Bada bizitza Netflixetik harago

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2023ko ots. 25a, 00:00

Netflixek egindako aldaketei muzin egin gabe, bi proposamenekin iritsi da telesailetan adi(k)tua. CARDO eta WE ARE LADY PARTS telesailak gomendatu ditu Aitor Caracciolok, telebistaren aurrean gozatzeko eta prezioen gorakadaren aurrean alternatibak eskaintzeko.

Hemen gara berriz ere Otsaila amaitzear dagoen honetan zuekin pantaila txikiko munduari begirada bat botatzeko asmotan. Hilabete honetan izan dugun nahaste borrastearen ardatz nagusia Netflix plataformaren prezio eta erabilpen aldaketak aipatzea izango bada ere, gaurko artikuluan bi telesail aipatuko dizkizuet. Agian aski ezagunak ez diren bi gainera, jaso duten atentzioa ez baita merezi zutena izan (nire ustez). Hauetaz baliatuz, gainera, aipatutako Netflixen arazoak dituen alternatibak ikusteko aukerak izango ditugu.

Ez gara hemen aipatzen hasiko zein diren ditxosozko webgune orainarte ia hegemonikoak egindako aldaketa guztiak. Bai esan hau erabiltzen genuenok, lagun edo familia artean egiten genuela; prezioa partekatuz kontu bakarreko profil ezberdinak erabiliz. Badirudi hau gehiegizkoa iruditu zaiela eta gutxitzat jo dutela guk ipinitako dirua, niretzat arazoa bihurtu delarik kasu honetan egin duten prezioen berrikuspenekin. Ez da bidezkoa bereizmen onenean eta etxe edo pertsona ezberdinen artean partekatzeko hilean 20 eurotik gora eskatzea. Beren produkzio “maila” eta “kalitatea” bermatzearen aitzakiapean hartutako erabaki hau izan da honi behingoagatik agur esateko behar nuen bultzada. Honekin ez dut esan nahi denek egin beharko genukeenik, nire erabakia izan dela baizik, Netflix utzi eta beste plataforma batzuetara aldaketa egitea.

Gaur egun dauden aukera guztiak aintzakotzat hartzea luzeegia izango litzakeela ikusirik, bi telesail ezberdinen bitartez, hauetako pare bat plataformari begirada txiki bat botatzea otu zait.

CARDO telesaila 2021ean estreinatu zen 6 atalez osatutako denboraldi interesgarriarekin. Aipatu nuen urte bereko azaroko artikuluan, baina freskatu dezagun esandakoa. Maria, 30 urte betetzear dagoena, bizitzan galdu xamar aurkitzen da. Nahi gabeko erailketa baten ondorioz kartzelara sartzeko egoeran aurkituko da lehen denboraldian. Ezin da trama askoz ere gehiago aipatu, hau ikusi ez dutenek spoilerrik eduki ez dezaten, baina bai esan Ana Rujas eta Claudia Costafredak sortutako telesailak astindu ederra eman zigula lehen ataletan. Eta zer esan orain bigarren denboraldia etorri berri zaigula? Bada berdina; boteretsu bueltatu zaigu. Tonu aldaketa bat sumatzen da narratiban eta tematikan. Lehen denboraldiaren erotasunak ekarritako arazoen kulpa edota lotsa mahaigaineratu nahi duen denboraldia dugu bigarren hau. Ikuspuntu komikoa guztiz alde batera utzi gabe, protagonistaren isolamenduak ekarritako tristura eta etsipenak kutsu berri bat ekarri diolarik telesailari. Hau ikusteko Atresmedia Premium zerbitzura jo behar da, 5 euro inguruko prezioa daukan plataforma, aldaketa polita izango dugularik. Gainera, gaur egungo espainiar telesail produkzio esanguratsuenak (La ruta, Heridas, Veneno, La novia Gitana…) sortzen ari zaizkigun katea dugu Movistar+ Lite zerbitzuko (hau hilean 8 euroko prezioan) telesailekin batera.

Bigarren aipamenerako, astelehenean estreinatuko den WE ARE LADY PARTS, hiru BAFTA (zine eta telebistako sari britanikoak) sari irabazi zituen komedia bikaina. Bertan bost neska gazteek osatuko duten punk taldearen bizipenak kontatuko dizkigute. Haien berezitasuna, Musulmanak izatea. Beren familia eta ingurukoen aurreiritzien kontra egin beharko dute, musikan buru belarri sartu ahal izateko. Chanel 4 katean estreinatu zen 2021 urtean, gurera iristeko bere denbora behar izan badu ere. Biziki gozatu nuen telesaila izanik, gogotsu espero dut honen estreinaldia Filmin zerbitzuan, lagun eta familiakoei gomendatzeko. Bai aipatu Filmin zerbitzua hilean 8 eurokoa izanik, baduela eFilm zerbitzu anaia. Lehengo Azaroan kaleratu genuen artikuluan aipatzen genituen doako zerbitzuen artean, hau jorratzen genuen. Udal liburutegiek eta Filmin zerbitzuak elkarlanean egiten zuten kolaborazioa. Bigarren honen katalogo osoa ez bada ere, aukera dago udal liburutegietako bazkide izanda zati batera dohainik sartzeko. Informazio gehiago behar duenak, kontsulta dezala artikulua Kronika.eus edo bere herriko liburutegian. Hala ere, Filmin zerbitzua osoki ikusteko aukera nahi dutenek arrazoiren bat nahiko balute, honek duen zine eta telesail sorta paregabean du oinarri guztia. Zine edo telesail independiente, europear edota asiatikoz beteriko katalogo luzea. Klasikoz naiz estreinu berriz beteriko zerrenda. Produkzio propioan sartu berriak badaude ere, autore eta maila txikiko produkzioak bermatu nahi dituen zerbitzua dugu. Mainstream den korrontetik urruntzen den zerbitzua. Akaso, gogoz eutsita harri bitxi bat baino gehiago aurkitzen utziko diguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!