Aurreko urtean, AEBetako aktoreen greba izan zela eta, Javier Bardem aktoreak ezin izan zuen bere Donostia Saria jaso. Horregatik, aurtengo inaugurazio galan Bardemi aurreko urteko Donostia Saria emango zaio. Horrez gain, beste bi izarrek Donostia Saria jasoko dute aurtengo Zinemaldian. Cate Blanchett aktore australiarrak Donostia Saria jasoko du larunbat honetan, eta Pedro Almodovar zuzendari espainiarrak irailaren 26an. Saritu oso bereziak izango dira, eta 2024 urteko edizioari ukitu berezia emango diotela argi dago. Blanchett eta Almodovar Veneziako jaialdian egon berri dira, eta zuzendariak historia egin du bertan. Donostiako Zinemaldian ikusgai egongo den 'La habitación de al lado' filmak Urrezko Lehoia irabazi du. Sari berezi hori jaso ostean Donostiara dator beste sari bat jasotzera; kasu honetan, bere bizitzan egindako lana sarituko da.
Donostia Sariez gain, film oso bereziak izango ditugu Sail Ofizialean, eta bertan ezagunak egingo zaizkigun zuzendari eta aktoreak aurkituko ditugu. Urtero eztabaidak sortzen dira filmen inguruan, eta ziur aski Albert Serraren 'Tardes de soledad' filmak harrabotsa piztu dezake. Serraren lanak toreatzaile baten istorioa ekarriko du pantaila handira, eta bere aurreko lanak ezagutzen dituenak, badaki ez direla irudi samurrak izango bere lanean. Film hau ikusteko aukera hartzen duenak, jakin dezala agian ez dela oso gustora aterako zinema aretotik.
Horrez gain, beste sailetan pelikula oso interesagarriak izango dira. Perlak atalean beste zinemaldietatik datozen filmak daude, eta horietan sarituak izan direnak ere ikusgai izango dira. Sail honetan publikoak erabakiko du zein izango den saritua. Euskal zinemak tarte berezia izaten du beti Zinemaldian, eta Hernanirekin erlazioa duen film bat aurkituko dugu Zinemira sailean. Pello Gutiérrez Peñalba zuzendariak Zikuñagako Amaren desagerpena hartu du aitzaki bere azken lana egiteko.
Zinemaldian zer ikusi? Zuen hautaketa errazteko asmoz, sailez sail aukeraketa txiki bat prestatu dut.
SARREREN SALMENTA
Sarreren salmenta progresiboa izango da aurten ere. Joan den igandean, hilaren 15ean jarri dituzte salgai lehenengo sarrerak; Zinemaldiaren lehenengo hiru egunetarako sarrerak, hain juxtu: ostirala 20, larunbata 21 eta igandea 22. Atzo, berriz, eskuragarri jarri zituzten hilaren 23koak, 24koak eta 25ekoak. Eta gaurtik aurrera, aste guztiko sarrerak izango dira salgai. Sarrerak lortzeko sansebastianfestival.janto.es webgunera jo behar da.
SAIL OFIZIALA
'Quand vient l’automne'
Irailaren 21, 22 eta 23an ikusgai
François Ozonen zinema oso lotuta daukat Zinemaldiarekin. Bere zinema Donostiako pantailetan ikustea ohitura bihurtu da, eta beti izaten da aukera ona. Bere azken filmak Michelleren istorioa ekarriko digu: erretiroa hartu du eta Borgoinako herri batean bizi da. Bertan, Marie-Claude bere lagunik onenarekin bizi da. Istorioan kontatzen denez, jaiegun batean Valerie agertzen da, Michelleren alaba, Lucas biloba amonarekin uzteko asmoz, eskolako astebeteko oporraldian. Ozonen zineman sorpresak beti iristen dira edozein unetan, eta badirudi oporraldi lasaia izan beharko lukeena, guztiz aldatuko dela. Ziur aski publikoa eta kritika harrituko dituen filma izango dela.
'El lugar de la otra'
Irailaren 22, 23 eta 24an ikusgai
Maite Alberdi zuzendari txiletarrak oso ukitu pertsonala du. Bere aurreko lanetan dokumental oso bereziak egin ditu, besteak beste 'Memoria infinita'. Lan horrekin arrakasta izan ostean, 1955eko Txilera eramango gaituen fikzio batekin iritsiko da Donostiara. Urte horretan, María Carolina Geel idazleak bere maitalea hil zuen, eta kasuak Mercedes liluratu zuen, garaiko gizartearentzat ikusezina zen idazkaria. Mercedes bere bizitza eta nortasuna zalantzan jartzen hasten da, kasuaren ikerketak nola eboluzionatzen duen ikusten duen bitartean. Maite Alberdik Pablo Larrain ekoizlearekin batera egin du film hau, eta Netflix ere atzetik izan du. Bere aurreko filmen kalitatea kontuan hartuta, zalantzarik gabe, ezinbesteko filma da Sail Ofizialean.
