Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioa irailaren 19an hasiko da. Aurten historian euskal ekoizpen gehien egongo diren urtea izango da. Guztira 38 ekoizpen euskaldun egongo dira, besteak beste: 27 film luze, bost film ertain, hiru film labur eta hiru telesail. Euskal ikusentzunezkoen industriak garrantzia hartu duela nabarmenekoa dela adierazi da euskal zinema aurkeztu zen egunean. Sail Ofizialean lehiatuko duten filmen artean hiru euskal ekoizpen daude: Maspalomas, Los tigres eta Los domingos. Euskal zinema ospatzeko Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek Zinemira Saria jasoko dute ere.
Sariekin jarraituz, aurtengo Donostia Sariak harridura sortu du. Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrak jasoko du eta sarituen artean pertsona gazteena izango da. Lawrence 35 urte ditu eta bere ibilbide profesionalean arrakasta handiak lortu ditu. Besteak beste, 2012.urtean Oscarra irabazi zuen eta Urrezko Globoetan hiru aldiz izan da saritua. Aktore estatubatuarrak Lynne Ramsayren Die My Love filma aurkeztuko du Zinemaldian. Berarekin bat, Esther Garcia ekoizlea sari berarekin saritua izango da. Urte askotan zehar, Pedro Almodovar zuzendariaren ekoizlea izan da Garcia. Bere lanarekin aurrera egiteko El Deseo ekoiztetxea sortu zuen eta mundu mailako jaialdi desberdinetan sarituak izan dira bere filmak.
Donostiako Zinemaldiak irailaren 5ean egin zuen bere aurkezpena eta bertan Gazako egoeraren inguruko adierazpena atera zuen. Duela aste batzuk amaitutako Veneziako jaialdian Palestinaren aldeko adierazpen asko egon ziren, baina jaialdiaren antolakuntzak ez zuen adierazpen ofizialik atera. Jaialdi horretan The Voice of Hind Rajab filma aurkeztu eta saritu da. Film honek 6 urteko Gazako ume baten azken deia kontatzen du. Dei horretan laguntza eskatzen zuen, baina laguntza iristeko zailtasun asko egon ziren. Azpimarratzekoa da Donostiako zinemaldiak atera duen adierazpena. Horretarako, Mark Twainen hitzak erabili dituzte: «historia ez da errepikatzen baina errima osatzen du». Gaur egungo egoera nolakoa den ikusiz, argi dago Palestinaren aldeko adierazpenak ikusiko ditugula aurtengo edizioan.
Zinema aretoak prest daude Donostian eta sarrerak salgai jarriko dira asteburu honetatik aurrera. Horretarako, sailez sail aukeraketa berezi bat egin dut hurrengo egunetarako.
SAIL OFIZIALA
Maspalomas (Irailaren 20, 21 eta 22an ikusgai)
Ikusmin handia sortu dute Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariek egin duten azken lanarekin. Jose Ramon Soroiz aktorea Vicente izango da. Maspalomasen bizi da 76 urterekin eta bertan eguzkiaz, parrandaz eta bere bizitzaz gozatzen du. Istripu baten ondorioz, bere alabaren ondora itzuli behar du Donostiara. Bere bizitza guztiz aldatuko da eta egoitza batean egon beharko du. Bere sexualitatea bizitzeko trabak izango ditu, Maspalomasen bizitako askatasunaren ostean. Ez da lehen aldia, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariek homosexualitea zahartzaroan erakusten dutela bere lanetan. 80 egunean filmaren ostean, Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga aktoreak egindako lanean film bikaina aurkituko dugula dirudi.
Los Tigres (Irailaren 19, 20 eta 21ean ikusgai)
Barbara Lennie eta Antonio de la Torre aktoreak film honen protagonistak dira. Bi aktore hauek Rodrigo Sorogoyenen El reino filmean egin zuten lan batera. Oraingoan, Alberto Rodriguezen zuzendaritzapean jarriko dira Antonio eta Estrella neba-arrebak gorpuzteko. Haien aita urpekaria zen eta bizitza osoa daramate itsasoan lan egiten. Antoniori 'el Tigre' deitzen diote, uraren azpian dagoena gehiago gustatzen zaiolako kanpoan dagoena baino. Estrella bere arreba da eta lurrean mantentzen dion pertsona bakarra da. Uretatik kanpo, Antonio desastre hutsa da eta istripu baten ostean urpean egiteko egunak amaituko zaizkio. Bizitzari aurre egiteko zailtasunen aurrean, zortea aldatzeko aukera gutxi daudela dirudi. Aldiz, petroleo-ontzi batean ezkutatutako kontrabandoko kokaina aurkitu ostean etorkizuna aldatu daitekeela dirudi, nahiz eta Estrella ez dagoen guztiz ados.
