Liga formatu «erakargarri eta gogorrarekin» abiatuko du sasoia Hernanik

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Arizkorreta 2025ko ira. 13a, 00:00

Datorren irailaren 21eko asteburuan hasiko du HernaniK denboraldi berria.

Denboraldiaren atarian Patrick Polidori eta Xabi Lukas gogotsu ageri dira datozen partida zailei aurre egiteko.

Datorren irailaren 21eko asteburuan hasiko du Hernani Club Rugby Elkarteak 2025-2026 denboraldia Les Abelles talde Valentziarraren aurka, Landaren. Sasoi honetarako Ohorezko B Mailako liga guztiz birmoldatu da multzo bakarra osatuz, Frantziako Pro D2 ligako sistema berdina jarraituz. Hernanik lehen partida etxean jokatuko du eta lehen bidaia hurrengo jardunaldian Madrilera izango du, CRC Pozueloren aurka jokatzeko. Formatu berriak sortu duen lehia estua gutxi balitz, lehen bi jardunaldietan Ohorezko A Mailatik jaitsi berri diren bi taldeen aurka aritu beharko dute gipuzkoarrek.

Ohorezko B Mailako elite multzo hau 10 taldez osatuta egongo da eta 18 jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzuliko ohiko sisteman. Ondoren, sailkapeneko lehen lau taldeek finalerdiak jokatuko dituzte gorengo mailara igotzeko. Patrick Polidori entrenatzaileak 20. denboraldia izango du HCREko lehen taldearen gidaritzapean eta haren iritziz «liga oso berdindua egongo da partida gogor askorekin. Jokalari eta zaleentzako formatu oso erakargarria da».

Xabi Lukas hernaniar aurrelariak ere oso liga gogorra eta berdindua espero du. «Formatu erakargarria da. Lehia zuzena egongo da talde guztien artean, partida eder eta gogorrak ikusiko dira. Aukera paregabea da esperientzia bildu eta taldeak berriro ere liga garrantzitsu batean jokatzeko». 

«Lehen itzuliko 9 partidak multzo berdineko talde guztien aurka izango dira»

Polidorik eta Lukasek formatuarekin asmatu dutela baieztatu dute. «Formatu erakargarria da. Azken urteetan gure inguruan jokatu dugu liga eta orain berriro ere Hernani estatu mailan jartzea lortu dugu. Izen handiko beste talde handirekin jokatzea oso erakargarria» dela aitortu du Lukasek.

Ligako multzo berria izateaz gain, Errege Kopa berria ere izango du estatuko errugbiak. Orain arte Ohorezko A Mailako taldeek soilik parte hartzen zuten kopan baina edizio berri honetan elite mailako taldeak ere arituko dira. Kopako final laurdenak erabakitzeko, 5 taldez osatutako 4 multzo egongo dira eta bertatik multzo bakoitzeko talde onena pasako da finalerdietara. Kopako multzo hauek Ohorezko A Mailako 3 taldez eta Elite mailako 2 taldez osatuta daude eta Hernaniren kasuan, Sant Cugat izango da liga berdineko aurkaria. Partida hauek azaroa amaieran eta abenduan jokatuko dira. 

Hernaniren denboraldiari bi bidaia gehiago gehitu behar zaizkio Kopako partidak kontuan hartuz. Sevilla eta Sant Cugat taldeen aurka arituko da etxetik kanpo eta El Salvador eta La Vila taldeak jasoko ditu Landaren. Lehen mailako bi partida handi biziko dira berriro ere Urumea ibaiaren ertzean. 

«Lehen jardunaldietan Ohorezko Mailatik jaitsi berri diren taldeen aurka arituko gara»

Entrenatzailea gustura azaldu da sistema berri honekin ere. «Taldean minutu gutxiago dituzten jokalarientzat aukera handia da, lehen mailako taldeen aurka aritzea gauza ederra da beti. Gure kasuan, eta batez ere lesioengatik sortutako bajak ez baditugu, jokarientzat hazteko aukera paregabea izango da berriro ere Landaren lehen mailako bi talderen bisita jasotzea. Badakigu zaleen babesa izango dugula eta horrelako asteburu handiak berriro bizitzea oso garrantzitsua da gaur egun taldean dauden gazteentzat eta klubarentzat ere».

