Jaione Aristregi Cao, Orain Hernani-ko zinegotzi eta bozeramailea
Urte eta erdi pasa da jada inbestidura-ekitaldia egin eta 2015-2019 legegintzaldi berria hasi zenetik. Egun hartan hunkitu egin ginen, eta ez zen izan politikara lehen aldiz aurkezten ginen herritar talde bat ginelako, ez; alkatea partehartze, transparentzia eta udaletxeari aire berria emateari buruz hitz egiten entzun genuelako baizik. Eta hau, Hernaniko udaletxean, gutxienez ilusioa pizteko modukoa izan zen, erronka bat.
Gaur arte, Ezker Abertzaleak partehartzearen eta inklusiboa izatearen aldeko diskurtsoa izan du, maitasunez betea.
Baina errealitatea eta egunerokoa dira hitz hauei zentzua ematen dietena: partehartzea, transparentzia (hainbat alditan zentzurik gabe erabiliak) eta politika ezberdina egiten dutenekin bizikidetza edukitzea. Eta honen guztiaren emaitza, Hernaniko udaletxean, izan da, gobernu taldeak oposizioari ezer ere ez uztea; Udalaz gaindiko hamaika erakundeetan, (Añarbe, Garraio agintaritza, Euskal fondoa, Aiako Harria, Behemendi, Industrialdea, San Marko, Garbitania, Udalbiltza, Eudel eta azkenik, hain esperotakoa eta maitea izan den Beterri), eta hauetan dauden hamalau postuetan ez dago oposizioko inor, ordezkari.
Alkatearen aldetik transparentzia eta partehartzerik ez dagoela erakusten duen beste keinu bat da hain garrantzitsua den Kontratazio Mahaia; ia osotasunean osatzen du Gobernu Taldeak, eta oposizioko partaide bakarra dago, boto gehien jaso zuen taldekoa.
Jakina dugu EH Bilduk Hernanin erabateko gehiengoa duela, eta horrela erakusten duela, baina opakotasunaren eta informazioaren zentsuraren inguruan haien diskurtsoan esan zutena ez dute betetzen, egungo ekintzekin.