Amaia Garcia Gonzalez
Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik zuzendutako La Trinchera Infinita filmak bi sari jaso zituen epaimahai ofizialaren esku (zuzendari onenaren saria eta gidoi onenaren saria) eta guztira sei sari jaso dituzte jaialdian. Rio de Janeiroko fabela baten bizitza erakusten duen Pacificado filmak aldiz, 3 sari jaso zituen, besteak beste, hain preziatua den Urrezko Maskorra.
Aurten ere, kritika eta epaimahaia ez dira ados egon Donostiako Zinemaldian. Kritikak La Trinchera Infinita pelikula saritu du FIPRESCI sariaren eta Feroz sariaren bitartez. Euskal produkzioa izanik ere, Andaluziako istorio bat kontatzen digu film honek. Gerra Zibilean Higinio bere etxean ezkutatu zen eta 30 urte eman zituen horrela, frankismoak amnistia legea egin zuen arte. Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik gazteleraz lehen aldiz egin duten filma da eta zinemaldiko arrakasta hau, hurrengo hilabeteetan izango dutenaren hasiera dela esan daiteke. Kalitate handiko filma egin dute eta filma, areto komertzialetan, urriaren 31n estreinatuko da. Goya eta Feroz sarietan gogokoenen artean egongo den pelikula dela argi dago.
Pacificado izan da Urrezko Maskorra jaso duen filma. Horretaz gain, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta argazki onenaren Epaimahaiaren Saria jaso du ere. Paxton Winters zuzendariak fabela baten bihotzera eraman gaitu film honen bitartez, zehazki, Rio de Janeiroko Joku Olinpikoen osteko unera. Lan aparta da honako hau ere, baina ez zegoen faboritoen artean. Harridura handiz jaso zen albiste hau prentsa aretoan, askok uste zutelako Urrezko Maskorra La Trinchera Infinitak jasoko zuela.
Belen Funesen La hija de un ladrón pelikulan egindako lanarengatik, Greta Fernandez aktore katalanak ere Zilarrezko Maskorra jaso du. Funesen lehen luzemetraian Sara eta bere aitaren erlazioa dugu hizpide. Sara 21 urtetako gaztea da, baina bere gainean ardura asko ditu: bere semea, bere neba eta bere bizitza aurrera atera nahi ditu, baina ez du lan egonkorrik. Film honek Bartzelona inguruko periferian bizi den egoera zaila erakutsiko digu, baina Sararen begietatik. Filma orainaldian kontatua dago eta iraganean gertatu zenari ez zaio erreferentzia egiten. Aktore protagonistak Greta eta Eduard Fernandez aita-alabak dira eta lan honengatik jaso du aktore gazteak hain preziatua den saria.
Sari nagusiez gain, pelikula gehiago egon dira ikusgai Donostian aste honetan. Aipatzekoa da aurten ohitura zahar bat berreskuratu dela Zinemaldian. Ustekabeko filma izan da berritasuna, astean zehar jakin zen Joker izango zela ustekabeko filma, baina jaialdiaren hasieran ez genekien zein pelikula egongo zen ikusgai larunbateko emanaldian. Aukeratutako pelikulak Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia jaso zuen eta Joaquin Phoenixen aktore lana ikaragarria da. Anti heroi bat dugu film honetan, DC Komikietako pertsonaia dena. Jokerra Batmanen arerio historikoa da, baina film honetan ez dugu Batman aurkituko. Gizon traumatizatu baten bizitza ikusiko dugu, bere amarekin bizi da eta pailazo lana ez doakio oso ondo. Fabula aparta da eta sistema kapitalistaren kritika bikaina da. Joker Oscar sarietarako faboritoen artean jarri da eta agian urteko film onenen zerrendan ere egongo da. Ikusteke dago Joaquin Phoenixek Oscar saria jasotzen duen lan honengatik, merezia du eta.
Veneziako zinemaldian aurkeztu zen beste pelikula bat da Pablo Larrain zuzendari txiletarraren Ema. Estatu Batuetan lan egin ostean, film honen bitartez Larrain Txilera itzultzen da. Valparaisora eramango gaitu zehazki eta bikote gazte baten drama kontatzen digu, reggetoi doinuekin. Ema eta Gastonek, haur bat adoptatu ostean, kustodia galdu egiten dute eta galera horren ondorioak ikusiko ditugu film gogor eta zoro honetan. Larrain Emaren barnera sartuko da eta bere etsipena sentituko dugu pantaila handian. Erlazio konbentzionalak apurtzen ditu pelikulak eta Emaren bitartez, familia eredu desberdina sortuko da protagonisten artean. Zinemaldiko pelikula onenaren artean dagoen lana dela uste dut.
Donostiako Zinemaldira askotan etorri da Gael Garcia Bernal aktore eta zuzendari mexikarra. Aurten ere lan ugari aurkeztu ditu, besteak beste, Larrainen Ema, Penelope Cruzekin egin duen Wasp Network eta baita berak zuzendari moduan aurkeztu duen Chicuarotes. Azken lan hau zuzendari moduan egin duen bere bigarren lana da eta Mexico DFko auzo ezezagun batera eramango gaitu. Bertan bi gazteren bizitza ikusiko dugu, beren auzotik ateratzeko edozer egiteko prest dauden bi gazte, zehazki. Beraien helburua lortzeko, hainbat ekintza bortitz egin beharko dituzte eta ez dute erraza izango. Indarkeriaz beteriko gizarte bat erakusten digu Garcia Bernalek eta proposamen aski interesgarria aurkeztu zuen Horizontes Latinos sailean.