«Kantuak gure egitea izan da erronka»

Erabiltzailearen aurpegia Axier Mendizabal Goñi

Ainara Ortega Barrenetxea, diskoaren harira egindako argazki batean.

Ainara Ortegak lan berria aurkeztuko du bi emanalditan. 'Jazz biluzia: emozioak xuxurlatzen duenean' izena daramate emanaldiek, eta azaroaren 19an Hernanin (Biteri kultur etxean, 19:00etan) eta abenduaren 20an Donostian (Antzoki Zaharrean) izango dira. Izatez, 'So in love' izeneko disko berria aurkeztuko du musikariak, nahiz eta aitortu duen jadanik «han eta hemen» eman izan dutela emanaldi hau. Etxean eta etxetik gertu egitea falta.

 

Jazz disko berri batekin dator Ainara Ortega Barrenetxea abeslari eta artista hernaniarra. Bada denbora diskoa osatu zuela, baina hemen aurkeztea falta zitzaion. 'So in love' diskoa aurkeztuko du, Joaquín Chacón musikariarekin osatu duena, 'Jazz biluzia: emozioak xuxurlatzen duenean' izeneko bi emanalditan. Lehena, datorren azaroaren 19an izango da, Biteri Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan; eta bigarrena, Donostiako Antzoki Zaharrean, abenduaren 20an, arratsaldeko 19:00etan hau ere. Sarrerak eskuragarri daude; Biteriko emanal­dikoak, kultura.hernani.eus web­gunean, 8,5 euroan.

Musikariak aurreratu duenez, emanaldi berezia izango da. Jatorriz duo bat da, baina gonbidatu bereziak ere izan dituzte diskoa grabatzeko, eta laukote hori berriz elkartuko da emanaldi hauetan. Duo gisa sortua izateak esan nahi du «formatu goxoan eta teknikoki zailean» osatua dagoela, musika inprobisatua izaten baita. Horren intimoa izan da, gertukoak harrituta geratu baitira: «inoiz ez zaitugu entzun horren baxu abesten» esan omen diote.

Esan bezala, Joaquín Chacón musikariarekin osatu du duo hau, baina «punta-puntakoak» izan dira diskoan parte hartu duten beste bi musikariak ere: Bobby Martinez saxo-jotzailea eta Pablo Martín Caminero kontrabaxua, nahiz eta Hernaniko kontzertuan Toño Miguel egongo den Pablo Martínen ordez. Musikari madrildarrak hirurak.

Emanaldi intimista izango dela adierazi du Ortegak. Horren lan intimista egiteko asmorik ez zutela aurreikusi arren, horretara eraman dituela inprobisazioak. Azaldu duenez, «jazz disko bat da, eta kasu honetan esan nahi du, maitatutako estandarrak hartu ditugula, horien gainean gure bertsio propioak sortzeko, nolabait esanda». Izan ere, jazz musikan ez omen da «bertsioez» hitz egiten, beste musika mota batzuetan bezala, «gure erronka, hainbestetan entzun ditugun kantu horiek gure egitea izan ohi da». Ezagutzen ez duenarentzat hori omen da jazz-aren hizkera, edo jazz musikariek egiten duten jolasa. Duke Ellington, Cole Porter edota Billy Strayhorn bezalako musikarien estandarrak izan dituzte oinarri euren bertsio propioak egiteko.

Prozesuaz hitz egin behar izan digu, kazetariaren ezjakintasunagatik batik bat, azalduz nola jazz musikan abesti baten %20 hartzen den gainontzeko guztia berriz sortzeko, beste musika estilo batean, %20 hori soilik aldatzen zaionean bertsio berri bat egiteko. Inprobisazioa izan ohi da oinarri, bi musikari (edo gehiagoren) arteko elkarrizketa musikala. Eta elkarrizketa asko bezala, non hasiko den jakin liteke, baina non amaituko den ez. Jolas horrek «engantxatzen» duela aitortzen du Ortegak.

 

 

 

25 urte lehenengo kontzertu hartatik

Etxean jotzeak beti izaten du bere xarma, beti izango da era batera edo bestera berezia. Eta halaxe ekarri du akordura 25 urte bete direla lehen aldiz Hernanin kontzertu bat eman zuenetik jendaurrean. Milagrosan izan zen, 2002 urtean; Kronikak berak jaso zuen albistea ondo gordea du Ainarak. «Oso urduri nengoen» dio, orain ez bezala akaso. Gorka Legarreta hernaniarrarekin eman zuen kontzertu hura, bossa nova estiloko abestiak joz. Orduan komeria gehiago izan omen zituzten kontzertua aurrera ateratzeko; Ainarak pasatako partiturak ulertzeko gai ere ez zen Gorka, baina jendeak oraindik kontzertu hura gogoan duela dio.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!