Euskal Herrian ‘erabakiaren aroa’ bizi dugu. Gure Esku Dago-k deituta, ehunka herri galdeketa egingo dira Euskal Herriko beste horrenbeste herri eta hiritan. Olatuz olatu, erabakitzeko eskubidea gauzatu eta burujabetzan sakonduko duen tsunami herritarra ehuntzea da helburua. Martxoaren 19an Tolosaldean, Oarsoaldean, Hernanin eta Astigarragan izango dugu hurrengo olatua.
Estatu antidemokratiko eta ustel hauen aurrean, milaka dira dependienteak izateari utzi eta Euskal Estatua eraikitzeko arrazoiak. Erabakitzeko eskubidea berme osoz eremu orotan gauzatu ahal izateko, hezkuntza eredu herritarraren alde, enplegu duin bat izan dezagun, etxebizitza eskubidea egia izan dadin, herri feminista bat eraiki dezagun, dagozkigun pentsioen alde, ustelkeriarik gabeko herri baten bidean, denon hizkuntza eskubideak bermatu daitezen, eskubide zibil eta politikoak errespetatu daitezen… azken batean, euskal herritarrok eta gazteok bestelako orain eta etorkizuna eraiki dezagun. Hain da zentzuzko aukera, non galdera ez den zergatik, baizik eta zergatik ez.
Hemen aipatu ditugunak eta beste milaka argudio gure eskualdeetara eta Gipuzkoa nahiz Euskal Herriko gainontzeko txoko guztietara zabaltzeko apustua egiten dugu. Horregatik, estatu propioaren aldeko lanketari ekiteko deia egiten diogu euskal gazteriari. Baita datorren martxoaren 19an baiezko bozka ematekoa ere.
Aukera erreala da. Denon artean, lortuko dugu. Ekin!
Gazteok independentzia, sozialismoa eta feminismoa!