Belén (Irailaren 22, 23, 24 eta 25ean ikusgai)
Benetako gertakarietan oinarritutako lan honek 2014. urteko Argentinara eramango gaitu. Dolores Fonzi zuzendariaren bigarren lana da eta filmean aktore lanetan dago ere. Emakume gazte bat ospitalera joan da sabeleko minen ondorioz. Berak ez daki haurdun dagoela eta esnatzerakoan poliziaz inguratuta egongo da. Abortatu izana leporatzen diote eta berak modu naturalean sufritu du abortua. Espetxera eramango dute eta Tucumango abokatu batek bere askatasunaren aldeko borroka erakusten digu film honek. Abortu librearen aldeko borroka berpiztu zuen kasu honek Argentinan eta historiaren norabidea aldatu zuen.
Los Domingos (Irailaren 21, 22 eta 23an ikusgai)
17 urteko gazte batek unibertsitateko zein karrera aukeratu ordez, ezusteko handia emango du bere familian. Klausurako moja bilakatzeko ideia du eta bere familiaren erantzuna ez da erraza izango Ainarentzat. Alauda Ruiz de Azua zuzendari barakaldarrak Cinco Lobitos filma eta Querer telesailaren ostean, lan nahiko berezia aurkeztuko du Sail Ofizialean. Patricia Lopez Arnaiz eta Nagore Aranburu aktoreak besteak beste lan honetan daude. Ainaren familiak igande desberdinak biziko ditu alabaren erabakiaren ostean.
PERLAK
La Grazia (Irailaren 21, 22, 23, 24 eta 27an ikusgai)
Paolo Sorrentinok Mariano De Santis Italiako Errepublikako presidentea sortu du La Grazia lanean. Horretarako, Toni Servillo aktorea izan du eta bere lana saritua izan da Veneziako jaialdian. Presidente hau alarguna da eta alaba bat du. Agintaldia amaitzean azkeneko bi betebehar sortuko zaizkio: presidente-indultuko bi eskaerari buruz erabakitzea. Dilema morala bizitza pribatuarekin nahastuko zaio eta erabakia hartzea ez du batere erraza izango. Zuzendari italiarraren estiloa ezagutuz, satira eta kritika politikoa filmean egongo dela segurua da.
Un simple accident (Irailaren 20, 21, 22, 23 eta 27an ikusgai)
Jafar Panahi zuzendari iraniarraren zinema berezia da. Irango erregimenak atxilotua eduki zuen 2022.urtean eta bere filmografian bere herrialdeko egoera presente dago. Bere azkeneko lana Urrezko Palmorria irabazi zuen Cannesen. Istripu batek dena alda dezake eta lan honen bidez, txikia izan daiteken zerbait, gero eta ondorio handiagoak sortu daitezkeela erakutsiko digu. Cannesen harrera oso ona izan ostean, Donostiako pantailetan izango dugu.
The Voice of Hind Rajab (Irailaren 23, 24, 25 eta 27an ikusgai)
Veneziako jaialdian harrabotsa sortu duen filma izan da The Voice of Hind Rajab. Kaouther Ben Hania zuzendari tunisiarrak Veneziako Epaimahaiaren Sari Nagusiak emandako Zilarrezko Lehoia irabazi du eta kritikaren artean oso txalotua izan da. 2024ko urtarrilaren 29an Ilargi Erdi Gorriko boluntarioek larrialdi-dei bat jaso zuten Gazan. 6 urteko neskato bat auto batean harrapatuta zegoen eta laguntza eske deitu zuen. Dei horren ostean Israelgo ejerzitoak Hind Rajab umea hil egin zuen. Gazan bizi den biolentzia erakusten du lan honek eta lan oso berezia dela adierazi dute Venezian egon diren kazetariek.
ZABALTEGI TABAKALERA
El último arrebato (Irailaren 21 eta 22an ikusgai)
Ivan Zulueta zuzendari donostiarraren lanen artean ezinbestekoa da Arrebato gogoratzea. 1980.urtean egindako filma kultuzko lan batean bihurtu zen eta bere zuzendaria zinemagile madarikatuan. Marta Medina eta Enrique López Lavigne zuzendari eta ekoizleek Zuluetaren lanaren inguruan sortu zena aztertu dute El último arrebato dokumentalaren bitartez. Arrebato lan iluna da eta bere historia eta intrahistoria konektatuak daude. Lan hau zuzendariaren bizitza aurreikusi zuela dirudi. Filmaren protagonistak bezala Zuluetarentzat drogak eta zinema ezinbestekoak ziren eta horiek bizitza kendu zioten.
