Kilometro gutxira, bi errealitate ekonomiko

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Etxaniz Idarreta 2026ko apirilaren 25a

Garazi Etxaniz Idarreta

Apirila iritsi eta, urtero legez, abiatu da berriro ere errenta aitorpenaren kanpaina. Aste hauetan milaka herritar ari dira iazko datuak biltzen, kontuak egiten eta ogasunari zer dagokion (eta zer ez dagokion) zehazten. Errenta aitorpena ariketa pertsonala izanik ere, norberaren kontuez harago, datu horiek inguruko errealitate ekonomikoa ulertzeko ere balio dute: zenbat irabazten da gure inguruan? Eta zertan desberdintzen dira herriak elkarren artean? 

Urumea bailarari dagokionez, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) argitaratutako azken datuek (2023 urtekoek) eskaintzen dute galdera horien gainean hausnartzeko abiapuntu sendoa, nahiz eta xehetasunez Astigarraga eta Hernaniko informazioa soilik eman, eta ez ordea, Ereñotzu, Arano edo Goizuetakoa.

Errenta altuagoak Astigarragan

Datu nagusiek berehala erakusten dute bi herrien artean badela alde nabaria. Astigarragan batez besteko errenta pertsonal osoa 29.124 eurokoa da; Hernanin, berriz, 24.705 eurokoa. Antzeko tartea dago errenta erabilgarrian, hau da, zergak eta kotizazioak kenduta geratzen den diruan: 24.150 euro Astigarragan eta 20.865 euro Hernanin. Beste modu batera esanda, batez beste Astigarragako herritarrek diru gehiago dute esku artean eguneroko gastuei aurre egiteko. 

Hala ere, batez bestekoak ez dira beti adierazle fidagarrienak, muturreko balioek (oso errenta altuek edo baxuek) errealitatea desitxuratu dezaketelako. Horregatik, neurketetan mediana ere kalkulatzen da: biztanleria erdi-erditik banatzen duen muga da; alegia, biztanleriaren %50ak medianak markatzen duen kopuru hori baino gehiago irabazten du, eta beste %50ak gutxiago. Batez bestekoa baino datu fidagarriagoa da, muturreko soldata oso altuek ez dutelako emaitza puzten. Hala, Eustatek eskainitako medianari erreparatuz gero ere, bi lekuen arteko desberdintasuna azpimarragarria da: Astigarragan 26.582 eurokoa da mediana, eta Hernanin 21.950 eurokoa. Hortaz, erreferentziazko herritarra hartuta, biztanleen egoera ekonomikoa hobea da Astigarragan. 

Errenta pertsonal osoen banaketa xehe-xehe aztertzean ere antzeko irudia ageri da. Beheko tarteetan, adibidez, biztanleen %25ek 10.406 euro edo gutxiago irabazten dituzte Hernanin; Astigarragan, muga hori 13.714 eurokoa da. Goiko muturrean ere, hau da, errenta handienak dituzten biztanleen %5 aztertuta, aldeak mantendu egiten dira: gehien irabazten dutenek 63.793 euro baino gehiago irabazten dituzte Astigarragan, eta 57.415 euro baino gehiago Hernanin. Horrek erakusten du desberdintasuna ez dela soilik batez besteko kontua, baizik eta errenta maila guztietan gertatzen dela. 

Bi herrien arteko desberdintasun hori, batik bat, lanaren errentari dagokio. Izan ere, soldatek osatzen dute biztanleen diru-sarreren zatirik handiena. Soilik laneko soldatetatik lortutako irabaziak kontuan izanda, tarteak handia izaten jarraitzen du: 20.330 euro Astigarragan, 14.840 euro Hernanin. Gainerako osagaiek (kapitalaren errentek edo jarduera ekonomikoek) pisu txikiagoa dute eta ez dute horrenbesteko diferentziarik sortzen. Aldiz, transferentziek (pentsioak, langabezia-prestazioak eta bestelako laguntza publikoak) kontrako joera erakusten dute: Hernanin handiagoak dira (7.474 euro) Astigarragan baino (5.787 euro). Datu horrek iradokitzen du Hernanik populazio zaharragoa duela, pentsiodun kopuru handiagoarekin, edota gizarte-laguntzen beharra duten kolektibo gehiago bizi direla bertan. Astigarragan, berriz, nagusitu egiten da profil gazteagoa eta lan-merkatuan aktiboagoa den herritarren kopurua.

Lan-merkatuaren pisua eta genero-arrakala

Errenta desberdintasun hori­ek ulertzeko, ezinbestekoa da lan-merkatuari begiratzea. Eus­­tatek eskaintzen dituen azken hiru urteetako bilakaerak (2022-2024) joera argia marrazten du. Astigarragan langabezia tasa %3,9ra jaitsi da; Hernanin, %5,4koa da. Lehen begi-kolpean zenbatekoak antzekoak direla pentsa daiteke, baina gainerako adierazleekin batera interpretatuz gero, argi geratzen da Astigarragan jende gehiagok duela soldata bat, eta horrek azaltzen duela, neurri handi batean, bi herrien arteko errenta-arrakala.

Izan ere, okupazio tasa (lan egiten duten pertsonen proportzioa) nabarmen handiagoa da Astigarragan: %67,8koa, Hernaniko %56,2ren aldean. Eta jarduera tasa (lan-merkatuan dauden pertsonena, lanean zein lan bila) ere altuagoa da: %70,5ekoa Astigarragan eta %59 ingurukoa Hernanin. Hau da, Astigarragan langabezia gutxiago egoteaz gain, jende gehiago ari da lanean edo lan bila, eta horrek zuzenean eragiten du arestian aipatutako errenta mailaren batez bestekoan. 

Bi udalerrietan berdin-berdin errepikatzen den joera bat bada, ordea, eta genero-arrakalarekin du zer ikusia. Datuak esanguratsuak dira: Astigarragan, gizonen mediana 31.210 eurokoa da, eta emakumeena, aldiz, 21.667 eurokoa; ia 10.000 euroko aldea dago. Hernanin ere antzekoa gertatzen da: 26.982 eurokoa da gizonen mediana eta 17.453 eurokoa emakumeena. Hau da, bi kasuetan emakumeen errenta nabarmen baxuagoa da, eta desberdintasuna ez da muturreko kasuetara mugatzen: errenta maila guztietan gertatzen da. Emakumeen medianak ez du lortzen gizonen errenta mailara hurbiltzea ere, eta horrek agerian uzten du lan-merkatuan emakumeek dituzten baldintzak (aldi baterako kontratuak edo lanaldi murriztuak, esaterako) egiturazko arazoa direla bailara osoan. 

Azken batean, datuek argi erakusten dute Urumea bailarako egoera ekonomikoa ez dela homogeneoa. 2023ko argazkiak, oraingoz eskuragarri dagoen zehatzena, bi errealitate hurbil baina ezberdin uzten ditu agerian: alde batetik, lan-merkatuan presentzia handiagoa eta errenta altuagoak dituen Astigarraga; bestetik, errenta apalagoak eta transferentzien pisu handiagoa duen Hernani. Errenta aitorpenaren garaian, datu hauek testuinguru zabalago batean kokatzeko balio dute, norbanakoaren kontuetatik harago, komunitate oso baten egoera ekonomikoa ulertzeko.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!