Hernaniar gisa, lehenik eta behin, mila esker Hernaniko Gure Esku Dago-BagaGiltza taldeari joan den igandean estatus politikoari buruzko herri galdeketa antolatzeagatik. Mila esker ere, ariketa demokratiko horretan parte hartzeko aukera eman diguzuelako. Mila esker, bestalde, gure herriko historian lehen aldiz izaera horretako ekimen bat bultzatu duzuelako. Mila esker, jakina, igandeko lehen hazi hori eraiteko aldez aurretik egin duzuen lan eskergarengatik. Mila esker, herritarron artean piztu duzuen ilusioarengatik.
Kazetari gisa, igandean bizi izan zenaren inguruan, gure uste apalean, lerroburu nagusi hau jarriko genuke: arrakasta. Batetik, herritar plataforma bat gai izan delako burujabetzaren erabilerari buruzko galdeketa batean 4.253 hernaniar aktibatzeko. Bestetik, sistema informatikoan izaniko arazoak kenduta, gorabeherarik gabeko eguna izan zelako. Hirugarrenik, dozenaka eta dozenaka boluntarioren lanari esker, igandeko galdeketa festa handia bihurtu zelako. Laugarrenik, egunean zehar antolatu zen egitarau zabalak zein martxosoak giro ederra sortu zuelako. Bosgarrenik, nahiz eta loteslea ez izan, milaka hernaniarrek argi eta garbi erakutsi zutelako prest direla abiatutako bidean beste urrats gehiago egiteko.
Ez gara gehiago luzatuko. Soilik berriro azpimarratu nahi dugu: mila esker Hernaniko Gure Esku Dago-BagaGiltza taldeari. Eta uste dugu ere esker horiek 4.253 hernaniarrek partekatzen dituztela.
Irati Sarasua Arabaolaza eta Andoni Arabaolaza Oruezabala