Donostiako Zinemaldia datorren ostiralean hasiko da. AEBetako aktoreen eta gidolarien grebak ez du Donostiako 71. edizioa zapuztuko, baina bere eraginak nabarmen nabarituko dira Donostiako alfonbra gorrian. Hollywoodeko aktorerik ezin izango dugu ikusi eta horrek eragina izan du Donostia Sarian ere.
Aurten hiru Donostia Sari emango dira, baina saridun batek ezin izango du bere saria jasotzera etorri. Aktore hori Javier Bardem da, aktorea espainiarra bada ere, AEBetan lan egiten du aspalditik eta SAG aktoreen sindikatuaren kide da. Sindikatu honetako kide guztiak greban daude eta horregatik ezin izango da Donostiara etorri bere saria jasotzera. Beste saridunak, Victor Erice zuzendari euskalduna eta Hayao Miyazaki zuzendari japoniarra dira. Aurten ez dugu emakumerik aurkituko sari honetan eta Jose Luis Rebordinosek “ElDiario.es” hedabidean eman zuen elkarrizketa baten arabera AEBetako bi emakumek saria jasotzeko gonbidapena jaso zuten, baina greba dela eta ez dira etorriko.
Donostiako Zinemaldian askotan polemika piztu egiten da eta aurten Jordi Evoleren azken lanak eztabaida handia eragin du Zinemaldia hasi baino lehenago. Jordi Evolek Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohia elkarrizketatu du “No me llames Ternera” dokumentalean. Elkarrizketa luze eta mamitsua izango dela dirudi. Dokumentalaren aurka gutun bat idatzi dute 500 pertsonek eta dokumentala ikusi gabe “ETA txuritzeaz” leporatu diote Zinemaldiari Evoleren azken lana programatzeagatik. Donostiako Zinemaldiak erantzun irmoa eman dio gutunari eta argi esan dute ez dutela ulertzen nola kritikatu daiteken lan bat ikusi gabe eta Zinemaldian biolentzia inoiz ez dela zuritu adierazi dute. Gutun hau idatzi duten 500 pertsonek Evoleren lana ikusteko gogoak piztu ditu eta ikusteke dago zer gerta daitekeen Zinemaldiko 71. edizioan.
Greba eta polemikaz aparte, ia mundu osoko aktore eta zinemagileak Donostiako Zinemaldira begira jarriko dira hurrengo astean. Bertan, film oso desberdin eta interesgarriak ikusteko aukera egongo da eta sail desberdinetako film batzuk gomendatu nahi dut hurrengo lerroetan.
SAIL OFIZIALA
Un amor (Irailaren 25, 26 eta 27an ikusgai)
Isabel Coixet zuzendaria, Sara Mesa idazlearen izen bereko eleberrian oinarritu da bere azken lana egiteko. Hiriko bizimodu itogarritik ihes eginda, hogeita hamar urteko Nat-ek Espainiako landa-eremuan aurkituko du babesa, La Escapa izeneko herri txikian. Laia Costa aktorea dugu protagonistaren paperean eta erortzear dagoen landetxe batean, zakur basati zakar batek lagunduta, bere bizitza berreraikitzen saiatuko da. Bere etxejabearen etsaitasunari eta herriko biztanleen mesfidantzari aurre egin ondoren, Andreas bizilagunaren proposamen sexual kezkagarri bat onartuko du, halakorik egingo zuela pentsatuko ez bazuen ere. Topaketa arraro eta ilun horretatik pasio obsesibo ase ezin bat sortuko da. Nat erabat suntsituko du eta zer motatako emakumea den zalantza egitera bultzatuko du. Lan honek interes handia piztu du, Mesaren eleberriak arrakasta handia lortu duelako azken urteetan.
The Royal Hotel (Irailaren 26, 27 eta 28an ikusgai)
Kitty Green zuzendari australiarrak bi estatubatuarren bidaia erakutsiko digu. Hanna eta Liv motxilero gisa ari dira bidaiatzen Australian. Dirurik gabe geratu ondoren, Livek, The Royal Hotel izeneko pub batean aldi baterako zerbitzari-lan bat onartzeko konbentzituko du Hanna. Tabernako jabe Billyk eta hango pertsona talde batek Australiako alkoholaren kulturari buruzko sarrera zoro bat eskainiko diete, baina egoera kezkagarri batean harrapatuko dituzte laster Hanna eta Liv eta berehala galduko dute kontrola. Kitty Green zuzendaria matxismoa salatzen maisua da. Bere lehen fikzioan Me Too mugimenduaren inguruko film aparta egin zuen “The Assistant”ekin. Film hartan Julia Gardner aktorearekin lan egin zuen eta Zinemaldian ikusiko dugun lan honetan ere aktore honen lana ikusteko aukera izango dugu.
