Eguna, hain zuzen, martxoaren 19a da.
Bai, badakigu jai eguna dela eta familiako konpromisoren bat izan dezakezula. Horregatik aurreikusi dugu, aldez aurretik bozkatu ahal izango duzula, hala nahi izanez gero.
Badakigu baita ere, gure Galdeketak legearen onarpena izan ez arren, legalitate hori ukatzen dutenek, luparekin begira egongo direla lortzen diren emaitzei.
Gure hautesontziak, kartoizko kutxa apal batzuk izango direla? Jakina ba! Gure Galdeketa hiritarren plataforma batek deitu duelako. Hain zuzen, duela urtebete, honoko erronka honi aurre egiteko sortutakoa: Euskal Herriaren etorkizunari begira hiritar gehienok partekatzen dugun irtenbide demokratikoaren beharretik abiatu eta, behetik gora, orain arte sakabanatuta edo elkarren aurka bizi izan ditugun dinamika eta energiak batzen saiatuz, denok hartzen gaituen aniztasun enparantzan ilusioak metatzea.
Konpromiso, lan eta ikasketa asko eskatu digun urtebeteko ibilaldia izan da fase hau. Desberdinen artean hobeto ezagutzeko aukera eman diguna. Ibilbide luze honen oinarrizko ideia hauxe izan da: HERRI BAT GARA, ERABAKITZEKO ESKUBIDEA DUGU, HIRITARREN GARAIA DA.
Hori dela eta, edozein delarik ere zure jarrera igandeko galderaren inguruan, jakin ezazu, eskatzen dizugula, martxoaren 19an, 16 urte eginak baldin badauzkazu eta Hernanin edo Astigarragan bizi baldin bazara, joan zaitezela zure herriko mahai batera, zure nortasun-agiria edo tankerako dokumentuarekin (adi egon eskatzen diren baldintzekin), eta sar ezazula zure botoa kartoizko kutxan.
Boto bakoitza, gure garaiaren baieztapena izango da; hiritarrena; eta baita, eskubideak erabiliz defendatzen direla egiaztatuko duena ere. Ahotsarekin bai, baina batez ere botoarekin.
Martxoaren 19an, Hernanik eta Astigarragak DEMOKRAZIAREN festa bizi izango dute.
Bozkatzerakoan, erabakitzen ari zara.