Ia konturatu gabe amaitu zaigu apirila eta egia aitortu behar badizuet, neri gaurko artikulu honek gaztelerazko “erdi jantzita” esaldiaren tankeran harrapatu nau. Eguraldi ona medio, nere burua kalera bota dut paseora, mendira, terrazetara, lagunengana...
Gure bizitza ziklikoa dela esaten digute, gorabehera ibiltzen garela askotan. Egia da batzuetan kosta egiten dela egin beharreko edo afizio batzuei gogotsu heltzea. Agian hori izan da hilabete honetan pantailatik urrun eduki nauen arrozoia? Nork daki.
Baino bai egia da, telesail bakan batzuk kenduta, nere denbora eta burua beste toki batzuetan jarri dudala. Udaberriaren etorrerak dakarren eromena akaso!
Zerrenda izugarriarekin hasten nuen hilabetea, hainbat eta hainbat gomendio eta estreinu bainituen. Baino ez dakit nola, ez dut nere burua behar nuen energiarekin ikusi hauetako gehienei eusteko.
Hortxe gelditu zaizkit Selftape (Filmin), Las buenas madres (Disney+), Tiny Beautiful Things (Disney+), The Marvelous Mrs. Masel (Amazon Prime video) galantaren denboraldi finala, Barry (HboMax) paregabearen laugarren eta azken denboraldiaren estreinua, The Diplomat (Netflix), Dead Ringers (Amazon Prime Video) Rachel Wiesz jainkosaren telesail laburra, Montecristo (Movistar+), Mr Davis (HboMax) Damon Lindelof nere telesail sortzaile gustukoenen proiektu berria, edota Tu tambien lo harías (Disney+).
Pendiente gelditzen dira ere zerrenda honetan artikulu hau idazten ari naizen bitartean iristear dauden Sweet Tooth (Netflix) fantastikoaren itzulera, Maria Leonen El hijo zurdo (Movistar+) eta Russo anaiek (Avengers, Marvel pelikula arrakastatsuen zuzendariek) sortu duten Citadel (Amazon Prime Video).
Hauek aipatzeko arrazoi nagusia, gogotsu zaudetenei aukera gehiago ematea da. Berezko kritika bat egiteko gaitasuna ez badut oraingoan, pentsatzen dudalako benetan aukera bat merezi duten proposamen desberdinak direla.
Hontaz aparte, bi dira goraipatu nahiko nituzkeen telesailak. Aurreko hilabeteetan estreinatutako beste batzuekin batera ikusi dut BEEF (Bronca) eta pentsatzen nuena baino gehiago behar nuen SOMEBODY SOMEWHERE seriearen itzulera.
BEEF telesailarekin hasi gaitezen. Netflix plataformaren bonba ixil berria. Apirilaren 6an estreinatu ziren telesail honen 10 kapituluak, eta, askotan gertatzen den bezela, ia soinurik egin gabe eta inolako publizitate gabe etorri zitzaigun. Arraroa badirudi ere, Netflixek ez ditu maite bere proposamen berezi edo ez mainstream-ak. A 24 Produktorak dakarren telesaila izanik, ikusmira haundia nuen hau ikusteko. Produktora honetatik etorri zaizkigu 2013 urtean sortu zenetik gaur egungo zine amerikarrean dauden proposamen ero eta interesgarrienak. Izen hau ikustearekin soilik badakit pelikula, telesail edo edonolako produkzioari jaramon egingo diodala. Steven Yeun ezaguna eta Ali Wong komedialari erraldoia buru dituen istorio labur honek, bere bi pertsonaiek kotxeekin izaten duten aparkalekuko istilu batek ekarriko duen mendeku grina azalduko digu. Bizitza zeharo ezberdina duten bi ezezagunek, beren erronka eta arazo pertsonalek gidatuta, izango duten gudu zital, lotsagabe eta zikiña ikusteko aukera emango digu. Modu frenetikoan mantenduko zaituzten ordu erdiko kapitulu barregarri naiz inozo hauek ederki gozatu ditut.
Bestetik, SOMEBODY SOMEWHERE, HBOMax zerbitzuan bueltan izan dugu bere bigarren denboraldiarekin astelehenean, hilaren 24an. Aurreko proposamenaren kontrako aldean aurkituko dugu telesail hau. Estatu Batuetako Kansas estatuan bizi diren Sam eta Joel lagunen egunerokoan sartuko gaituen kontakizun zoragarria dugu. Urteak eta arazoak pilatzen joaten zaizkigunean, biziak kolpeka tratatu gaituenean, eguneroko aspergarrian murgildurik gaudenean edota familia eta ingurukoekin dugun harremana ulergaitza bihurtzen denean zer egin? Telesail honek ez digu erantzunik emango, hori espero bazenuten. Tira bira honetan gure bi protagonistek izango dituzten bizipenak eta saiakerak kontatuko digun telesail ederra dugu. Perfektu itxura alde batera utziz, gauza txikietan aurkitu daitekeen itxaropenaz hitz egiten digu, modu berean bizitzaren krudeltasunak ekarri ditzazkeen kolpeak erakutsiz. Bihotzetik ekarritako istorioa dugu, sentimentalismoak alde batera utzita. Lehen denboraldi motz baino hunkigarriaren ostean, berriz ere hementxe dugularik.
Besterik ez oraingoan. Espero zuen udaberria”k” ondo hasi izana.