Le Successeur (Irailaren 26, 27, 28 eta 29an ikusgai)
Xavier Legranden azken lana Alexandre Posteren “La ascendencia” eleberrian oinarritua dago. Ellias Barnès 30 urteko gizona da eta Parisko moda-etxe ospetsu bateko zuzendari artistiko izendatu berri dute. Alabaina, bularrean mina sentitzen hasiko da. Egun batetik bestera, Montrealera itzultzeko deituko diote aitaren hileta antolatzeko. Aita-semeak aldenduta zauden elkarrengandik. Ellias ohartuko da agian bihotz ahul bat baino askoz okerragoa den zerbait heredatu duela aitarengandik.
PERLAK
Fallen Leaves (Irailaren 22, 23 eta 24ean ikusgai)
Finlandiatik datorren zinema gutxitan izaten dugu gure pantailetan, baina Aki Kaurismäki zuzendari finlandiarraren zinema estreinatzen denean oso erraza izaten da gurera iristea. Kaurismäkiren zinema oso berezia da, batez ere bere umorea nahiko fina delako. Helsinkiko gauean kasualitatez topo egingo duten bi pertsona bakartiren istorioa ekarriko digu. Beren bizitzako lehen eta azken maitasuna −maitasun bakarra− aurkitu nahi dute. Alabaina, xede horretarako bidea zaildu egingo dute gizonaren alkoholismoak, telefono-zenbaki galduek eta bizitzak zorionaren bila daudenen bidean oztopoak jartzeko duen joera orokorrak. Komedia erromantiko nahiz atipikoa ikusiko dugu FIPRESCI saria jasoko duen film honen bitartez.
Monster (Irailaren 23, 24 eta 25ean ikusgai)
Donostiako Zinemaldian Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarraren filmak ikusteko aukera izatea oso ohikoa da. Bere lan ia guztiak Zinemalditik pasa dira eta bere azken lanak bertan egon behar zuen zalantzarik gabe. Koreeda familia gatazkak pantaila handira ekartzen maisua da. Kasu honetan, Minato eta bere amaren arteko erlazioa ikusiko dugu. Minato mutiko gazte bat da eta arraro jokatzen hasten dela dirudi. Bere amak zerbait gaizki doala uste du. Horren erruduna Minatoren irakaslea dela jakingo du eta pixkanaka egia zein den jakin nahi du. Zuzendari japoniarrak gatazka gogorrak polit egiten ditu askotan eta horregatik pena merezi du film hau ikusteak.
May December (Irailaren 24, 25, 26 eta 27an ikusgai)
Batzuetan errealitatea eta fikzioa nahasten dituen filmak ikustea interesgarria egiten da. Todd Haynes zuzendari estatubatuarrak benetako gertakizunetan inspiratua dagoen filma ekarriko digu. Ezkonduta egonik eta hiru haur izanik, irakasle bat atxilotu egin zuten 13 urteko ikasle batekin sexu-harremanak izateagatik. Kondenaren ondoren, aske geratu zen emakumea baina ez zuen bete adingabea berriz ikusteko debekua. Haurdun utzi zuen mutikoak, eta beste 7 urteko espetxe-zigorra bete behar izan zuen emakumeak, bortxaketa egotzita. 20 urte geroago, Hollywoodeko aktore batek bere istorioari buruzko film bat egin nahi du eta prozesu hori erakutsiko digu filmak.
Evil does not exist (Irailaren 27, 28, 29 eta 30ean ikusgai)
Ryusuke Hamaguchi zuzendariaren azken lanak Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen. “Drive My Car” filmaren arrakastaren ostean, naturaren defentsa egingo duen film batekin dator. Takumi eta bere alaba, Hana, Tokiotik gertuko herri batean bizi dira. Herri horretan kanping moduko bat eraikin nahi dute, Takumi eta Hanaren etxetik nahiko gertu. Eraikuntza honek aita-alaben bizitzan eragina izango du eta horretaz gain, etxe inguruko basoan gauza asko alda daitezke. Hamaguchiren lanaren jarraitzaileak irrikitan daude azken lan hau ikusteko.
ZINEMIRA
Tetuan (Irailaren 24, 25 eta 26ean ikusgai)
Iratxe Fresnedaren filma Gijoneko zinemaldian aurkeztu zen eta Bilboko Zinebi jaialdian ikusgai egon zen ere. Donostian ikusteko aukera egon zen ere Donostiako Giza Eskubideen jaialdian, baina Donostiako Zinemaldian egotea ohorea izango da zuzendari bizkaitarrarentzat. “Tetuan” migrazioaren inguruko film bat da. Erregistroaren trilogiaren azken lana da eta bizitza desberdinak nahasten ditu lan honetan. Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed munduko toki desberdinetan jaio ziren eta beste toki batean bizi izan dira. Migratzaileak dira eta Iratxe Fresneda ezagutu dute denek modu batera edo bestera. Fresnedak bidai oso berezi bat egin du beraien bizitzak erretratatzen. Sentsibilitate oso berezia du Fresnedak eta oso gomendagarria da bere azken lan hau ikustea.