Xabi Lukasek ere badaki kopako partida hauek garrantzitsuak direla. «Lehen mailako taldeen aurka jokatzea izugarria izango da. Esperientzia gogorra eta asko ikasteko partidak izango dira». 

Espainiako Errugbi Federazioak denboraldi berriko araudian hala erabakita, Ohorezko A Mailan diharduen talde batek ezin du bigarren talderik izan Ohorezko B Mailako Elite multzoan. 2025-2026 denboraldian Madrilgo Cisneros B taldeak Elite multzoan jokatuko badu ere, lortzen dituen emaitzak lortzen dituela denboraldi amaieran maila galduko du. Hori horrela eta guztira bi taldek maila galdu behar dutenez, gainontzeko taldeetatik bakarrak izango du jaisteko arriskua.  

Polidori itxaropentsu azaldu da denboraldiaren atarian eta ez da maila mantentzearen helburuarekin gelditzen. «Lehen jardunaldietan Ohorezko Mailatik jaitsi berri diren taldeen aurka arituko gara eta bi partida horietan ikusiko da non gauden. Hala ere, denboraldi erditik aurrera sailkapenaren erdialdetik gora egotea ez dugu inolaz baztertu behar».

Xabi Lukasek ere helburu nagusia sailkapenaren goiko aldean jarri du. «Aurreko urtean esan genuen hemen egon nahi genuela eta orain helburua goiko taldeen artean egotea izan behar du. Hankak lurrean ditugu, badakigu denboraldi luzea izango dela eta zailtasunez betea egongo dela». 

Gainontzeko taldeak jokalari berriekin indarberritu direla aitortu digu entrenatzaile lapurtarrak eta liga hasi arte zaila izango dela faboritoak zeintzuk izango diren argitzea. Hala ere, «partida guztiak intentsitate altukoak» izango direla argi dute Hernanin. Hori izango da denboraldi honetako diferentzia nagusia, elite multzoan indarrak asko berdindu direla eta «akatsak asko ordainduko» direla. Aurreko denboraldietan multzo berdineko taldeen artean maila desoreka nabarmena zen.  Aurten, elite maila delakoan multzo bakoitzeko talde onenak elkartu dira, lehiakortasun handiagoa sortuz.  

Hernani CREaren kasuan, Xabat Erroizenea talonatzailearen buelta izango da. Hernaniarrak lehen lerroa indartuko du sendotasuna eta lehiakortasuna gehituz taldeari. Zelaiaren erdia indartzeko berriz, Benoit Lazzaroto jokalaria iritsi da Landarera. Esperientzia handiko jokalaria da eta Pro D2 mailan Miarritzen eta US Carcassonen jokatuta iritsi da HCREra. Polidoriren esanetan «esperientzia handiko jokalaria da eta denboraldi honek izango duen maila gogorrari aurre egiteko errefortzu bikaina da». 

Jokalarien joan-etorrien artean, Unax Zuriarrainen baja azpimarragarria dago. 20 urteko hernaniarra Valladolideko El Salvador taldean arituko da azken urteetan erakutsi duen maila altuaren emaitza izanik. Erdilaria gaztetatik dator igaro den kategorietatik nabarmentzen eta denboraldi honetan debuta egingo du estatuko gorengo mailan. Hernaniko entrenatzailearen arabera «jokalari oso argia da, ideia eta kontzeptu berri guztiak oso azkar barneratzen dituena» eta horrek egin du maila nagusiko talde garrantzitsuetako baten deia jasotzeak. Pasaden udaran ere estatuko selekzioarekin aritu zen munduko M20 txapelketan, Italian. Hernaniarrak estatuko selekzioarekin munduko 12. postua lortu zuen azken partidan Irlandaren aurka 37-38 galdu ondoren. Hurrengo abenduan gainera, trikoloreen aurka arituko da El Salvadorrekin Kopa berri honetan, Landaren.

