Luis Gorrotxategi Zigaran; Mariaje Simon eta Juanjo Uria
GED-Bagagiltzako kideak
Ia urtea igaro da GED-BAGAGILTZAtik herri-galdeketa bat egiteko asmoa jendaurrean iragarri genuenetik, herritarrok antolatua eta herritarrontzat, bai Hernanin eta baita Astigarragan ere.
Orain arte egin ditugun jarduera, biltzar, laguntza-dei publiko, etab.en bidez, hau da, gure Udaberri Festaren, sinadurak biltzeko kanpainaren, kontsultari buruzko galdera adosteko partaidetza-prozesu pluralaren etab.en bitartez, gure lan egiteko modu baikor eta alaia azaltzen saiatu gara, eta, aldi berean, baita demokraziari buruz dugun ikusmoldea ere, hots, aniztasuna, inklusioa, gu bezalakoak ez direnekiko errespetua eta elkarren arteko adostasuna bilatzea bezalako balioak lantzen ahaleginduz.
Ibilbide honetan zehar zailtasunak izan dira, baita akatsak ere, baina horrek guztiak aukera emango digu, bidenabar, gure ahuleziak eta indarrak non dauden hobeto ezagutu ahal izateko. Izango dugu, bai, bidaia hau patxadaz aztertzeko astirik.
Eta orain iritsi zaigu dugun guztia M19-ra bitartean emateko ordua. Jende buru-argi, eskuzabal eta bihotz handiko askoren beharra izango duen jardunaldi bat antolatzen saiatuko gara. Esperientzia berezi-berezi bat izango da. Gure ideiak, gogoak eta ilusioak batuz, herritarrok geure gain hartuko dugu normalean administrazioarena izan ohi den lana. Garai bateko Atenasen bezala, Hernani polis bat izango da, hots, hiri/estatu bat, non herritarrok demostratuko dugun ez garela tropa bat, jende-olde manipulagarri edota artalde otzan bat, baizik eta gizarte zibil demokratiko baten eta bere erakundeen subjektu aktibo eta izateko arrazoia, ezbairik gabe.
Erronka benetan zail eta liluragarria aurrez aurre daukaguna. Normalean estatuaren eta beronen baliabide publikoen esku joan ohi den ekimen bat, boluntario-talde eskuzabal, kontzientziadun eta aktibo batean oinarritutako herritar plataforma baten esku egongo da, ondo bereizitako bi eginkizunetan banatuta: 1) batzuk demokrazia kale mailan eta jai giroan garatzeaz arduratuko dira, eta 2) beste batzuek, berriz, demokrazia hautestontzi mailan gauzatu ahal izateko ezinbestekoak diren azpiegitura eta logistika antolatuko dituzte.
Gizartearen sektore garrantzitsu batek guztiz berea egiten duen erabakitzeko eskubidea, M-19an kalera irten eta boto bidez erabakitzeko ekitaldia bilakatuko da, “BAI”, “EZ” edota “TXURI” aukerak barne, klase politikoarentzako mezu argiarekin: geure etorkizuna geuk erabaki nahi dugu.
GED-BAGABILTZAk ez du bereziki botoen norabidea baloratuko. Guk lehenetsi nahi dugun helburua, hautestontzietan herritarron parte-hartzerik handiena lortzean datza. Iritsi da, bada, erabakitze demokratikoaren aroa, eta gurea da aro berri honi ateak zabalik eusteko ardura nagusia.