Euskal Herria errepublika burujabe eta independientea izatea nahi dut. Bai, zalantzarik gabe eta horrelaxe adieraziko dut Martxoaren 19an, gure herrian egingo den galdeketan.
Hernanin Euskal Herria independiente batean bizi nahi dugunok sekulako erronka dugu Martxoaren 19an. Egun hori Euskal Herriaren aldeko herri mobilizazio erraldoia bihurtu behar dugu, milaka eta milaka lagun elkartu eta ozen adierazi behar dugu Euskal Herria libre izatea nahi dugula.
Guk, Katalunia, Eskozia edo Quebecq-eko herriek bezala, etorkizuna gure eskuetan hartu eta erabaki nahi dugu. Sahara, Palestina edo Kurdistaneko herriek bezala, gure ahots propioa izan nahi dugu. Burujabe izan nahi dugu, Danimarka bezala, Kuba bezala edo Hego Afrika bezala, Euskal Herriko herritarren beharrak eta nahiak defendatzeko.
Independentzia nahi dugu, justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako mundu berri bat nahi dugulako. Norabide horretan euskal independentistok egin dezakegun ekarpen garrantzitsuena Euskal Herria berri bat sortzea da. Gainontzeko herriekin eta herritarrekin borroka egingo duen Euskal Herria.
Martxoaren 19an gure etorkizunaren lehen urratsa emango dugu. Baiezko bakoitzak nahi dugun Euskal Herria lortzera hurbilduko gaitu. Herritarrok eraikitzen dugulako Euskal Herria. Ekin bideari. Euskal errepublikari bai.