Martxoaren 17an greba orokorra egingo da Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren alde. Deialdia LAB, ELA eta beste hainbat sindikatuk egin dute, eta azken asteotan antolaketa lanetan dabiltza Urumea bailaran ere. Hernanin eta Astigarragan, beste herri askotan bezala, greba batzordea osatu dute. Helburu dute eskualdean ere martxoaren 17ko mobilizazio entzutetsua antolatzea.
Grebaren oinarrian dagoen aldarrikapena argia da: Hego Euskal Herrian lan egiten duten langileentzat gutxieneko soldata ezartzea, 1.500 eurokoa gutxienez, bertako bizi kostuari eta errealitate sozioekonomikoari egokitutakoa izan dadin. «Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar da», baieztatu du Buruntzaldeko LABeko eta Hernaniko greba batzordeko kide Asier Ormazabalek.
1.500 euro, gutxienez
Sindikatuek hilabeteak daramatzate Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioaren alde borrokan, eta hainbat bide erabili dituzte helburu hori lortzeko.
Batetik, 2025eko abuztuan Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesten zuten 140.000 sinadura bildu zituzten, eta proposamena Nafarroako zein EAEko Legebiltzarretara eraman zuten; alderdi nagusiek (EAJk eta PSE-EEk), ordea, ekimena blokeatu zuten. Bestetik, patronalarekin ahalegindu ziren eztabaidatzen, baina saiakera hartan ere «atea itxita» aurkitu zuten. «Blokeo horren aurrean, hausnarketa egin genuen eta erantzun egokiena greba orokorra zela ondorioztatu genuen, gaia desblokeatzeko», dio Ormazabalek.
Sindikatuen arabera, azken hamarkadako datuek agerian utzi dute soldatetan desoreka dagoela: 2013tik 2023ra bitartean, enpresa handien irabaziak %53 handitu ziren eta KPIa (ondasun eta zerbitzuen prezioen bilakaera) %24 igo zen; soldatak, aldiz, %16 baino ez. Horrez gain, Ormazabalek gogorarazi du Europak herrialdeei ematen dien gomendioa honakoa dela: gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60 izatea. Kalkulu horren arabera, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldatak 1.600 euro ingurukoa izan beharko luke. «Lehen urrats gisa 1.500 euroko langa proposatzen dugu, hortik behera ordainsariak ez direlako egokitzen gure prezioetara eta bizi mailara», azaldu du Ormazabalek.
Prekarietateak aurpegi zehatza du
Berria egunkariak duela aste pare bat eginiko elkarrizketan, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak segurtatu zuen gutxieneko soldatak langileen %3ri eragiten diela, eta hori «ez dela nahikoa» greba orokor batera deitzeko. Aitzitik, Ipar Hegoa Fundazioak eta EHUko irakasle eta adituek argitaratutako azken txostenak beste zenbateko batzuk planteatu ditu.
Urumea bailarako datu zehatzik egon ez arren, ikerketak erakusten du bost langiletik batek 1.500 eurotik behera kobratzen duela. Horietatik bi emakumeak dira, eta 30 urtetik beherakoen %25 ere talde horretan sartzen da. Guztira, 240.000 langile inguru daude egoera horretan, eta horietatik 120.000 inguru Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira. «Hortaz, prekarietateak aurpegi zehatza du: emakumeena, gazteena eta migratuena», laburbildu du LABeko kideak.
Sektoreka aztertuta ere egoera desberdinak aurki daitezke. Industrian, esaterako, Ormazabalek dio (salbuespenak salbuespen) soldatak 1.500 eurotik gora egon ohi direla; kontrara, eta besteak beste, zaintzaren sektorean egoera bestelakoa da. «Zaintza zentzu zabalenean ulertuta: bertan pilatzen da prekarietate handiena, eta hor ari dira lanean gehienbat emakume, gazte eta migratzaileak, hain zuzen ere».
Greba batzordeak martxan
Testuinguru horretan, Hernanin zein Astigarragan greba batzordea eratu dute, eta bilerak egiten ari dira grebaz hausnartu eta eguna antolatzeko. Deialdia sindikatuek egin badute ere, batzordeak irekiak dira eta askotariko eragileak ari dira parte hartzen: mugimendu feministako kideak, pentsiodunak, AEKko ordezkariak, baita norbanakoak ere. Hernaniko lehen bileretara 25 lagun inguru bertaratu dira, baina Ormazabalek baieztatu du eragile bakoitza bere inguruan jende gehiago mobilizatzen ari dela. «Plangintza kolektiboa osatzen ari gara», ziurtatu du. Astigarragan ere antzeko dinamika abiatu dute aste honetan bertan.
Enpresetan, berriz, pixkanakako lana egiten ari dira. ELAk eta LABek ordezkaritza duten lantokietan batzarrak antolatzen hasi dira, eta ordezkaritzarik ez dagoen konpainietara ere informazioa eramaten ari dira. «Kooperatibetan ere egin dugu lanketa berezia, bertakoek deialdiarekin bat egin dezaten», gaineratu du Ormazabalek. Lortzen ari diren emaitzekiko baikor agertu da sindikatuko kidea.
Oraindik greba eguna iritsi arte pare bat aste falta diren arren, martxoaren 17ko egitaraua zehazten hasi dira jada. Goizean goiz piketeak aurreikusi dituzte herrietan barrena, eta Hernanin zaintza-gune bat jarriko dute, parte hartu nahi dutenek seme-alabak non utzi izan dezaten. Goizeko manifestazioak hiriburuetan izango dira, kasu honetan Donostian, eta arratsaldean eskualde mailako mobilizazioa egingo da Hernanin.
Parte hartzeari dagokionez, optimista da Ormazabal. Haren ustez, grebak «herri eta langile gisa indar posizio batean jarriko gaitu», eta etorkizuneko hitzarmen kolektiboak negoziatzeko ere balio izango du, baita «patronalaren aurrean ahalduntzeko» ere. Horregatik, grebaren garrantzian azpimarra egin du LABeko kideak: «Hego Euskal Herrian ditugun lan baldintza duinak ez dira kasualitatea, antolakuntza eta borroka sindikalaren ondorio baizik», berretsi du.
Greba egunetik harago, sindikatuek adierazi dute gutxieneko soldata hemen erabaki ahal izateko hainbat bide zabalik dituztela: patronalarekin eta erakundeekin elkarrizketa berriro aktibatzea, indar politiko batzuekin lege proposamenak aurkeztea edota Espainiako Langileen Estatutuko 27. artikulua erreformatzeko aukera aztertzea, azken hori «zaila izan arren». Bitarte horretan, deia egin dute, eragile eta norbanako guztiek martxoaren 17ko grebarekin bat egin dezaten. «Guztion bizi baldintzak baitaude jokoan».