DONOSTIA SARIA
Die My Love (Irailaren 25, 26 eta 27an ikusgai)
Jennifer Lawrence aktoreak Donostia Saria jaso ostean Die My Love filma ikusteko aukera izango da. Saria irailaren 26ean emango zaio 18:00etan, baina filma ikusteko egun gehiago egongo dira. Lynne Ramsayren filmak maiteminduta eta itxaropentsu dagoen bikote gazte bat erakutsiko digu. Grace eta Jackson New Yorketik landetxe batera joango dira bizitzera. Bertan, Grace bere nortasuna bilatzen saiatuko da eta hori lortzeko haur jaioberri baten bidez egingo du ingurune isolatu batean. Bere buruan ahuleziak ikusiko ditu eta bere bizitzaren aldaketak aurkituko ditu.
NEW DIRECTORS
Aro Berria (Irailaren 22, 23, 24 eta 25ean ikusgai)
Irati Gorostidi Agirretxe zuzendariak greba baten bihotzera eramango gaitu. Ur-kontagailuen fabrika bateko langileak batzartu egin dira greba egin ala ez eztabaidatzeko. Asanbladaren ostean, batzuek fabrika utziko dute eta mendietako komunitate isolatu batean integratuko dira. Egueseko zuzendariaren lehen lanak frankismoaren osteko iraultzetan inspiratu da.
ZINEMIRA
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako (Irailaren 19 eta 20ean ikusgai)
Lurdes Iriondo gogoratzerakoan zuri-beltzeko argazkiak aurkitzen ditugu. Bere ahotsa kapsulatua dago eta enkuadre baten barruan harrapatua dugu. Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak Iriondoren memoria orainaldira ekarri du bere lanaren bitartez. Lurdes Iriondo abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea izan zela gogoraraziko digu lan honek. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen, eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak.
Hombre bala (Irailaren 26 eta 27an ikusgai)
Mikel Erentxunek hiru data berezi ospatzen ditu aurten: 60 urte betetzen ditu, 40 urte egiten ditu musikan, eta bere bikotearekin 25 urte egiten ditu ere. Hori aitzaki hartuta, Anuska Ariztimuño zuzendariak artista donostiarraren inguruko dokumentala egin du. Zuzendariaren lehen lan honetan, Erentxunen ibilbide profesionala eta pertsonala uztartuko da. Heriotzari eta denboraren igarotzeari dion beldurraren ondorioz, Mikelek erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu bizitzan eta dokumentalean zeintzuk diren ezagutuko ditugu.
HORIZONTES LATINOS
La misteriosa mirada del flamenco (Irailaren 26 eta 27an ikusgai)
Diego Céspedes zuzendariak 80ko hamarkadaren hasierako Txilera eramango gaitu. Bertan, basamortuan familia queer bat bizi da. Familia honen inguruan zurrumurru bat sortuko da herrian, begirada baten bidez gaixotasun misteriotsu bat zabaltzen dutela. Pelikula honek western moderno baten formatua du eta familia hau babeslekua izango da mendeku bila dabilen Lidiarentzat. Txiletik datorren istorio hau euskal ekoizpena da eta Cannesen Un Certain Regard saria jaso zuen.
Nuestra tierra (Irailaren 22, 23, 24 eta 25ean ikusgai)
Lucrecia Martel zuzendari argentinarrak Venezian aurkeztu du bere azken lana eta Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ikusgai izango dugu. 2009. urtean Javier Chocobar hil zuten. Argentinako iparraldeko komunitate indigena bateko buruzagia zen eta bere heriotza bideoan grabatu zen eta Youtuben egon zen ikusgai. Heriotza horren epaiketa 9 urte beranduago iritsi zen, nahiz eta proba argia zegoen edonoren eskura. Martelek gertaera honen inguruko dokumentala egin du. Hilketa 2009.urtean gauzatu zen eta hiltzaileak libre egon ziren 2018.urtera arte. Lurraren jabetzaren inguruan erreflexionatzeko aukera dakar zuzendari argentinarrak.
Salmenta mailakatua
Igande honetatik aurrera sarrerak salgai jarriko dira Zinemaldiaren web gunean eta Zinemaldi Plazako leihatiletan. Azken urteetan bezala, salmenta mailakatua izango da. Beraz, igandean, irailaren 14ean 9:00etatik aurrera hilaren 19, 20 eta 21eko egunetako sarreren salmenta egingo da. Irailaren 15ean 9:00etatik aurrera hilaren 22, 23 eta 24ko egunetako sarrerak salgai egongo dira eta aurreko egunetako soberakinak erosteko aukera egongo da ere. Irailak 16ean 9:00etan hilak 25, 26 eta 27 egunetako sarrerak jarriko dira salgai eta aurreko egunetako soberakinak salgai egongo dira ere.