Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioa indartsu dator, Covid-19aren unerik latzenen ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Garcia Gonzalez 2021ko ira. 14a, 00:00

Zhang Yimou zuzendariaren 'One second' pelikulak irekiko du sail ofiziala.

Zinemaldia ostiralean hasiko da, eta aurten ere aretoen edukierak murriztu egingo dira, ez da festarik antolatuko, eta alfonbra gorriak publikorik gabe egingo dira.

Donostiako Zinemaldia ostiralean, irailaren 17an, hasiko da, eta aurreko urtean bezala, Covid-19aren aurkako babes neurri zorrotzak hartuko dira. Edukiera txikiagoak izango dituzte aretoek, alfonbra gorriak publikorik gabe egingo dira, eta festak bertan behera geratu dira aurten ere. Horrek ez du kenduko zinemaz gozatzeko aukera aparta. Ostiraletik aurrera kategoriako zinema eskaintza edukiko dugu Donostian. Sarrerak igandean jarri ziren salgai, eta oraindik badago zer erosi. Bertan zer ikusi ez badakizue, Donostiako Zinemaldian ikusgai egongo diren filmen aukeraketa berezia egin dizuet.

SAIL OFIZIALA

'One Second' (Irailaren 17an eta 18an ikusgai)

Zhang Yimou zuzendari txinatarraren azken filmak emango dio hasiera Zinemaldiari.

Preso bat Txinako ipar-mendebalde suntsituko lan-esparru batera bidali dute, Txinako Iraultza Kulturalaren garaian. Alaba film batean filmatu dute, eta bera ikusteko xede bakarrarekin, handik atera eta gertuko herri bateko zinema-aretora ihes egitea lortuko du. Han, film-zinta hori aurkitu eta bereganatzea espero du. Bertan, emakume eskale batekin gurutzatuko da, eta emakumeak kopia bera nahi duela jakingo du. Bitxia bada ere, objektu misteriotsu hori, bi pertsonaiek arrazoi ezberdinengatik irrikatzen dutena, ustekabeko adiskidetasun baten eragile bihurtuko da.

'Maixabel' (Irailaren 17an, 18an eta 19an ikusgai)

Iciar Bollaín zuzendariak Maixabel Lasaren istorioa kontatuko digu, Blanca Portillok eta Luis Tosarrek egindako lanean. Juan Maria Jauregiren erailketaren ostean, bere emazte zen Maixabel Lasak bere senarra hil zuen gizonetako batekin hitz egin zuen Langraiz Okako espetxean. Beraien arteko elkarrizketa hori kritikatua izan zen, baina Maixabelek argi zuen «mundu guztiak beste aukera bat merezi duela». Beraien arteko erlazioa film bilakatu izana aukera aparta izango da euskal gatazkaren beste ikuspuntu bat ezagun egiteko. 

'Quién lo impide' (Irailaren 22an, 23an, 24an eta 25ean ikusgai)

Jonás Truebaren lana ez da erraza izango ikuslearentzat. Ia lau ordutako lana nerabezaroari eta gaztaroari buruz dugun pertzepzioa aldatzeko dei bat da. XXI. mendearen hasieran jaio eta 2020an adin-nagusitasunera iritsi direnen bizipenak jasoko ditu lan honek; orain guztiaren errudun diruditen baina itxaropenak murrizten ari zaizkien horienak. Dokumentalaren, fikzioaren eta lekukotasun-erregistro hutsaren arteko lan honetan, nerabe gazteak diren bezala azaltzen dira, baina gutxitan ikusi ohi ditugun edo ikusten uzten diguten moduan: zinema-kamera baliatzen dute euren alderdi onena erakusteko eta etorkizunarekiko konfiantza itzultzeko. Zuzendari madrildarraren zaleak irrikitan gaude lan hau ikusteko.

'El buen patrón' (Irailaren 20an, 21ean eta 22an ikusgai)

Fernando León de Aranoak berriro aukeratu du Javier Bardem, bere azken lanerako. Loving Pablo eta Los lunes al sol filmen ostean, Basculas Blascoko nagusia izango da Bardem. Enpre­san dena ondo doala dirudi: negozioa ondo doa eta sari bat jasoko dute. Batzorde batek edozein unetan bisita egingo diela espero dute, eta dena prest utzi behar dute ordurako. Dena ez da ondo joango, langileekin dauden arazoak agerian geratuko dira eta nagusi ona izan nahi badu, Blancok arazoak konpondu beharko ditu. Aranoak klase langilearen arazoak berriro ekarriko ditu pantaila handira, lan honekin.

