2017-03-21an, Kronikan argitaratu zen Jaione Aristregik sinatutako Demokrazia kontua izenburuko artikulua. Testu ulergaitz honetan, beste gauza askoren artean, hurrengoak aipatzen dituzu:
«...alkateak biztanleriaren ahots ezberdinak entzun beharko lituzkeela»... Zuk jakin dezazun, ni, alkatea, edozein herritarrekin elkartu izan naizela beti eta entzute ariketa beti egin izan dudala.
«Nahitaezko ehun egunak pasa ondoren agindutakoa ez da betetzen ari», diozu. Nahitaezkoa ehun egunak aspaldi pasa ziren, ezta? Bi urte egitera goaz legegintzaldi honetan, 600 bat egun, alegia.
Azkenik, esaten duzu: «Gure barne gatazkei buruzko aipamenak lekuz kanpo daudela uste dugu. Klase eta elegantzia gehiago erakutsi behar da, eta zurrumurruei joera gutxiago». Gogoratu nahi dizut, Jaione, nire esku dudala zuen taldeko zinegotzi ohiaren (David Guirado) idatzia, baita zuk zeuk niri, alkateari, eta Udaleko idazkariari bidalitako mezuak ere, eta mezu horietan zuen barne gatazka islatzen duten. Beraz, ez dut zurrumurruetan oinarrituta idazten, idatzizko dokumentuetan oinarrituta baizik, batzuk zuk idatziak dira eta besteak David Guirado zure taldeko zinegotzi ohiak. Diozu «klase eta elegantzia gehiago» erakutsi behar dela eta ados nago; uste dut zuk erakutsi behar dituzula klase eta elegantzia gehiago, kalean ez ezik, udalaren jardun politikoan ere bai.