Juan Batti Izagirre Santesteban eta Juan Lucas Moral ‘Pol’ - GED-BagaGiltzako kideak
Hernaniar askok galdetuko zenioten zuen buruari, ea zertaz ari garen, Bagagiltza plataformatik, martxoaren 19an, demokraziarekin eta Erabakitzeko Eskubidearekin hitzordu bat dugula diogunean.
Bagagiltza herri plataforma bat da. Herriko sentsibilitate desberdinetako hainbat jenderen elkargunea hain zuzen, eta erabakitze eskubidearen onarpenaren bueltan bildu nahi duten guztientzat zabalik dagoena. Hau da, nazio bezala (Euskal Herria), modu aske eta demokratikoan erabakitzea, lehenesten duena, eta beste eredu inposatzaileen egitura zaharkituen gainetik kokatu nahi duena.
Bagagiltzatik, modu askean bozka dezazuela eskatzen dizuegu. Hau da, Galdera pentsatu eta osatu duen batzorde zabal eta anitzak burutu duen galderaren aurrean iritzia eman dezazuela alegia. Helburua dakizutenez, eskubide demokratiko baten errekonozimenduan aurrerapausoak ematen joatea da; erabakitze eskubidearen onarpenean hain zuzen. Gure etorkizuna dago jokoan: demokrazia, bizikidetza eta justizia soziala.
Hau dugu helburu eta horren inguruan gonbidatzen zaituztegu martxoaren 19ko hitzordura.
Galdera, dakizuenez, hauxe da: Nahi al duzu Euskal Herria Errepublika burujabea eta independientea izatea?
Erabakitzen duen herria eta hiritargoa, herri eta hiritargo burujabea da, eta bizikidetzarako oinarriak zehazteko zilegitasuna dauka, eta baita, hiritarren interes orokorren gaiak eta irtenbideak antolatu eta bermatzeko ere.
Demokrazia sostengatzen duten lege garrantzitsuek, herritarren borondate orokorra bermatu behar dute. Lege horiek hiritarren zerbitzurako behar dute izan eta ez hiritarrak mendean hartzeko.
Hiritarren garaia da. Zure garaia da. Joan eta eman ezazu zure botoa.