Zinema izarrez beteko da Donostiako Zinemaldia, bere 74. edizioan

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Garcia Gonzalez

Sail ofizialeko 'Sants' pelikularen irudi bat.

Irailaren 18tik 26ra izango da Donostiako Zinemaldia, eta igande honetan jarriko dituzte salgai aurreneko sarrerak, sansebastianfestival.com webgunean edota Zinemaldi Plazako leihatiletan.

 

Irailaren 18an Donostiako Zinemaldiak bere pantailak piztuko ditu eta astebete luze batean zinemaz gozatzeko aukera izango dugu hiriko areto desberdinetan. Aurreko urteko bideari jarraipena eginez, euskal zinemak bere tarte handia izango du. Aurten, Sail Ofizialean 3 euskal ekoizpen egongo dira eta Zinemaldian zehar 31 euskal titulu izango dira.

Naomi Watts aktore britaniarrak eta Werner Herzog zuzendari alemaniarrak Donostia sariak jasoko dituzte aurtengo edizioan. Bere azken lanak ikusgai egongo dira: Ben Shirinian zuzendariaren 'The Housewife' eta Herzogen 'Bucking Fastard', besteak beste. Beraiekin batera mundu mailako hainbat zuzendari eta aktore egongo dira beraien azken lanak aurkezten: Brad Pitt, Marion Cotillard, Penelope Cruz, Ricardo Darin edota Jeremy Irons.

'Maspalomas' filmaren arrakastaren ostean, aurten, Zinemira saria Jose Ramón Soroiz aktorearentzat izango da. Aipatzekoa da Zinemaldian, Forque sarietan, Feroz sarietan eta Goya sarietan aktore onenaren saria jaso duela film honetan egin zuen lanarengatik. Bere ibilbide osoa aitortzeko unea izango da Euskal Zinemaren Gala Handian.

 

SAIL OFIZIALA

'SANTS'
Irailaren 23, 24 eta 25ean

Mikel Gurrea zuzendari donostiarrak bere bigarren luzemetraia aurkeztuko du Sail Ofizialean. 2022. urtean 'Suro' filma sail berean ikusi genuen eta bertan Euskal Zinemaren Irizar saria jaso zuen, besteak beste. Bere bigarren lanean, Victoria Luengo aktorearekin lan egin du berriro. Lan honetan, Laliren bizitzan sartuko gara: munduan zehar bidaiatzen ibili ostean, Bartzelonara itzuliko da bere ama zaintzera. Bitartean, irudi erlijiosoak lapurtzen dituen talde batean sartuko da eta bere bizitza nola aldatzen den ikusiko dugu.

 

'MIS MUERTOS'

Irailaren 20, 21, 22 eta 23an

Pablo Larrain zuzendari txiletarraren azken lanean bizitzaren eta heriotzaren arteko muga hautsi egingo da. Mercedes Moran aktoreak Emaren papera izango du, hildakoak ikus ditzakeen mediku erretiratua. Bere amaren heriotza prozesatzen ari den bitartean, berak ikusten dituen hildakoak auzo osoak ikusiko ditu. Bakoitza bere mamuen soinuari ihes egiten saiatuko da film honetan. Zuzendari txiletarrak 'No', 'El club' edo 'Ema' bezalako filmak aurkeztu ditu Donostian.

'SACAMANTECAS'
Irailaren 20, 21, 22 eta 25ean

'Azken erromantikoak' filmaren zuzendaria Donostiako Zinemaldira itzuliko da bere azken lanarekin. David Pérez Sañudo zuzendari bilbotarraren azken lanak oraingoan XIX. mendeko Araban kokatutako istorioa ekarriko du. Bertan, aktore talde ikaragarria ikusiko dugu, besteak beste Antonio de la Torre, Patricia López Arnaiz, Josean Bengoetxea eta Eneko Sagardoy.

III. Karlistaldia amaitzear dagoen bitartean, emakume batzuk itota agertzen hasiko dira Gasteizko kanpoaldean. Ángela Berrosteguieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila abiatuko da eta Juan Díaz de Garayo nekazaria hilketen arduraduna dela frogatzen saiatuko da. Hilketen kopurua handitzen doan heinean, agintariek gertatzen ari dena ezkutatu nahi izango dute. Juan Díaz de Garayo benetako pertsonaiaren inguruko gertakari historikoak abiapuntu hartuta, Pérez Sañudok XIX. mendeko Euskal Herriko krimen ezagunenetako baten inguruko istorioa ekarriko du pantaila handira.

 

PERLAK

'LA BOLA NEGRA'
Irailaren 19, 20, 21, 22 eta 25ean

Film honen inguruan ikusmin handia sortu da azken hilabeteetan. Cannesen zuzendari onenaren saria jaso ostean, Donostiara dator. Javier Calvo eta Javier Ambrossi zuzendariek hiru gizonen bizitza interkonektatua helarazi nahi dute film honen bitartez. Hiru garai desberdin jorratuko dituzte pertsonai hauen bitartez, baina denek bizipen antzekoak izango dituzte: sexualitatea, desioak, minak eta herentziak estuki lotutako istorioa baita. Federico García Lorcaren azken lan amaitu gabe batean oinarritutako lana da.

 

NEW DIRECTORS

'ESTA SOLEDAD'

Irailaren 22, 23, 24, 25 eta 26an

Javier Giner zuzendariak, 'Yo adicto' telesailaren bitartez, izen bereko liburuaren egokitzapena egin zuen. Oraingoan, zinemara salto egin du beste istorio bat kontatu nahian. Telesailean protagonista izan ziren Oriol Pla eta Marina Salas aktoreekin batera lan egiteko aukera errepikatu du. Leo eta Lorearen arteko maitasuna erakusten digu istorio honek. Asko maite izan dira, baina bost urtez elkarrekin egon ostean, beraien harremana amaitu egin da. Bakoitzak bere zamak ditu: Leok bere aita zaintzen du eta Lorea gaizki ordaindutako lanekin bizirauten saiatzen da. Beraien arteko deskonexio emozionala ez da erraza izango, batez ere bi gorputz nekatu direlako. Beti berandu iristen den belaunaldi baten herentzia emozionalak zeharkatzen dituzten pertsonaia hauen bizipenak ekarriko ditu zuzendari barakaldarrak.

 

ZINEMIRA

'IRAILAK'
Irailaren 21, 22 eta 23an

Izaskun Arandia zuzendari tolosarrak memoria kolektiboan barrena bidaia egitera gonbidatu nahi gaitu. Bere lan berrian errazak izan daitezkeen galderen erantzunaren bila atera da: 'Zergatik joan zen hara eta zergatik hil zuten?'. Galdera horien protagonista Miguel Barga da, bere birraitona. 1935eko amaieran Tolosa utzi zuen eta Burgosera joan zen. Gerraren ondorioz hil egin zen, eta familiak albistea jakin ostean ez zuen ezer gehiago jakin. Gorpua ez zen Tolosara itzul eta birraitonaren heriotza tabu familiarrean bihurtu zen. 2018. urtean Gogora Institutuaren DNA programak haren gorpuzkiak identifikatu zituen eta horrek datu berri asko eman zituen familiari. Bi galderei erantzunak bilatzeko aitzakiarekin Arandiak memoria kolektiboaren dokumentala aurkeztuko du.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!