PERLAK

'Titane' (Irailaren 17an, 18an eta 19an ikusgai)

Julia Ducournau zuzendariak Canneseko Urrezko Palmorria irabazi zuen. Historia egin du, bera izan delako sari hau bakarrik irabazi duen lehen emakumea. Filmean azalpenik gabeko krimen batzuen ondoren, aita batek duela 10 urte desagertutako semea aurkituko du berriz. Cannesen arrakasta lortu zuen filmak, eta Donostian ere berdina lortuko duela dirudi.

'Benedetta' (Irailaren 19an, 20an, 21ean, 22an eta 24an ikusgai)

Paul Verhoeven zuzendari herbeheretarrak XV. mendearen ama­ierara eramango gaitu, eta bertan, Benedetta mojaren istorioa ezagutuko dugu. Benedettak gazte-gaztetatik mirariak egiteko gaitasuna izan du; komunitatera iritsi eta berehalako eragina izango du bertan. Moja hau ezaguna egin zen lesbiana zelako, eta hori filmean kontatu izana probokazio gisa hartu dute batzuek.

'Petit Mamam' (Irailaren 18an, 19an, 20an, 21ean eta 24an ikusgai)

Céline Sciamma zuzendari frantziarraren film guztiak gogoko ditut. Umeen istorioak kontatzeko maixua dela argi utzi zuen Tomboy filmarekin. Retrato de una mujer en llamas filmaren arrakastaren ostean, Berlineko jaialdian aurkeztu zuen bere azken lana. Bertan, Nelly izango dugu protagonista, zortzi urte ditu eta amona galdu berri du. Gurasoei laguntzen dien bitartean, bere ama Marion haurtzaroan jolasten zeneko etxearen inguruak arakatzen ditu, eta han aurkituko du zuhaitzeko etxea. Maiz hitz egin diote etxe hari buruz. Amak alde egingo du bat-batean, eta orduan, Nellyk bere adineko beste neskato bat ezagutuko du basoan, eta zuhaitzean etxe bat eraikitzen hasiko dira elkarrekin. Lagun berriak Marion du izena.

'The French Dispatch' (Irailaren 22an, 23an, 24an eta 25ean ikusgai)

Wes Andersonen zinemaren estiloa oso berezia da. Bere filmak berezi egiten dituena bere estetika zaindua da. Zuzendari estatubatuarrak kazetarientzako maitasun-gutun bat egin du film honekin. Egunkari estatubatuar baten erredakzioan dago girotuta, XX. mendean, Frantzian, fikziozko hiri batean, eta The French Dispatch aldizkarian argitaratutako istorio-bilduma bat irudikatzen du. Aktore-zerrenda zabala du film honetarako; besteak beste, Benicio Del Toro, Frances McDormand, Je­ffrey Wright, Adrien Brody, Timothée Chalamet, Léa Seydoux, Tilda Swinton, Mathieu Amalric, Lyna Khoudri, Stephen Park, Owen Wilson eta Bill Murray agertzen dira bertan.

'The hand of God' pelikulak kritika oso onak jaso ditu, eta 'Eztabaidak' sailean ikusi daiteke.

EZTABAIDAK

'The hand of God'  (Irailaren 20an, 21ean, 22an, 24an eta 25ean ikusgai)

Paolo Sorrentino zuzendari italiarrak irailaren 22an Master Class berezi bat emango du Zinemaldian. Aukera hori probestuz, bere azken lana ikusgai egongo da Donostian.  Napolira eramango gaitu Sorrentinok, bere jaioterrira, zehazki 1980ko hamarkadara. 17 urteko gazte bat da Fabietto Schisa, eta bere bizitza pare bat gertakarik aldatuko dute. Batetik, Maradona iritsiko da Napolira, eta bestalde, ezbehar batek Fabiettoren bizitza guztiz aldatuko du. Jainkoaren eskuak salbatuko du Fabietto. Sorrentinok bere bizitzako pasarte latz bat ekarriko digu film honetan, eta ikusteko irrikitan nago.

ZINEMIRA

'Bolante baten historia' (Irailaren 18an, 19an eta 20ean ikusgai)

Iñaki Alforja eta Iban Toledo zuzendariek José Miguel Etxeberria Álvarez Naparraren desagerpenaren inguruko dokumentala egin dute. Desagerpen batek dituen ondorioak erakutsi nahi izan dituzte zuzendariek, eta kasu honetan familiaren bizipena ezagutuko dugu. Enekok, berrogei urte pasa ostean, bere anaiaren desagerpenak egindako zauria sendatu nahi du, eta bere testigantza jaso du dokumental honek.

