Greba eguna prestatzen herriz herri, etxebizitza eta lan-baldintzak ardatz

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Etxaniz Idarreta

40-45 lagun bildu ziren urriaren 23an Biterin, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitutako asanbladan.

Azaroaren 11ri begira, LABek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asanbladak egin dituzte Hernanin, eta greba-komiteak eratu dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Alokairua ordaintzeko soldata­ren zati handia erabili behar izatea, lan-baldintza kaskarrak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak. Horiek dira azaroaren 11ko greba orokorraren atzean dauden kezketako batzuk, eta Hego Euskal Herrian ere greba egingo da pobretzearen, errentismoaren eta prekaritatearen aurka, besteak beste, soldata duinak eta etxebizitzarako sarbidea aldarrikatzeko. Urumea bailaran ere ari dira deialdia prestatzen. Hain zuzen ere, azken bi asteetan zehar asanbladak eta greba-komiteak antolatu dira herritarren eta eragileen parte-hartzea sustatzeko. 

Etxebizitza eta lan-baldintzak, elkarri lotuta 

Buruntzaldeako LAB sindikatuko kide Euken Villasantek argi du greba ez dela etxebizitzaren auzira mugatzen. «Grebaren helburua ez da soilik etxebizitzaren eskubidea bermatzea, da prekarietatea mahai gainean jartzea, da errentismoa kritikatzea; soldata duinak eskatzeko greba bat ere bada», adierazi du. Haren esanetan, etxebizitza eta soldata eskasak dira langileen pobretzearen arrazoi nagusietako bi, eta horiei aurre egiteko neurriak eskatu dituzte sindikatutik. 

Aldarrikapenen artean dago, hain zuzen ere, martxoaren 17ko greba orokorraren muina izan zen Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzea. LABek 2026rako gutxienez 1.500 euroko soldata proposatzen du, baita erosahalmena mantentzeko soldata-igoerak eta soldata-arrakalak murrizteko neurriak ere. Etxebizitzaren arloan, alokairuen prezioak jaistea, merkatuan esku hartzea, etxegabetzeekin amaitzea eta etxebizitza publikoaren parkea handitzea eskatzen dute, besteak beste. Neurri horien bidez, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta patronalei presioa egin nahi die sindikatuak. 

LABez gain, beste zenbait sindikatu ere lanean ari dira greba orokorraren bueltan, eta horietako bat da Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Sindikatuko kide den Nahikari Mateok etxebizitzaren arazoari irtenbide sakonak emateko beharra azpimarratu du. Haren ustez, greba aukera egokia da auzia berriz ere erdigunean jartzeko eta langileen bizi-baldintzak hobetzeko antolaketa indartzeko. «Gure ustez garrantzitsua da testuinguru elektoraletik kanpo kokatzea greba hau», azaldu du Mateok, eta gaineratu du grebak langileen eskubideak defendatzeko tresna izan behar duela, interes partidistetatik harago. 

Asanbladetatik greba-komiteetara 

Aldarrikapenak herritarren artean zabaltzeko eta greba antolatzen hasteko, bi eragileek asanbladak egin dituzte Hernanin. LABek urriaren 22an egin zuen berea, Biterin, eskualdeko kide eta herritarrekin deialdiaren nondik norakoak landu asmoz. Villasantek azaldu duenez, helburua zen grebaren zergatia azaltzea, aldarrikapenak kokatzea eta mobilizazioen berri ematea. «Sindikatutik harago herrian ere sozializatu nahi genuen gai guzti hau», esan du. 

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, berriz, urriaren 23an egin zuen asanblada. Mateok emandako datuen arabera, 40-45 lagun inguru bildu ziren, helduak zein gazteak. «Etxebizitzaren auziak kezkatzen dituen edota antolatzen hasi nahi duten profilak gerturatu ziren», azaldu du. Asanbladaren helburua grebaren inguruko irakurketa partekatzea eta hurrengo egunetako lana prestatzea izan zen, etxebizitzaren auziarekin kezkatuta dauden herritarrei parte hartzeko aukera emanez. 

Asanblada horien ondoren, sindikatu deitzaileak batu eta greba eguna herriz herri antolatzeko komiteak osatu dituzte. Urriaren 28an bildu ziren Urnietan; urriaren 29an, Hernanin eta Andoainen; eta urriaren 30ean, Lasarte-Orian. Komite horien bidez, greba eguna antolatzeko lanean aritu dira, eta eskualdeko herritarrak, sindikatuak eta gainerako eragileak koordinatzea izan dute helburu. Mateok azaldu duenez, greba egunera iritsi bitartean komite gehiago antolatzeko asmoa dute. 
 

Azaroaren 11ra begira 

Greba egunerako egitaraua ze­haz­tea da antolaketa-lan horren beste helburuetako bat. LABek azaroaren 11n, arratsaldean, eskualdeko mobilizazioak egitea du aurreikusita, eta Urumea bailarakoa Hernanin egingo dela ia ziur du sindikatuak. «Goizeko manifestazioa Donostiara bideratuko litzateke», zehaztu du Villasantek. Hala ere, oraindik ere egitarau osoa itxi gabe dago.

Azaroaren 11ra arte egun batzuk geratzen dira oraindik, eta Urumea bailarako eta Buruntzaldeako sindikatuak eta gainerako eragileak lanean ari dira greba prestatzen. Herriz herriko bilerak eta antolaketa-lanak ez dira amaitu: mobilizazioak zehazteaz gain, grebaren arrazoiak herritarrengana eramaten jarraitu nahi dute. Etxebizitzaren arazoa eta lan-baldintzak ardatz hartuta, azken txanpan ere jo eta su ari dira, azaroaren 11n ahalik eta herritar gehien kalera atera daitezen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!