Jon Garaño, astigartarra, eta Aitor Arregiren pelikularen sesio guztien sarrerak salmentaren lehen orduetan agortu ziren, baina badago zer gehiago ikusi zortzi egunetan zehar.
‘Handia’ Irailak 24, 25 eta 30
Loreak pelikularen arrakastaren ostean, jende guztiak ikusi nahi duen pelikula da eta horregatik agortu ziren hain azkar sarrerak. Migel Joakin Eleizegiren bizitza ez zen arrunta izan, etengabe hazten zen. Bere anaia Lehen Karlistalditik itzuli ostean, ez zuen ulertzen zer gertatzen zitzaion Migueleri. Altzoko Handia bezala ezagutzen dugun pertsonaiaren bizitzan oinarritutako pelikula dugu honakoa.
‘Morir’ Irailak 27, 28 eta 29
Fernando Franco zuzendari andaluziarraren azken pelikula da Morir. 2013. urtean Marian Alvarez aktorearekin bi sari irabazi zituzten La herida pelikularekin. Morir pelikulan ere Marian Alvarez aktorea izan da protagonista. Lehiaketatik kanpo dagoen arren, Sail Ofizialean aurkituko dugu Luis eta Martaren istorioa kontatzen duen pelikula.
Gezurrek, erruak eta beldurrak proban jarriko dute bikotearen egonkortasuna. Pelikularen soinu banda Maite Arrotajauregik (Mursego) egin du, besteak beste Amama pelikularen soinu banda egin zuen musikagilea da.
‘The Disaster Artist’ Irailak 28 eta 29
James Franco zuzendariak zinemaren bitxikeri bat ekarri digu pelikula honetan. Tommy Wiseauren The Room pelikula historiako txarrena da eta haren prozesua erakutsiko digu The Disaster Artist pelikulak. Barre egiteko aukera aparta izango da.
‘Una mujer fantástica’ Irailak 23 eta 24
Horizontes Latinos saila ireki eta Sebastiane Latino Saria jaso zuen atzo Sebastian Lelioren Una mujer fantástica azken pelikulak. Marinaren istorioa kontatzen duen pelikulak Berlinen gidoi onenaren saria jaso zuen. Marinaren bikotea hil egin da eta Orlandoren falta gainditzeaz gain, Orlandoren familiaren kritikak jasan behar ditu Marina emakume transexuala delako.
‘The square’ Irailak 23 eta 25
Canneseko zinemaldiko pelikula irabazlea izan zen Ruben Östlunden azken lana. Arte garaikideko museo batera eramango gaitu pelikula honek. Pelikula honetako aktoreen artean Elisabeth Moss aktorea dago, aurreko igandean Emmy saria jaso zuena The Handmaid’s Tale telesailean egindako lanarengatik.