Donostia izarrez beteko da, Zinemaldiaren 66garren edizioan

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Garcia Gonzalez 2018ko ira. 22a, 02:00

AMAIA GARCIA GONZALEZ

 

Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioa atzo hasi zen, El amor menos pensado pelikula argentinarrarekin. Aurtengo edizio­ak Hollywoodeko aktore eta zuzen­­dariz beteko du Donostia. Bes­te­ak beste, Ryan Gosling, Lily-Rose Deep edota Bradley Cooper aktoreak egongo dira datozen egunetan Donostiako aretoetan. Horrez gain, Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrak, Danny DeVito aktore estatubatuarrak eta Judi Dench aktore ingelesak, Donostia saria jasoko dute. 

Aurten, Sail Ofizialean ez da egongo euskaraz egindako peli­kularik, baina euskal zinemak garrantzia handia izango du, Oreina, Dantza, Margolaria edota Black is beltza pelikulak aurkeztuko direlako. Film hau­ek, Euskal Zinemaren Irizar Saria jasotzeko aukera izango dute; eta Ramon Agirre aktore donostiarrak Zinemira saria jasoko du, Euskal Zinemaren galan.

Gainera, Donostiako zine aretoak film oso interesgarriz beteko dira, eta mota askotako filmak ikusteko aukera izango da egun hauetan.

El reino 
Irailak 22 eta 23

Rodrigo Sorogoyen zinegilearen pelikula berriak thrilller politiko bat ekarriko digu Sail Ofi­zia­lera. Manuel ustelkeria kasu batean sartuta dago, eta bere alderdi politikoaren babesik gabe geratu da. Protagonista bere egoerari aurre egiten ikusiko dugu filmean. Aktore protagonista Antonio de la Torre da, eta berarekin Barbara Le­nnie aktorea ere ikusiko dugu. Ez da lehenengo aldia, Sorogo­yen Zinemaldiko sail ofizialean dagoena: duela bi urte Que diós nos perdone filma aurkeztu zuen, eta gidoi onenaren saria irabazi zuen.

Quién te cantará 
Irailak 25, 26, 27 eta 28

Carlos Vermut zuzendariak, due­la lau urte, hitzik gabe utzi zuen Zinemaldiko kritika eta publikoa, Magical Girl lanarekin. Aurten, Quién te cantará aurkeztuko du Sail Ofizialean, eta berriro ere Urrezko Mas­ko­rra irabazteko aukera izango du. Oraingoan, Vermutek abeslari baten memoria galtzearen istorioa ekarriko du lehiaketara. Torontoko zinemaldian ere aurkeztu du pelikula, eta kritika oso onak jaso ditu jada. Ikus­teke dago 2014 urtean lortutakoa errepikatzeko aukera izango duen Vermutek aurten.

Roma 
Irailak 26, 27, 28 eta 29

Alfonso Cuaron zuzendari me­xi­karrak Venezian aurkeztu berri du film hau, eta Urrezko Lehoia irabazi du, Mexiko DFko Roma auzoko emakumeen bi­zi­tza erakusten duen filmarekin. Perlas sailean ikusiko den film honek, omenaldi bat egin nahi die zuzendari mexikarra zaindu zuten emakumeei. Net­flixek ekoiztutako filma da, eta agian, Zinemaldian izango da  aukera bakarretarikoa, pantaila handian ikusteko.

Mudar la piel 
Irailak 22, 23 eta 24
 
Zinemira saila ireki zuen atzo, Ana Schulz zuzendariaren do­ku­­mentalak. Juan Gutierrez, Schulzen aita, ETAren eta Espai­niar gobernuaren arteko bitartekaria izan zen 80 eta 90eko hamarkadetan. Garai horietan, lagun on bat egin zuen, Ro­ber­to Flórez. Juanek ez zekiena zen, Roberto CNIko kide bat zela, eta urte batzuen ostean, traizio handi bat egingo ziola Ro­ber­tok Juani. Traizio horrek eragindakoaz eta euskal gatazkaz hausnartuko du Ana Schulzek, bere gurasoekin. Horrez gain, prozesu zinematografikoaren ga­rrantzia erakusten du zuzendariak, bere lehen lan luzean. 

Oreina
Irailak 25, 26 eta 27

Zuzendari Berrien sailean aurkeztuko du Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak, bere azken pelikula. Aurreko urteetan, bere azken lanak aurkeztu ditu Zinemaldian: 2017 urtean Plagan laburmetraia aurkeztu zuen, eta 2016an Sipo Phantas­ma luzemetraia. Oreina pelikulak Khalilen egunerokora gerturatuko gaitu. Khalil periferian bizi den gazte bat da, eta ahal duen bezala bizi da, ibaiaren ertzean agure batekin. Padura eta mareak ezinbestekoak izango dira maitasun, desamodio, laguntasun eta mendeku istorio honetan.

Las herederas 
Irailak 22 eta 23

Paraguaytik dator, Horizontes Latinos saila zabaldu duen pe­li­kula. Marcelo Martinessi zu­zendariaren lana Paraguayko akademiak aukeratu du, Oscar sarietan atzerriko hizkuntzan egindako pelikularen sarian hautagai izan dadin. Gainera, Sebastiane Latino saria jaso zuen atzo, Chela eta Chiqui­ta­ren istorioa kontatzen duen pelikulak. Bi emakumeak ez daude bere bizitzako momentu onenean. Chiquita iruzur egi­teagatik salatu dute, eta Chelak bere bizitza erosoa utzi behar du taxista moduan lan egiteko. Beraien arteko erlazioa ikusiko da film honetan, eta Para­guay­ko errealitatera gerturatzeko aukera izango dugu. 

Shoplifters 
Irailak 23, 24, 25 eta 26

Aurtengo Donostia Saria jasoko du­tenen artean dago, Hirokazu Kore-­eda zuzendari japoniarra. Bere lana ia urtero ikusi daiteke Zinemaldian, eta horregatik ja­so­ko du saria. Bere az­ken lanak, Urrezko Palma irabazi zuen Canne­seko jaialdian. Bihar, Do­nostia Saria jaso ostean, filma ikusteko au­ke­ra egon­go da, eta baita datozen egunetan ere. Irailaren 16an, filmeko protagonista bat zen­du zen. Kirin Kiki aktoreak hainbat pelikula egin ditu Kore-edarekin, eta 75 urterekin kantzerraren ondorioz hil da. Beraz, pelikula hau ikusteko hainbat arra­zoi daude. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!