Txotx denboraldiaren hasierarekin, asko dira Hernanin, eta bereziki Kaxkoan, etorriko denaren beldur diren bizilagunak. Dibertsioaren eta atsedenaren arteko oreka da, administraziotik eskaintzen zaigun zerbait; eta zoritxarrez, urtero urtero betetzen ez dena.
Komertziante batzuk urduri daude, pentsatze hutsarekin zer topatuko duten dendaren atarian, asteburutik bueltan. Taxistek lasaiago egiten dute beraien zerbitzua, patrulla bat baldin badago Elkano eta Urbieta kaleen artean. Gaueko autobusen gidariak ere lasaiago daude, autobusetan kamarak jarri dituztenetik. Kaxkoko bizilagunak, bereziki Andrekale goikoak, beste behin jasango dute iskanbila, badakite ez zaiela errespetatuko atsedenerako eskubidea, kaleak zikinduko dizkiete, lurra itsaskorra aurkituko dute, eta bakar batzuek, dagoeneko nazkatuta, etxebizitza salgai jarriko dute, bizitzaz aldatzeko esperantzan.
Zorionez, pixkanaka, gero eta gehiago gara, atsedenerako eskubidea eta hiri-ordena eskatzen dugun talde edo norbanakoak.
Udalak, Berriakek eta Kaxko elkarteak aurreko urtean hasi zuten kanpainaren ondoren, eta bizilagunen salaketa eta protestekin, orain hitza hartu du Arartekoak, edo herriaren defendatzailea, batzuek deitzen duten bezala; eta gaia enfokatuz nerabeen osasunaren ikuspegitik, udalerriei eskatu die kontrol haundiagoa, adingabeei alkohola saltzeari dagokionez. Bere ekimena txalotzen dugu, eta espero dugu, laster esango duela zerbait, bizilagun txikienetatik adinekoetara, urteak daramazkigunak atsedenerako eskubiderik gabe.
Manuel Lezertua Rodriguezek, 2015etik Arartekoa denak, administrazioei eskatu die batu eta egunez egun hobetzeko. Prebentzio neurriak hartzearen aldekoa da, konfrontaziora iritsi gabe. Gai hau, aspaldikoa izanagatik, urgente bilakatu da.
Berak dio, baita ere, adikzioen euskal legeak, iazko apirilean onartua, Udalei esleitzen diela ikertzeko eta zigorren ezartzeko funtzioak, udaltzainen bitartez.
Bestalde, txalotzen dugu Kaxko elkartearen ekimena, aisia eta atsedenari buruzko kongresu bat antolatuz.
Badirudi bide onetik goazela, baina nahiko genuke ekimen honetan parte hartzea, modu aktiboan, gure Kaxko historikoan mozkortuta ikusten ditugun nerabeen gurasoek ere.