Urtarrila pasa berri zaigun honetan, bueltan nator zuengana. Hilabete hotz honek ekarri dituen telesail sortari begiradatxo bat egingo diogu. Gezurra badirudi ere, indartsu hasi zaigu urtea hainbat estreinu eta itzulera izan ditugularik. Hala ere, egia esan behar badizuet, Gabonetako ospakizunek ekarritako mugimendu eta estresa dela medio, gogo gutxirekin ibili naiz azaldu diren telesail gehienei kasurik egiteko. Horren ordez, nahiago izan dut gutxi bakar batzuei jaramon egin eta nire denbora librea irakurketan eta bestelako gauzetan erabili.
Dena den ez gara hilari errepasoa eman gabe geratuko, etorritako nobedadeen artean esanguratsuenak edo entzunenak aipatu beharra dago.
Ezin dugu artikulua hasi ia denon ahotan dagoen The Last of Us telesail liluragarriarekin ez bada. HBOn urtarrilaren 16an kaleratu zen eta izen bera duen bideojoko aski famatuan oinarritzen den produkzioa da. Aitortu beharra dut ez naizela kontsolen zale eta aurretik jokoa ezagutu nuen zenbait lagunek aipatu ondoren. Ez nekien asko istorio honi buruz. Gauzak honela, bere sortzaile eta produktore lanetan Craig Mazin (Chernobyl telesail laburraren zuzendaria eta produktore nagusia) eta Neil Druckmann (Joko originalaren zuzendari eta gidoilaria) zirela ikusita, nahitaezko bihurtu zen hau ikustea. Eta esan behar dizuet, izugarrizko sorpresa sortu didala. Jakin mina duenarentzat, apokalipsi zombie baten istorioa da. Baina hori alde batera utzita, zirrara sortu dit. Craig Mazinek bere aurreko lanean ikasitakoa ederki erabiltzen du lan berri honetan eta, gerora aurkitutakoaren ostean, Neil Druckmannek Jokoan (eta ziur nago telesailean ere) egindakoa ikusita, oraindik urduritasun puntu altuan mantenduko gaitu hurrengo aste hauetan. Beraz, adi honi.
'Happy Valley' zoragarriaren hirugarren denboraldia estreinatu da
Bada gehiago. Happy Valley zoragarriaren hirugarren denboraldia estreinatu da BBC katean eta gurean Movistar Plus+ zerbitzuan.
Elena Ferrante idazle paregabea ezagutzen duzuenontzat, La vita bugiarda degli adulti (La vida mentirosa de los adultos) estreinatu dute Netflixen. L’amica geniale, bere beste nobelak izandako moldaketaren arrakastaren ostean datorkigu hau ere. Plataforma berean dugu Copenhagen Cowboy, Nicolas Winding Refn zuzendari ospetsuaren (Drive, Only god forgives, The neon demon) telesail bitxi nahiz hipnotiko berria. Zer esanik ez Sky Rojo adrenalitikoaren hirugarren zatia ere bertara iritsi dela.
Apple TV+ek aldiz Servant boteretsuaren laugarren eta azken denboraldia ekarri digu. M. Night Shyamalan ezaguna atzean dela jakinik, ezin amaiera onik espero.
Atlanta seriearen azken kapituluak ere iritsi dira Disney+ plataformara. Hauek aurreko urtean aipatu banituen ere, atzerapen dexenterekin iritsi zaizkigu gurera, streaming bidezko kate eta tradizionalen guda luzeak ekarritakoekin.
Eta azkenik, artikulu hau idatzi ostean baino gogoz itxaroten ditudan lau estreinu datoz: La chica de la nieve espaniarra eta Lockwood & Co., Netflixen; Shrinking (Terapia sin filtro), Apple TV+en; eta Carmen Curlers Danimarkako lehengo urteko telesail arrakastatsuena Filminen.
'Maiko-San Chino Makanai-San', harri bitxi bat da
Ez pentsa gauzak hemen amaitzen direnik. Bukaerarako harri bitxi bat gordetzea erabaki dut eta, Maiko-San Chino Makanai-San (Makanai: la cocinera de las maiko). Nere urtarrileko baretasun irla txikia. Bi lagun gazte Geiko izateko, Kyotora Maiko ikastun joaten direnean hasten zaigun istorioa. Hala ere gauzak, ez dira nahi duten moduan aterako… Eta hemendik aurrera hobe spoilerretan ez sartzea. Eta ohar berezia, telesail hau ikusterakoan. Atalak luzeak ez badira ere, telesail japoniar baten aurrean gaudela kontuan izan behar dugu. Tramaren denbora bestelakoa dugu hemen. Bertako edo Koreako zinearen atzerakoan sortutako produkzioa dugu.
Mimoz, lasaitasunean eta eguneroko aspektu sinpleei garrantzia ematen dien antzezlan kostunbrista dugu. Antzerki japoniarraren antzezlan agian dramatikoegia batzuentzat. Kapituluak banaka, goxokiak bailitzan ikusteko egina dago. Egun hotz ilun hauetan tantaka ikusi eta gozatu dudan kontakizun xamurra da. Hirokazu Koreeda zuzendari sarituaren eskutik datorkigu 9 atalez osaturik Netflix platarfomara. Eta ulertu ezin dudan gauza bakarra da, zergatik galtzen duen aukera halako gauza bitxi eta zoragarriak aldarrikatzeko? Nork daki. Guk bitartean sorpresa moduan aurkitzen ditugun bitartean gozatuko ditugu.