Jose Angel Tames Ibarguren
Celulosas de Hernani zenaren produkzio arduraduna
Ehun urte baino gehiagoko enpresa hau, krisi egoera larrian zegoen 2012 urtetik. Horren ondorioz, lehiaketa prozesu batean sartu zen, eta Cominter Tisu, S.L.-ri esker, 2015eko urtarrilean eta ia hiru urtez geldirik egon ondoren, berriz ere martxan jartzea lortu zen, lehengo langileetako askorekin.
Geldialdi horretan langileok EEEak (Enplegu Erregulazioko Espedientea) izan ditugu, kobratu gabeko nominak eta kontratu guztien etetea. Ia bi urtez langabezian egon gara eta FOGASAren indemnizazioak kobratu ditugu. Aipatzekoa da epe horretan langileok enpresaren instalazioak zaindu behar izan ditugula, eta hala egin izan ezean, gaur ez litzatekeela ezer egongo.
Orain, hartzekodunen lehiaketaren azken atalean gaude. Lantegian zegoen makineria jabe berriei salduta (hauek lantegiaren hipotekaren zati bat bere gain hartu zuten eta zorraren %60 kitatu), diru kopuru bat eskuratu da eta diru hori hartzekodunen artean banatu beharko litzateke; horien artean, langileak eta Aguas de Añarbe.
Aipatutako azken erakunde honek, interes publikoaren defentsa bikaina egin du abokatu bufete handi baten aurrean, hartzekodunen lehiaketan soberan gelditu den dirua banatzeko garaian liskarra sortuz eta langileon eskubideekin lehian sartuz. Zehazki, 931.841 euro daude jokoan (Añarberekiko benetako zorra 670.000 eurokoa da, baina interesak eta gainerakoak kontuan hartuta hori da egungo kopurua) AGASAk berari dagozkiola uste du eta langileok ere gauza bera uste dugu. Egoera honetara iritsita, Lehiaketa Administrariak eta langile eta sindikatuak erakunde horrekin akordio batetara iristen saiatu dira, baina ezinezkoa izan da.
Hori ikusita, irteerarik gabeko egoera baten aurrean gaude, eta urte batzuetarako judizializazio posible baten aurrean.
Eskubidea norena den edo zilegitasun handiagoa nork duen baloratzen hasi gabe, pentsatzen dugu denontzat hobea litzatekeela akordio batetara iristea, baina Añarbeko Administrazio Kontseilua ez da iritzi berekoa, eta ez du gaia kontseiluan landu nahi izan, kideetako askok arazoaren berri izan arren.
Beste behin ere, langileak, FOGASA eta zordun asko izango gara hartzekodunen lehiaketa honetako galtzaileak.
Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiet lantegi berria irekitzen lagundu diguten guztiei: langileei, sindikatuei, abokatuei eta aurre-erretiratu bati edo besteri.
Eskerrik asko!
Jose Angel Tames Ibarguren
Celulosas de Hernani zenaren produkzio arduraduna