'Fantasia' (Irailaren 21ean eta 22an ikusgai)

Aitor Merino aktore moduan ezaguna egin zen Montxo Armendarizen Historias del Kronen lanarengatik. Asier eta Biok dokumentalaren ostean, zuzendari moduan ere ezaguna egin zen. Lan honengatik 2013 urtean Irizar saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Oraingoan dokumental berri batekin itzuliko da, berriro ere bere gertuko pertsonen intimitatean sartuz. Kasu honetan, bere gurasoak, bere arreba eta bera dira laneko protagonistak. Opor bereziak izango dituzte laurek: Fantasia deituriko itsasontzi batean bidaia egingo dute, eta bertan bizitakoa ikusiko dugu.

'Pandemic Tour 2020 Belako' (Irailaren 18an, 19an eta 20an ikusgai)

Hernán Zin zuzendariak Covid-19­ak sortutako egoerak musikan nola eragin duen erakutsi nahi izan du. Bereziki, Belako taldeari nola eragin zion ikusiko dugu, egin duen dokumentalean. Bizkaiko taldea bere munduko biraren lehen kontzertua ematen ari zen New Yorken. Kontzertuaren ostean AEBtako presidente ohi zen Donald Trumpek mugak itxiko zituztela esan berri zuen, eta horren ostean, 2020 urterako prest zituzten 60 kontzertuak bertan behera geratu ziren. Une horiek nola bizi zituzten ikusiko dugu, eta egoerari aurre egiteko zer asmatu zuten ere bai. Belako taldearen jarraitzaileentzako derrigorrezko dokumentala da honakoa, eta gozatuko dute ikusitakoarekin.

'Paperezko Hegoak' (Irailaren 23an eta 24an ikusgai)

Euskaldunon Egunkariaren aurkako prozesua nola egin zen jakin nahi baduzue, Josu Martinezek eta Samara Veltek zuzendutako lanean gehiago jakiteko aukera izango duzue. Galdera askori erantzuna ematen saiatuko dira: Zer dela eta erabaki zuen Estatuak haren kontra jotzea? Zer bilatzen zen euskalgintza mugimenduko pertsona ezagun eta prestigiotsuak atxilotu, torturatu eta publikoki umiliatzean? Zergatik itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra? Galderei erantzuteko, fokua garaiko gako eta faktore ezberdinetan jarriko du. Ikerketa sakon baten ondorioa da dokumental hau, lehen mailako pertsonaien testigantzen bidez eta Egunkariaren beraren artxiboetatik ateratako irudi ineditoei esker, orain arte ezezagunak diren ikuspegi eta datuak azalaratzea izango da filmaren apustua.

HORIZONTES LATINOS

'La caja'  (Irailaren 22an, 23an, 24an eta 25ean ikusgai)

Lorenzo Vigas zuzendariak bere lana Venezian aurkeztu berri du. Filmak Hatzinen istorioa kontatzen digu. Mexiko Hiriko nerabe bat da Hatzin, eta aitaren gorpuzkia jasotzera joan da. Mexiko iparraldeko hobi komun batean aurkitu dute aitaren gorpua. Ezustean aitaren oso antzeko itxura duen gizon batekin topo egitean, zalantza eta itxaropena piztuko zaizkio Hatzini, haren benetako atarramenduaren inguruan.

'Noche de fuego' (Irailaren 20an, 21ean eta 22an ikusgai)

Tatiana Huezo zuzendari salvadortarrak Tempestad bere aurreko lanarekin liluratu ninduen. Oraingoan, Mexikoko mendietan kokaturiko herri bakarti batera eramango gaitu lan honek. Bertan, neskatoek mutilen tankerara mozten dute ilea, eta lurpean ezkutalekuak dituzte. Ana eta bere bi lagun onenak, ihes egindako pertsonen etxeak okupatu eta emakumez mozorrotzen dira, inork ikusten ez dituenean. Magia eta alaitasunezko unibertso zeharkagaitz batean bizi dira bi lagunak; eta bien bitartean, amek esklabo edo mamu bihurtzen dituztenengandik ihes egiteko prestatzen dituzte. Baina, egun batean, nesketako bat ez da ezkutalekura garaiz iritsiko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!