'Los destellos'
Irailaren 22, 23 eta 24an ikusgai
Onartu behar dut ez naizela Pilar Palomero zuzendariaren mireslea, baina jakin-min handia dut Patricia López Arnaiz eta Antonio de la Torrerekin egin duen filmarekiko. Palomerok nerabezaroarekin eta haurtzaroarekin lotutako istorioetara ohitu gaitu, 'La Maternal' eta 'Las niñas' lanetan ikusi ahal izan genuen bezala. Film honetan, ordea, aspaldi hautsi zen bikote baten harremanera garamatza. Isabelek Ramon senar ohiarekiko harremana berreskuratu behar izan du, alabak eskatu ondoren. Hamabost urtez harengandik urrun egon ondoren, biak berriz elkartuko dira, Ramon gaixo dagoelako. Berriro ikustearen ondorioz, bere ustez gaindituta zituen erresuminak berpiztuko zaizkio. Asko interesatzen zait Palomerok planteatzen duen istorioa, eta López Arnaiz pantaila handian ikusteko gogo handia dut, azken urteotan asko harritu nauen aktorea baita.
'Querer'
Irailaren 26 eta 27an ikusgai
Azken urteotan telesailek protagonismo handia izan dute Donostiako Zinemaldian. Aurten bi telesail aurkeztuko dira Sail Ofizialean; besteak beste, Alauda Ruiz de Azua 'Cinco Lobitos' filmaren zuzendariaren lehen telesaila. Bilbon errodatutako lanak, familia dirudun batean gertatuko den katarsira eramango gaitu zuzenean. Kanpotik familia perfektua dirudiena, apurtu egingo da Mirenek denuntzia bat jarri ostean, eta bere etxetik joaten denean. Bere senarrak urte askotan zehar bortxatu duela salatu du, eta bere bizitza aldatu egingo da. Amak salaketa jarri ondoren, bi semeek aukeratu behar dute amari sinetsi ala ez. Istorioa ezagutu ondoren, istorioaren ardatz dira inguruko pertsonen erreakzioa eta prozesu judiziala. Lau kapitulu ditu lan honek, eta osorik ikusteko aukera izango da.
PERLAK
'Emilia Perez'
Irailaren 20, 21 eta 27an ikusgai
Karla Sofia Gascon aktoreak Cannesen emakumezko aktore onenaren saria irabazi ondoren egin zuen oihua entzun nuenetik, ez nuen zalantzarik izan Zinemaldian film hau egongo zela. Jacques Audiardek zuzendu eta Cannesen Epaimahaiaren Saria jaso zuen filmak Ritaren istorioa kontatzen du. Bufete handi bateko abokatua izanik, espero ez zuen eskaintza bat iritsiko zaio. Kartel bateko liderrak kontratatuko du, eta enplegu horrek balioko dio beti izatea amestu duen emakumea bihurtzeko. Ez dut zalantzarik jendeari atentzioa emango dion filma izango dela.
'Anora'
Irailaren 23, 24, 24 eta 28an ikusgai
Sean Bakerren lanak interesa piztu dit beti. Oraingoan Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen filmarekin iritsiko da Donostiara. Filma aurkezteaz gain, zuzendaria 'Hizketaldia' saioetako batean izango da, irailaren 21ean, Tabakaleran. Filmak Anoraren istorioa kontatuko digu. Brooklyngo sexu-langile gazte bat da, eta oligarka baten semea ezagutu eta ipuin batean bezala harekin ezkontzeko aukera du. Baina ipuinak ez dira hain errazak errealitatean, eta albistea Errusiara iristen denean, bere konpromisoa arriskuan dago, senarraren gurasoak New Yorkera joango baitira ezkontza deuseztatzeko asmoz.
'Parthenope'
Irailaren 26, 27 eta 28an ikusgai
Paolo Sorrentinok bere filma Cannesen aurkeztu zuen. Zuzendari italiarrak film ikusgarriak egiten ditu, eta horietan argazkigintza oso garrantzitsua izaten da. Bere azken filmak Parthenoperen bizitzako bidaia kontatzen du, 1950ean jaio zenetik gaur arte. Istorio honetan, Napolesera garamatza berriro, heroismorik gabeko epopeia femenino baten bidez, baina askatasunerako grina errukigabe batez gainezka. Zuzendari napolitarrak uda ezin hobea aurkeztuko digu Caprin, segadan amaituko dena. Zalantzarik gabe, Sorrentinok ohitu gaituen bezala, ikusmenarentzako opari bat izango da.
'Marco'
Irailaren 28 eta 29an ikusgai
Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariek beren azken filma aurkeztu dute Veneziako Zinemaldian, Orizzonti sailean, eta Italiako zinemalditik igaro ondoren, Donostiara iritsi dira Belodromoko azken gaua ixteko. Gidoia lantzeko Jose Mari Goenaga lankide banaezina ere izan da beraiekin. Enric Marco inoiz existitu ez den deportatuaren istorioa kontatzen du filmak.
