Humildad Platon Blanco
Nire txakurra gauetik goizera hil zen. Bederatzi hilabeteko boxerra zen. Txikia zela hartu nuen, gaixo zegoela. Jaten eman, paseatzera atera, hezi... aurrera atera nuen. Osteguna zen, eta eguneroko moduan, paseatzera atera nuen. Gauean gurekin salara etortzeko ohitura zuen, baina gau hartan sukaldean geratu zen. Arraroa iruditu zitzaidan, baina nekatuta egongo zela pentsatu nuen, logurak jota. Hurrengo goizean paseatzera ateratzeko asmoarekin gerturatu nintzen berarengana, eta han zegoen, hilda.
Ordura arte, txakurrarekin asko lagundu zidan albaitariari deitu nion, konfiantzazkoa. Txakurra pozoitua izan zenaren zantzua hartu zuen berak. Forentseari deitu zion eta honek txakurra eraman egin zuen, beharrezkoak ziren probak egin eta errausteko asmoarekin. Berehala deitu zidan. Albaitariak arrazoia zuen, pozoitua izan zen; zehazki, kotxeentzako erabiltzen den antikongelantearekin. Udaltzaingora jo nuen eta hainbat parke begiratu zituzten. Beraien atzekoan eta beste hainbat berdegunetan antikongelantea aurkitu zuten... Justu beraien atzeko parkera eraman nuen nik txakurra paseatzera, hil zen aurreko egunean... Forentseak esan zidan transparentea dela, gozoa, eta boxer arrazako txakurrei bereziki, gustatu egiten zaiela. Agustina atzean ogi zatiak ere aurkitu zituzten, azukrearekin... eta barruan arratoiak hiltzeko pozoia zuten...
Txakurrak dituzten hernaniarrak adi egotea nahi dut, eta ez dituztenei esan nahi diet ondo iruditzen zaidala, beraien erabakia dela; baina mesedez, ez minik egiteko besteen txakurrei. Txakurrak ditugunok, pertsonak bezainbeste maite ditugu.