Inork konponbiderik jartzen ez dionez, beste urte batez, Karabel auzoko bizilagunok arazo berdinarekin egiten dugu topo. Hasi da txotx denboraldi berria, gero San Juanak iritsiko dira, eta arazoa konpondu gabe segiko dugu.
Eta zein da arazoa? Herri guztietan izaten dena, gutxi gorabehera. Non aparkatu, gure ibilgailuak? Udalak, legegintzaldi honetan eta aurrekoan, bere burua zuritzen du, esanez, ikerketa egiten ari dela, zenbat plaza behar diren jakiteko. Ikerketa hori, dagoeneko master bihurtua, bukatu gabe dago, nahiz eta ez dakigun orduka kobratzen duten ala bukatu duten.
Txantxillako aparkalekua itxi zenetik, Karabelera bideratzen dira hernaniar gehienak, eta ingurutik datozenak. Bertan nahikoa toki zegoenean ez zen arazorik izaten, egun seinalatu batzuetan izan ezik. Baina etxeak egiten hasi zirenetik, Txantxillan gertatu bezala, denak etortzen dira Karabelera.
Bizilagun askok espaloiaren gainean uzten dituzte kotxeak, oinezkoen pasabideetan, edo etxebizitzen behealdeetan. Baina urtarrilaren 7tik aurrera, udaltzainen multekin egin dute topo. Ondorioz, Udalera jo dute azalpen eske, eta erantzunak multak berak baino gehiago harritu ditu.
Esan diete aparkaleku gehiago dagoenez, toki gehiago dagoela, eta hala da. Baina arazoak hor jarraitzen du, bizilagun gehiago ere bai baitago, auzoan.
Orain hilabete batzuk, bigarrenez eskatu zen Hirigintza Batzordean, bizilagunentzako aparkalekuen gune bat sortzeko eta Karabelera bideratzen duten seinaleak kentzeko, obrarekin ez baitira iragarri ziren bezainbeste aparkaleku sortu. Seinaleak kentzearena egin du Udalak, eta eskertzen da, bestela, kaosa haundiago izango bailitzateke.
Egunero aparkatzen dute etxebizitza berrietako obretako langileek, trena hartzeko kotxea bertan uzten dutenek, herrira erosketak egitera joaten direnek, sagardoaren bueltako turistek, Zubipera joaten diren kirolariek, Kaxkoko bizilagunek...
Eta ondoren, non aparkatuko dugu Karabeleko bizilagunok?