Bidasoa 2018-2023 (Irailaren 28 eta 29an ikusgai)
Europar Batasuna sortu zenean mugak desagertu ziren, baina gaur egun Hendaia eta Iruneko muga oso presente dago migratzaileentzat. 2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak. Helburu bakarra zuen: Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragoztea eta horrek 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Fermin Muguruzak zuzendutako dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz. Gure etxetik hain gertu dugun errealitate gordin hau hobeto ezagutzeko aukera bikaina dugu lan hau.
MADE IN SPAIN
No me llame Ternera
(Irailaren 23 eta 24ean ikusgai)
Polemika sortzeaz gain, Jordi Evoleren azken lana ikusteko gogoa piztu da Donostiako Zinemaldian. ETAn funts-funtsezkoa izan zen pertsona bati egindako elkarrizketa esklusibo bat dakar kazetari katalanak. Josu Urrutikoetxearen (Josu Ternera ezizenez ezagunagoa) elkarrizketa dakar lan honek eta talde terroristari barrutik inoiz ikusi gabeko begirada bat ematen dio dokumentalak. Zenbait une erabakigarri jorratzeaz gain, gatazkaren biktima bati duela ia 50 urte jasandako atentatuaren inguruko zalantzak argitzeko aukera eman dion elkarrizketa tirabiratsu eta sakona izango dugu ikusgai.
ZABALTEGI
TABAKALERA
Orlando, mi biografía política (Irailaren 23, 24, 25 eta 26ean ikusgai)
Paul B. Preciado filosofoak generoaren inguruan asko idatzi du. Bere lan akademikoak arrakasta asko lortu du LGTBIQ+ kolektiboan eta bere ikusentzunezko lehen lanarekin dator Zinemaldira. 1928an, Virgina Woolfek Orlando argitaratu zuen; istorioaren erdian pertsonai nagusia sexuz aldatzen zen lehen eleberria izan zen Orlando. Mende bat geroago, Paul B. Preciado filosofoak Virginia Woolfi gutun bat idaztea erabaki du. Bere Orlando fikziotik atera da eta inoiz imajinatuko ez zuen bizitza emango dio filmaren bitartez. Film oso berezia izango da eta Paul B. Preciadoren jarraitzaileentzat oso aukera berezia izango da bere lana ikustea.
HORIZONTES LATINOS
El eco (Irailaren 24, 25, 26, 27 eta 30ean ikusgai)
Mexikoko errealitatea erakusteko begirada oso berezia du El Salvadorko Tatiana Huezo zuzendariak. “Tempestad” eta “Noche de Fuego” lanetan fikzioa eta Mexikon ematen diren bizitza zailak maisuki nahasten zituen. Bere azken lana dokumental bat da. El Eco Mexiko iparraldeko urruneko herri bat da eta hango bizitza gauzarik xumeenek osatzen dute. El Econ haurra izatea esperientzia paregabea da lehen egunetik, natura, animaliak eta pertsonak nahasita bizi baitira bertan, baita maitasuna, intimitatea eta bizitzaren zikloak ere. Eta, jakina, hezkuntza ere bai, gazteenentzat behintzat. Lan honek dokumental onenaren saria jaso zuen Berlineko zinemaldian.
BELODROMOA
Esta ambición desmedida (Irailaren 27 eta 28an ikusgai)
El Madrileño diskoaren arrakastaren ondoren, C. Tanganak bere ibilbideko birarik anbiziotsuena sortzeko eta zuzenekoaren kontzeptua iraultzeko erronkari aurre egin zion. Santos Bacana, Cristina Trenas eta Rogelio Gonzalez zuzendariek C. Tanganaren atzetik egindako lau urtetik gorako bidaia erakutsiko digute. Kuban diskoa sortu zuen garaitik abiatuz, beste hainbat alderdi biltzen ditu: show-aren kontzeptualizazioa, negoziazioen gogortasuna, entseguak, elkarrizketa deserosoak, ospakizun intimoenak eta Espainia eta Latinoamerika osoan emandako kontzertuen zurrunbiloa. C. Tanganaren giraren kontzertu batera joan garenok, artista madrildarrak emandako espektakuluarekin aho bete hortz geratu ginen, kontzertuan sartzerakoan film bat ikusten ari ginela uste genuen eta. Orain kontzertu eta film hori dokumental batean bihurtu da. C. Tanganaren jarraitzaileentzat lan ezinbestekoa izango da.
SARRERAK
Sarreren salmenta progresiboa izango da. Igande honetan, hilaren 17an 9:00etan hasiko da. Egun horretan, ezingo dira sesio guztietako sarrerak erosi. Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako (ostirala 22, larunbata 23 eta igandea 24) sarrerak salgai jarriko dira bakarrik. Hilaren 18an, astelehenean hilaren 25ekoak, 26koak eta 27koak erosi ahalko dira eta aurreko egunetako sarrera eskuragarriak erosteko aukera izango da ere. Azkenik, hilaren 19an asteartean, 28koak, 29koak eta 30ekoak salgai egongo dira ere, beste egunetako sarrerekin bat. Sarrera guztiak sansebastianfestival.janto.es eta kutxabank-zinemaldi.janto.es webguneetan egongo dira salgai.