Hogeita bi urtez eguneratu gabe egon da osasun sistemako langileen Estatutu Markoa, zeinak sektoreko orotariko langileen lan baldintzak eta eskubideak arautzen dituen. 2003az geroztik, osasun-sistema errotik aldatu da: lan-kargak handitu dira, profesionalen falta areagotu da eta lan-baldintzak eguneratzea ezinbesteko bihurtu da. Pare bat hilabete pasa dira Espainiako Osasun Ministerioak Estatutua berritzeko lege-aurreproiektua aurkeztu zuenetik, baina prozesuak gatazka piztu du medikuen kolektiboan.
Izan ere, sendagileek uste dute aurkeztutako proposamenak ez duela euren errealitatea behar bezala aitortzen, eta, ondorioz, grebak eta mobilizazioak ugaritu egin dira azken hilabeteetan. Espainiar Estatuko greba deialdiak izan arren, Gipuzkoan zein Hego Euskal Herrian ere oihartzuna izan dute manifestazioek, eta eragina izan dezakete, besteak beste, Astigarragako zein Hernaniko osasun zentroetan. Are gehiago, aldaketarik izan ezean, kolektiboak asmoa du ekainera bitartean hilero astebeteko grebak egiteko.
Lan asko eta
ordezkaritza gutxi
Gatazkaren muina negoziazio- prozesuan bertan sortu da. Estatutu Marko berria Espainiako Osasun Ministerioak eta Negoziazio Eremuko sindikatu nagusiek negoziatu dute (SATSE-FSES, CCOO, UGT, CSIF), baina medikuen sindikatu espezifikoak (SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta SMN Nafarroako Medikuen Sindikatua, kasu) elkarrizketatik kanpo geratu dira. Are gehiago, SME Euskadik jakinarazi duenez, medikuek ordezkari bakarra dute negoziazio-mahaian, zeinak ez duen boto eskubiderik.
Sendagileen iritziz, aurkeztutako lege-aurreproiektuak ez du behar bezala jasotzen haien errealitate espezifikoa. Aldarrikapen nagusien artean dago medikuentzako estatutu propio bat, edo, gutxienez, haien lan-baldintza bereziak espresuki aitortuko dituen araudi bat. Sendagileek salatzen dute profesionalak izateko prestakuntza-prozesua askoz ere luzeagoa dela gainerako funtzionarioena baino, eta espezializazioa betetzera iritsi arte urte askotako ibilbidea egin behar dutela. Horri lotuta, lan-karga handia eta ordutegi luzeak dituztela ere azpimarratu dute: ohikoa da etenik gabe 24 orduko guardiak egitea, eta aparteko ordu horiek ez dira behar bezala ordaintzen, ezta erretirorako kontuan hartzen ere.
Hala, medikuek eskatzen dute 24 orduko guardia horiek desagerraraztea eta gehienez ere 17 ordura mugatzea, aparteko lanorduak borondatezkoak izatea, eta lanaldi arruntetik kanpo egindako orduak lanaldi gisa aitortzea. Halaber, langile faltak eragindako gainkarga, lanaren nekagarritasuna eta arriskua aitortzea ere eskatzen dute, argudiatuta osasungintzako beste kolektibo batzuek ez dituzten baldintzak pairatzen dituztela.
Mobilizazioen presio pean, pasa den astelehenean, urtarrilaren 26an, Osasun Ministerioak eta sindikatu nagusiek Estatutu Marko berria adostu zuten: 24 orduko guardiak amaitzea, asteko lanaldia 45 ordura mugatzea, oposizioak bi urtean behin egitea eta atseden- eta kontziliazio-eskubideak arautzea dira, besteak beste, hitzartutakoak. Mónica García Osasun ministroaren hitzetan, «mende honetan egin den osasun erreformarik garrantzitsuena da» astelehenean lortutakoa, baina, hala ere, medikuen sindikatuek kritika zorrotzak egin dituzte: ez dira ordezkatuta sentitzen eta akordioa «akats larria» dela uste dute. Horregatik, mobilizazioekin jarraitzeko aukera zabalik utzi dute, eta gatazka oraindik itxi gabe dagoela erakusten du horrek.
Grebak ekainera bitarte
Negoziazio-mahaian akordiorik lortu ez eta kalera atera dira sendagileak. Medikuen kolektiboak zenbait mobilizazio egin ditu, eta lekuaren arabera protestek intentsitate desberdina izan duten arren, mezu argia helarazi dute nonahi: ez dute onartuko beren lan-errealitatea behar den moduan islatzen ez duen Estatutu Markoa.
Abenduan hasi ziren lehen mobilizazio orokortuak. Zehazki, lau greba egun deitu zituzten Hego Euskal Herriko osasun zentroetan, zeinak abenduaren 9tik 12ra bitartean egin ziren. Grebek eragina izan zuten zentroetako jarduera ez-urgenteetan, nahiz eta zerbitzu minimoak ezarri ziren. Gipuzkoan, elkarretaratzeak Donostiako ospitale inguruan antolatu ziren, eta bertan Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko Gobernu Batzordeak publikoki adierazi zuen aspalditik ez direla kontuan hartzen «osasun-sistemari eusten diotenen behar eta eskaerak».
Protestek jarraipena izan zuten urte berriaren hasieran, urtarrilaren 14 eta 15ean beste bi greba egun orokor deitu baitzituzten, Osasun Ministerioari negoziazio-eredua eta edukiak berrikustea eskatzeko helburuarekin. Manifestazioak gorabehera, badirudi giroa ez dela lasaitu, eta sindikatu medikuek iragarri dute printzipioz greben egutegiari eutsiko diotela: otsailetik ekainera bitartean, hilero astebeteko lanuzteak aurreikusi dituzte. Datorren hilabetekoa otsailaren 16ko astean egingo da, eta hurrengo deialdiak data hauetan izango dira: martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean, 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra.
Testuinguru honetan, hurrengo hilabeteetan gertatzen denak arreta berezia eskatuko du, iragarritako lanuzteek osasun-sistemaren eguneroko jardunean eragina izaten jarrai baitezakete. Greben bilakaerak zuzenean baldintza ditzake Astigarragako eta Hernaniko osasun zentroen funtzionamendua, eta, neurri handiagoan, Hego Euskal Herriko ospitale eta osasun etxeetan ere bai. Akordioa indarrean jarri arren, datozen asteetan ikusi beharko da Estatutu Marko berriak benetako egonkortasuna ekarriko duen ala, kontrara, tentsioa luzatu besterik ez.