Eduard Fernández sartzen da Marcoren paperean, urtetan iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean gezur konplexu samar bat izan zuen gizon horren bizitzan. Marcok nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela sinetsarazi zuen urteetan zehar. Gezurra eta egia zer den zalantzan jarriko digun filma da. Arregi, Garaño eta Goenagaren lanen jarraitzaileentzat ezinbesteko proiekzioa izango da. Filma Oscar sarietarako hautagaia izan daiteke, eta Zinemaldian jakingo dugu Espainiako Zinema Akademiak behin betiko hautagai gisa aukeratu duen ala ez.
DONOSTIA SARIA
'La habitación de al lado'
Irailaren 26 eta 27an ikusgai
Pedro Almodovarrek Donostia Saria jasoko du, Venezian Urrezko Lehoia irabazi berri duen filma aurkeztuz. Oso film berezia izan da berarentzat, lehen aldiz luzemetrai bat ingelesez egin duelako, eta bide lagun izan ditu Tilda Swinton eta Julianne Moore aktore ezagunak.
Almodovarrek bizitzari eta berarekin amaitzeko erabakia errespetatzeari buruzko istoria landu du. Bi protagonistak lagunak izan ziren gaztetan. Urteak pasa ostean, berriro elkartu dira emakume hauek, hainbat urtez elkarren arteko harremana hoztu ondoren. Biziko duten egoera ez da erraza izango, baina une gozo batzuk bizitzen saiatuko dira. Film honek espektatiba handia sortu du, Zinemaldia hasi baino lehen.
NEW DIRECTORS
'Azken erromantikoak'
Irailaren 23, 23, 25 eta 28an ikusgai
David Pérez Sañudo New Directors sailera itzuli da 'Ane' filma sail berean aurkeztu ondoren. Bere bigarren lana Txani Rodriguezen 'Los últimos románticos' eleberrian oinarrituta dago, 2021ean Euskadi Literatura Saria irabazi zuena. Irune da istorio honetako protagonista, paper fabrika batean lan egiten duen emakumea. Bere bizitza nahiko sinplea da, ezagunen zirkulu txiki bat du eta auzokide batekin laguntasunaren antzeko zerbait partekatzen du. Bere errutina bat-batean goitik behera aldatuko da, bularrean koskor bat detektatzen duenean. Bestalde, lan-gatazka baten parte izango da, eta horrek bere bizitza gehiago aztoratuko du. Aktore lanetan Miren Gaztañaga ikusiko dugu. Pérez Sañudoren zinemak nola eboluzionatu duen ikusteko aukera izango da.
ZINEMIRA
'Indarkeriaren Oi(h)artzunak'
Irailaren 21 eta 22an ikusgai
Denbora asko daramat Amaia Merino eta Ander Iriarteren lana jarraitzen, aspalditik ari dira euskal gatazkarekin lotutako lanak egiten. Bere azken lanean, Tamara Muruetagoienarengana hurbiltzen dira, ETAk bere familia bahitu eta Estatuak bere aita torturatu eta hil zuenetik 40 urtera egia eta justizia bilatzen jarraitzen baitu. Hori egiten duen bitartean, bere familiaren historia kontatzen du: iraultza zerga, ETAk 17 egunez bahituta eduki izana, bere familiaren desegituraketa, Estatuaren jazarpena eta jasan zuten presio politikoa ardatz dira lan honetan. Istorioa oso interesgarria da, eta bi zuzendari hauek aurreko filmetan nola lan egin duten jakinda, ez dut zalantzarik gaia ondo jorratu dutela eta filmak zer esana emango duela.
'Erreplika'
Irailaren 23, 24 eta 25ean ikusgai
Film hau hernaniarrontzat oso berezia izango da. Txikitatik entzun dut Zikuñagako Ama Birjinaren irudia desagertu zela. Urteetan asko hitz egin da desagertze horri buruzko misterioaz, baina baliteke gaur egun istorio hori ezagutzen ez duen jendea egotea. Horregatik, ilusio handia egiten dit 1979an desagertu zen irudi hori Pello Gutiérrez Peñalba zuzendariaren filmean agertzeak. Filmak desagertze horrek sortu zuen hutsune kolektiboaz hitz egiten du, baina baita beste desagertze batzuek sortzen dituzten hutsuneez ere, hala nola bere aitarena, Juanmi Gutiérrez zinegilearena, duela urte batzuk hil zena.
HORIZONTES LATINOS
'Sujo'
Irailaren 23, 24, 25 eta 28an ikusgai
Zinema oso berezia duen herrialdea da Mexiko, eta azken urteotan oso proposamen interesgarriak iritsi dira Horizontes Latinos sailera. Astrid Ronderok eta Fernanda Valadezek Horizontes Latinos saria irabazi zuten 2020an, 'Sin señas particulares' filmarekin. Mexiko-AEB mugaren arriskuak jasotzen zituen filmak, eta oso modu berezian kontatu zuten bertan gertatzen dena. Donostian aurkeztuko duten laneko protagonista Sujo da, Mexikoko kartel bateko pistolari baten semea. Aitaren hilketaren ondoren, Sujok heriotzatik ihes egingo du. Izebak landa eremuan haziko du, indarkeriatik urrundu nahian, baina nerabezaroan sartzean, errebeldia bertan sartuko da, eta tokiko kartel batean amaituko du. Ahazten zaila izango den filma dela uste dut.