Erregaien prezioa sutan

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Etxaniz Idarreta 2026ko martxoaren 29a

Hernaniko Akarregiko gasolindegian ere nabaritu da prezioen igoera, martxoko aurreneko hiru asteetan.

Ekialde Hurbileko tentsioek eta nazioarteko merkatuen mugimenduek eragina izan dute Urumea bailaran ere, azken asteetan gasolindegietan antzeman den moduan.

Azken asteetan ia saihestezina bihurtu da gasolindegitik pasatzean prezioen panela begiratzea. Litroaren prezioa igotzen joan da egunak pasa ahala, zentimoz zentimo baina etengabe. Hernaniko eta Astigarrako gasolindegietan ere nabaritu dira aldaketak, nahiz eta igoeren arrazoia Urumea Bailaratik urrun egon.

Izan ere, prezioen gorakada ulertzeko nazioarteari erreparatu behar zaio: azken asteetako gorabehera geopolitikoei eta Europak energiaren arloan duen mendekotasunari.

 

Gatazkaren nondik norakoak

Otsailaren amaieran piztu zen krisiak petrolioaren merkatua astindu du. Zehazki, otsailaren 28a izan zen inflexio puntua, egun horretan abiatu baitzuten AEBk eta Israelek Iranen aurkako ofentsiba militarra. Donald Trumpek esan zuen Irani egindako erasoaldia «mehatxu» baten aurrean «saihestezina» zen erantzuna izan zela; Iran, ordea, ez zen geldirik geratu, eta drone eta misil bidezko erasoak egitea ez ezik, Ormuzeko itsasartea ixteko erabakia iragarri zuten.

Ormuzekoa pasabide estrategikoa da, bertatik igarotzen baita gaur egun munduko petrolio eta gas horniduraren %20 inguru. Horrexegatik, mugimendu horrek berehala piztu zituen nazioarteko alarmak, eta hornidura globalaren etenaldiak ekar zezakeen krisiari so geratu zen munduaren zati handi bat. Egora horrek eragin berezia du Europan, kontinenteak kanpoko energia-iturriekiko duen mendekotasun handia dela-eta: Eurostat erakundeak argitaratutako datuek diotenez, Europan kontsumitzen den energiaren %57-%58 inportatzen da. Ildo beretik, Gonzalo Escribano energian adituak duela gutxi honakoa baieztatu zuen: «Europaren estrategia ez litzateke izan behar norengandik inportatzen ditugun fosilak; baizik eta gutxiago inportatzea eta gure autonomia estrategikoa handitzea».

Dena dela, Ormuzen istilua ha­si zenetik ziurgabetasuna erabatekoa izan da, gatazkak ez baitu ez atzera ez aurrera egin. Azken astean, Trumpek elkarrizketen aukera aipatu du, akordio batera iritsi asmoz, baina testuinguruak aldakorra izaten jarraitzen du. Bitarte horretan, merkatuetan prezioen gorakada argiak antzeman dira. Gasolindegietako prezioak begiratu besterik ez dago.

 

Zentimoz zentimo, baina gorantz

Hernaniko Akarregi auzoko gasolindegian, esaterako, otsailaren 20an gasolina litroa 1,549 euroan zegoen, eta hurrengo astean zehar ere ez zen aldaketarik nabaritu. Martxoaren hasieran, ordea, lehen igoera iritsi zen: gasolinak 1,579 eurora egin zuen salto eta dieselak 1,549 eurora. Ordutik pixkanaka-pixkanaka igotzen joan dira prezioak, eta martxoaren 21ean, gatazkaren tentsio betean, prezioak nabarmen altuagoak ziren: gasolina 1,829 eurora iritsi zen, eta diesela are gehiago garestitu zen, 1,969 eurora iritsi arte.

Antzeko bilakaera izan du Astigarragako Donostia ibilbideko gasolindegiak ere: martxo hasieran 1,489 eurotan zegoen gasolina, eta hiru aste eskasetan ia 30 zentimo garestitu zen, 1,789 eurora arte. Dieselaren bilakaera ere parekoa izan zen: 1,389 eurotik 1,889 eurora.

Astero depositua betetzen duen gidari baten kasura eramanda, 50 litroko depositu arrunt batean, otsail amaieran gasolina 1,55 euro inguruan zegoenean, betetzeak 77 euro inguruko kostua zuen; martxoaren erdialdean, prezioa 1,82 eurora iristean, berriz, 91 eurora igo da. Hau da, aste bakarreko betetze bakoitzean ia 14 euro gehiago ordaindu behar izan ditu erabiltzaileak. Hilean lau aldiz errepikatuz gero, igoerak 50 eurotik gorako gainkostua suposatzen du.

Azken egunetan, ordea, prezioek beheranzko zuzenketa txiki bat izan dute. Martxoaren 25ean, Hernanin gasolina 1,599 eurora jaitsi da, eta Astigarragan 1,549 eurora; dieselaren kasuan ere epe berean prezioak merkatu egin dira: Hernanin 1,839 eurotan aurki zitekeen eta Astigarragan 1,719 eurotan. Jaitsiera hori ez da kasualitatea izan: nazioarteko testuinguruan, tentsioa apaldu izanaren seinale da, neurri batean behintzat. Azken egunetan, Trumpek Iranekin akordioa ixteko aukera aipatu izanak itxaropen pixka bat sortu du merkatuetan, eta milaka kilometrora egindako adierazpenak izanik ere, eragina dute tokiko gasolindegietan.

 

Neurriak mahai gainean

Nazioarteko testuinguruak ez ezik, hemen hartutako erabakiek ere badute eragina prezioen bilakaeran. Izan ere, azken egunetako jaitsiera ulertzeko, merkatuen erreakzioez gain, kontuan hartu behar dira administrazio publikoek gatazkari erantzuna emateko hartutako neurriak ere.

Martxoaren 20an, Pedro Sán­chez buru duen Espainiako Gobernuak erregaiaren BEZa %21etik %10era jaistea erabaki zuen, prezioen gorakadari aurre egiteko asmoz. Neurri horrek zuzenean eragiten du kontsumitzaileak or­daintzen duen azken prezioan, eta, hein batean, isla izan du azken egunetako gasolindegietako paneletan ikus daitekeen zenbatekoen beherakadan.

Eusko Jaurlaritzak aurrea hartu zion Sánchezi, ordea, eta martxoaren 17an beste zenbait neurri iragarri zituen, nahiz eta kasu horretan fokua ez zen zuzenean kontsumoan jarri, baizik eta ekonomiaren egituran. «Industria-ezkutua» deitu duten planaren bidez, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioa bideratuko dute, batez ere enpresa txiki eta ertainak babestera, finantzaketa erraztera eta epe ertainera energiarekiko mendekotasuna murriztera.

Orain, egunez egun zer gertatzen den ikustea besterik ez da geratzen: gatazka baretu egingo den ala luzatuko den. Ez litzateke harritzekoa izango artikulu hau argitaratzen denerako Etxe Zuriko ahalguztidunak berriro ere mundua hankaz gora jarri izana…

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!