Xabi Lukas kapitainak kontatu digu taldea ondo ikusten duela denboraldiaurre honetan. «Sei aste daramatzagu aurre denboraldian eta jarrera oso ona ikusten dut jokalari guztien artean. Oso jakitun gara denboraldia oso luzea eta gogorra izango dela eta horri aurre egiteko ondo baina hobeto prestatzea da aukera bakarra». Aurreko denboraldian baina hiru partida gehiago izango dituzte gutxienez, baina hauen intentsitatea eta maila guztiz handiagoa izango da. Hori horrela, bai fisikoki eta bai mentalki prest egotea ezinbestekoa izango da lesioak ekiditeko. 

Gogoratu beharra dago Hernani Elite Multzoan arituko denez, 23 urtez azpiko taldea ere izan behar duela estatu mailan. Estatuko hiri handietan bi eta hiru talde izatera ohituta daude, baina Hernanik duen harrobi proiektua eta dituen biztanleak kontuan hartuta, beti da erronka horrelako ligetan aurpegia ematea gehienbat Landaren hazitako jokalariekin aritzen baita.

Gazteen maila hau bi multzotan banatuta dago eta Hernani B multzoan lehiatuko da. Aurten ere Alon Automotive enpresaren laguntza izango dute eta hori izango da taldearen izena, Alon Automotive Hernani. Trikoloreekin batera, Barça Rugbi, Les Abelles, Unio Esportiva Santboiana, Ordizia, Sant Cugat, Hospitalet, Gernika, La Vila eta Valencia RC taldeak lehiatuko dira. Txapelketa hasiera irailaren 28ko astebururako iragarrita dago eta lehen partida Bartzelonaren aurka jokatuko dute Herrialde Katalanetan.

Lehen itzuliko 9 partidak multzo berdineko talde guztien aurka izango dira. Bigarren itzulirako berriz, multzo bakoitzeko lehen faseko sailkapeneko 5 talde onenak multzo berria osatuko dute liga txapelketako titulua eskuratzeko bidean. Gainontzeko taldeek, berriz, beste multzo bat osatuko dute denboraldia amaitu bitartean. Hori horrela, bigarren itzuli bat jokatuko dute beste bederatzi partidekin. 

Denboraldi honetan ere faktore oso garrantzitsua izango da Landare-Toki zelaia. Zaleek egiten duten presioa eta taldeari ematen dioten babesa oso garrantzitsua izango da horrelako denboraldi gogor baten aurrean. Polidoriren esanetan «kanpoko talde guztiek badakite zer den Landaren jokatzea eta zer presio sortzen duen bertan jokatzeak, beraz espiritu eta indar hori mantentzen jarraitu behar dugu».

Prestaketa aste hauetan, hernaniarrek bi partida jokatu dituzte, biak Hendaiaren aurka ere. Lehena duela bi aste Landaren eta aurreko asteburuan Ondarraitzen aritu ziren trikoloreak emaitza oso estuekin. Bi partida hauek bakarrik izango dituzte proba moduan, denboraldi ofiziala aurreko edizioetan baina hilabete lehenago hasiko baita.

Nagusi mailako gizonezko taldeez gain, emakumezko nagusi mailan taldea berriro ere martxan jarri nahian dabil Hernani Club Rugby Elkartea. Horretarako, Jokin Gorrotxategi entrenatzaile donostiarra hautatu du klubeko Zuzendaritza berriak. Azken denboraldian Eibar Rugby Taldean aritu da entrenatzaile gisa estatuko Ohorezko B Mailan. Hala ere, denboraldia hasteko aste gutxi falta direla, Landare inguruan taldeak Euskal Ligan berriro parte hartuko ote duen ez dute argi. Ezezkoa emaitza izango balitz, hirugarren denboraldia jarraian luke Hernanik emakumezko talderik gabe. Sare sozialen bitartez deialdia zabaldu zuten atzo Landarera gerturatu eta entrenamendu irekia egiteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!