Bizum: lagunen arteko ordainketetatik saltokietara

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Etxaniz Idarreta 2026ko maiatzaren 31

Saltokiek sistema aktibatu dezakete dagoeneko, nahiz eta erabiltzaileen ohiturak, oraingoz behintzat, ez diren aldatu.

 

Berritasunak ez du harrabots handirik sortu, baina Bizumek beste urrats bat egin du ordainketa digitalen merkatuan: joan den astelehenetik aurrera, erabiltzaileek saltoki fisikoetan ere sistema honen bitartez ordain dezakete, mugikorra datafonora hurbilduta. Orain arte, Bizum batez ere partikularren arteko diru-transferentzietarako eta online erosketetarako erabiltzen zen; hemendik aurrera, ordea, denda fisikoetan bere lekua izango du. Gertakariak bankuen eta ordainketa digitalen sektorearen estrategia zabalago bati erantzuten dio: Visa eta Mastercard bezalako txartel-sare tradizionalen menpekotasuna murriztea eta kontutik kontura egiten diren berehalako ordainketak sustatzea.

Sistema berriak, funtsean, gaur egun Apple Pay edo Google Pay bidez egiten diren ordainketen antzera funtzionatzen du. Erabiltzaileak ez du aldaketarik nabarituko: mugikorra desblokeatu eta TPV edo datafonora hurbildu behar du, ordainketa segundo gutxitan egiteko. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik desberdintasunik: modu berriarekin ordainduz gero, dirua zuzenean banku-kontuen artean mugitzen da, txartel-sare klasikoetatik iga­ro beharrik gabe. Horrek, teoriaren arabera, merkatarientzat kostuak zertxobait murriztuko ditu eta ordainketak berehalakoago bihurtuko.

Hala ere, sistema berri honen hedapena pixkanakakoa izango dela iragarri dute zerbitzuaren arduradunek. Ez saltoki guztiek, ez banku guztiek, ez dute sistema lehen egunetik aktibatuta. Hernanin, ordea, teknikoki martxan dago dagoeneko. Hori azaldu du Olatz Egaña Otegik, Hernaniko Berriak elkarteko kideak: «Hernanin, berez, datafonoetan dagoeneko zabalduta dago aukera; establezimendu bakoitzak egin behar duena da datafonoa eguneratu, TPVa eguneratu, eta jada martxan egongo litzateke».

Teknologia prest egon arren, erabilera oraindik oso mugatua dela dio Egañak. Herritarren ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta lehen bi aste hauetan zehar bezeroek ordainketak egiteko ohiko bideak erabiltzen jarraitu dute: txartela, mugikorra edo eskudirua. «Herritarrak oraingoz ez dira saltokietara joan Bizum bidezko zerbitzu hori eskatzen», azaldu du merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteko kideak. Horren ondorioz, dendariek ere ez dute presarik sumatzen sistema berria lehenesteko.

Gainera, hain justu Hernanik badu ordainketa digitalen berezko beste ezaugarri bat: Ekhi tokiko moneta digitala. Herriko merkataritzan kontsumoa sustatzeko sortutako sistemak urteak daramatza martxan, eta erabiltzaile askok dagoeneko badute mugikorraren bidez ordaintzeko ohitura. Horrek ere eragina izan dezake Bizumen aukera berriak izango duen harreran. «Hernanin gertatzen dena da Ekhiak ere badauzkagula, eta hor sistema bat badaukagu jada ordainketak errazten dituena», dio Egañak.

Berriak elkarteko kidearen arabera, merkatariek oraindik informazio gutxi dute berritasunaren inguruan. Albisteetan entzundakoa da gehienek dakitena. Elkarteak berak ere datozen asteetan herriko establezimenduei informazioa eskaintzeko asmoa du, zerbitzu berriaren inguruko xehetasunak azaltzeko. «Guk ere badaukagu asmoa gure bazkideak eta herriko establezimenduak informatzeko», azaldu du Egañak.

 

Berehalako ordainketak eta komisio txikiagoak dendarientzat

Ordainketa modu berriak hainbat abantaila ekar ditzakeela uste dute sektoreko eragileek. Segurtasuna da gehien aipatzen den alderdietako bat. Egañaren esanetan, «txartela baino seguruagoa dela diote adituek». Gainera, Bizum erabilita ere establezimenduek ez dute nahitaez erabiltzaileen telefono zenbakirik gorde behar, eta ordainketak berehalakoak dira, txartelarekin ordaintzean ez bezala. Merkatarientzat beste puntu garrantzitsu bat komisioena izan daiteke. Gaur egun txartel bidezko ordainketek kostu jakin bat dute saltokientzat, eta sektoreak espero du Bizum bidezko sistemak gastu txikiagoa ekarriko duela, nahiz eta oraindik ez dagoen tarifa homogeneorik zehaztuta.

Nola ez, banketxeek era badute zer irabazi Bizum bidezko ordainketekin. Orain arte zerbitzu hori eskaintzeak kostua suposatzen zuen bankuentzat, erabiltzaileen arteko transferentziak doan edo ia doan eskaintzen baitzituzten, etekin ekonomiko zuzen handirik lortu gabe. Saltoki fisikoetara salto egitearekin diru-sarrera berriak sortzeko aukera irekitzen zaio banku-sektoreari, merkatariei kobratuko zaizkien komisioei esker. Aldi berean, Europako bankuek AEBetako ordainketa azpiegiturekiko mendekotasuna txikitu nahi dute, eta horrexegatik, kontutik kontura egiten diren ordainketak estrategikotzat jotzen dituzte.

Hala ere, kaleko errealitatea motelago doa. Hernanin, behintzat, ez dute uste Bizum bidezko ordainketek epe motzean txartela ordezkatuko dutenik. «Berriaketik uste dugu jarraituko direla erabiltzen ordainketa modu konbentzionalak», berretsi du Egañak. Bere ustez, modalitate hori online erosketetan da erosoagoa, erabiltzaileak ez dituelako txartelaren zenbakiak sartu behar, telefono zenbakia erabilita nahikoa baita. Denda fisikoetan, ordea, erosotasun hori ez dute horren argi ikusten, erabiltzaile askorentzat txartela karteratik ateratzea oraindik ere azkarragoa baita. Horregatik, Berriakeko kideak uste du mugikorrarekin ordaintzera ohituta dauden erabiltzaileek egingo dutela trantsizioa errazago Bizumera, baina gainontzekoentzat ez dela hain automatikoa izango.

Gauzak horrela, berretsi daiteke Bizumen aurrera pausoak ez duela berehalako iraultza ekarri herriko merkataritzan. Teknologia berria aktibatuta dago, baina erabilerak eta ohiturek markatuko dute benetako eragina. Oraingoz, behintzat, Hernanin txartelak eta ohiko ordainketa moduek dute nagusitasuna. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!