Uholdeak, kirol zelaiak; Déjà-vu

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Leiza 2015ko abe. 5a, 01:00

Jose Ramon Leiza

Bederatzi hilabete pasa dira azken uholdeak izan zirela eta gai honi buruz idatzi nuela. Orduan esaten nuen bezala uholdeak izaten ja­rraituko dugu eta kaltetuenak kirol zelaiak eta hauek erabiltzen dituzten Herna­niko gazteak izango dira. Egoera honek buruhauste eta kalte ekonomiko handiak sortzen dizkie gazteen gurasoei, elkarteko entrenatzaile eta arduradunei.
Oraingo honetan, aldaketa sakona nabaritu dut kirol el­karteen erreakzioan; Errugbi eta Futbol  elkarteko lehendakariak beren ezinegona ozenki azaldu dute. Batasun eta erantzun bateratu honek poztu nau, baina beste aldetik ez dut ondo ulertu beraien jarrera. Nire iritzi apalean ez dugu errudunik bilatu behar egoera honetan (URA agentzia egiten dute erantzule). Euri­teek zelaietan duten eraginaren arrazoia beraien kokapena da nagusiki.
Horrengatik, URA agen­tziaren posizioa ez da arazo bat, baizik eta aukera bat kirol zelaiak uholdeen eraginetik urrun kokatuko dituen leku batera eramateko eta instalazio berri, moderno eta Hernaniko hurrengo gazte belaunaldientzako erreferentzi izango direnak eraikitzeko. URA agentziak uholde eremu bezala izendatzen baditu kirol zelaien eremuak, Kirol elkarteek zilegi dute Udalari (udal ordezkaritza osoari), Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari irtenbideak planteatzea.
Nire ustez ondorengo urratsak eman beharko lirateke: 1) Batzorde bat eratu udal alderdi guztiez eta kirol taldeez osatua, non batzordearen helburua kirol gune berriaren kokalekua eta diseinua izango litzatekeen, 2) Udalak finan­tziazio bideak lortzeari ekin beharko lioke, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarrita eta inplikatuak egon daitezkeen kirol Fede­ra­zioak ere tartean sartuaz, 3) Beste finantziazio bideak aztertu, Espainiako eta Euro­pako laguntza posibleri muzin egin gabe, 4) Proiektuaren eraikuntza mar­txan jarri epe ertain batean instalazio berri­ak izan ditzagun.
Noski, planteatzen dudana  erronka galanta da, baina aldi berean herriak duen behar eta arazo larri honi konponbide egokia emateko aukera zabaltzen du. Begiratu gure tamaina duten Gipuz­ko­ako zenbait herriri (Arrasate, Eibar…) eta ikusiko duzue momentu egokiak aukeratu behar direla aldaketa/inbertsio hauek egiteko. Uste dut Hernaniri tokatzen zaiola eta esfortzuak merezi duela.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!