte eta ez dute gutxieneko soldatak jasan duen %7ko igoera sinbolikoa aplikatuko. Beste behin desjabetuok gara kaltetuak.
Egoera honen aurrean, gurean indarrean dagoen eredu sozioekonomikoaren inguruko eztabaida sakon bat irekitzea ezinbestekoa ikusten dugu. Gutxi batzuen kontrolpean eta gutxi batzuen mesedetan dagoen eredu honek ez du logikarik herritarren gehiengoaren aurrean, eta beharrezkoa da eredu berri baten gaineko eztabaida, sistema kapitalistaren baitatik at.
Aipatutako eredu neoliberalaren ondorioz, langabeziak eta prekarietateak gora egin dute, eta horrekin batera beste fenomeno berri bat zabaltzen hasi da: langile pobreena. Izan ere, sistemak eragindako neurriek langileen prekarizazioa bultzatu dute eta horrela, langileak pobre bihurtu. Jada lana eta soldata izatea ez dira pobrezia saihesteko ezinbesteko baldin-tzak. Prestazio sozialen murrizketekin egoera larriagotzen ari dira, pobrezia mugaren azpitik geroz eta herritar gehiago kokatuz. Beraz, beharrezkoa da pobrezia mugaren azpian bizi diren horientzako babes-sistema inklusibo bat.
Behin eta berriz jasandako eskubide murrizketa hauen aurrean, gure eskubide sozialak bermatzeko zein tresna ezarriko ditugun zehazteko ordua da, langile borrokaz lortu dena ez diezaguten berriz ere boteredunek lapurtu. Honekin batera aberastasunaren auzia dugu eta honen banaketa justuago bat aldarrikatzen bada ere, arazoaren jatorria aberastasuna sortzeko bitartekoen jabetzan dago, horiek herritarron esku egon ezean gutxi batzuen mesedetan jardungo du beti sistemak.
Hasi besterik ez gara egin eta horregatik, apirilaren 1ean Bilbora joateko deia egiten dugu.