Sagardotegi denboraldia iritsi da gure herrira. Hernaniko kaleak, tabernak eta plazak festaz eta sagardozaleez bete dira. Giro bikaina izan zitekeen hori benetan erasoz beteriko eremua da; izan ere, normaltzat hartzen diren eraso sexista ugari eta anitzak gertatzen dira etengabean (lizunkeriak, ukitzeak, belarri-janak, etab).
Indarkeria matxistaz ari gara. Sistema hetero-patriarkalaren oinarria eta sostengua den eta emakumeon* askatasuna mugatzea zein kontrolatzea jo puntu duen indarkeria bera. Eta gu nazkatuak gaude! Emakumeok eta feministok sagardotegi garaia gustukoa dugu, festa ere bai, eta gure herriko kaleetan gauez nahiz egunez lasai eta aske bizi nahi dugu!
Eta argi dugu. Erasotzaileei aurre egingo diegu, jarrera matxista guztiak salatuko ditugu eta emakumeon* arteko sarea sustatuz eta autodefentsa feministari ekinez askeak izango gara.
Erasotzaileak, babosoak, maromoak, nazkanteak… Hernanin ez duzue lekurik, ez zarete ongi etorriak eta aurrean izango gaituzue!
Sagardotegietara eta Hernaniko jai girora zatozten emakume* feminista guztiei dei egiten dizuegu saretu gaitezen eta denon artean erantzun dezagun sagardotegi denboraldi aske eta sano baten alde! Aldarrikapena kalean egon dadin, aurten ere, hainbat ekintza antolatu ditugu. Batu zaitezte sagar moreen ekintzetara:
- Otsailaren 25ean eta Martxoaren 18an
…. 12:00etan Tilosetan mahai informatiboa eta 12.30etan kalekintza Tilosetatik hasita.
- Apirilaren 22an Hernaniko Emakumeon* Afari Feminista: 19:00etan kalekintza eta ondoren, 21:00etan afari beganoa.
Olaia Auzmendi Sarasa
Sagar Moreen izenean (Hernaniko txotx denboraldiko asanblada feminista)