Joan den igandean Herri Galdeketa egin genuen Hernanin eta gure poza eta satisfazioa azaldu beharrean gara, 4.253 hernaniar joan ginelako botoa ematera.
Posible dela erakutsi dugu. Helburu orokor eta amankomun baten inguruan elkartzen garenean, helburu hori aurrera ateratzeko gauza garela alegia.
Eta lortu baldin badugu izan da, herri honetako jende askok eman dezaketen hura eman dutelako: denbora, esfortzua, bakoitzaren profesioko ezaguera, ideiak, eta denen eskuak lanerako prest, helburuaren bila.
Horregatik, modu batean edo bestean, lankidetza eskaini diguzuen guztioi, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu: tortilak prestatu zituzten pertsonetatik hasi eta pankarta erraldoia jartzeko garabia ekarri zueneraino; tabernariak eta merkatariak; sinadurak biltzen edo buzoneoa egiten ibili zirenetatik, lanean jardun zuen elektrizistaraino; iturginetatik, soinuaren teknikari, informatikari, argazkilari eta kazetarienganaino. Eta nola ez! Zeregin askotan, bolondres lanean aritu diren jende guztietaraino. Eskerrak denei.
Gure eskertza hau, beste hainbat taldeei ere hedatu nahi genieke: kirol taldeei hain zuzen, kulturalei ere bai, denbora librekoei, e.a. Eta baita, Herri Galdeketa hau egin zedin, publikoki bere laguntza eskaini diguten alderdi politiko eta sindikatuei ere. Mila esker guztioi zuen laguntza eta lankidetzarengatik, zuek gabe ezin izango baitgenuen egin, igandean egin genuena.
Mariaje Simon Kortadi (GED BagaGiltzaren izenean)