Artikulu hau hasi nahiko nuke aurreko egun batean lagun batekin izandako solasaldi interesgarri batekin. Berak esaten zidan ederki zeudela idatzi hauetan ekartzen nituen proposamen ugariak baino berak horrelako internet bidezko zerbitzurik ez zuela alokatzen eta ea ez zegoen telebistan ikusteko zeuden telesailik edota dohain izan zitekeen zerbitzurik. Arrazoi puntu bat baduela esango dut hemen. Beti ere, gori gorian dauden telesailak edo denen ahotan dauden nobedadeak ekartzen saiatzen naiz. Ulertzen dut denok ezin dugula ordaindu beharreko plataforma guzti hauetara harpidetuak egon eta badirela telebistan ikusteko aukera duten hainbat produkzio. Baina tamalez, telebista kate ireki gehienen produkzio maila baxua da eta berauek ere beraien ordaindu beharreko edo gune premium-etara bideratzen ari dira aukera gehienak.
Hala ere, aipatu ditzagun kasu eder asko. Gaur egungo telebista berri gehienek ematen digute aukera irekian ikusteko dauden kate ezberdinen aplikazio edo webgunea erabiltzen edo, ordenagailuan gaudela beraien orrialdeko katalogora sartzen. Agian aipagarriena guretzako EITB Nahieran izango genuke, euskal kate publikoaren telesail berrienak naiz klasikoak ikusteko aukera ematen diguna. Esan beharra dago hala ere, gazte jendeari bideratutako telesailez aparte (eta ez dut esaten Go!azen edo Irabazi arte produktu ederrak ez direnik), karentzi txiki bat badagoela honek ematen duen aukera berrien artean. Dena den, 'Hondar ahoak', azken urteetan izan dugun euskerazko telesail onenetakoa berrikusteko aukera badago bertan edota Daniel[a] bezelako serie digitala aurkitzeko aukera, adibideren bat jartzearren.
Kate publikoekin jarraituz TV3 a la carta, Kataluniako kate publikoaren katalogoa goraipatu nahiko nuke. Bertan egiten den produkzio maila ikusirik, honen kalitatea nabaria dela erraz esan daiteke, bertatik gurera hainbat telesail iritxi zaizkigu eta. Merlí, Benvinguts a la família edo Cites aipatuko nituzke norbaitek begirada bat bota nahiko balu.
Beste alde batetik RTVE play eta Playz (bigarren hau gazte jendeari bideratutako edukiarekin batik bat) ere aipatzekoak ditugu. Produkzio propioetatik aparte, espainiar kateak, beste herrialdeetako kateekin eta plataforma ezberdinekin eginiko akordioak direla medio, ezohikoak diren telesail naiz filmeak izaten ditu ikusgai denbora tarte laburrez. Artikulu hau idazten ari naizen momentuan, katalogoari begirada bat bota diot eta adibide batenbat jartzearren The Split telesail ingeles bikaina ikusteko aukera dago edo Ane euskal pelikula saritua.
Dena den, askok ezagutzen ez duten beste aukera bat ere ekarri nahiko nizueke, Filmin plataforma digitalak eta hainbat erkidegoko liburutegiek eginiko akordioa dela medio, eFilm zerbitzu doakoa. Liburutegiek eginiko eskariei kasu eginik plataformak ematen duen bere katalogoaren aukeraketa. Esan beharra dago zerbitzu honek arazoak ematen dituela eta agian ez duzula ikusi nahi zenuen telesail edo pelikula zehatza aurkituko bertan, baino esan beharra dago arlo publikotik eta doako zerbitzu bat martxan jartzearen esfortzu hau txalotzekoa dela. Batzuetan oso zorrotzak jartzen bagara ere, ahalegin hau egin duten guztiei eskerrak eman behar zaie kritikatu baino. Zuen herriko liburutegira gerturatzen zareten hurrengoan galdetu ezazue nola aktibatu hau edo webgunean dauden pausoak jarraitu aukera honek ematen duen katalogoa ezagutu nahi baduzue.
Azkenik, Atresmedia eta Mediaset kate taldeek dituzten webguneak aipatuko dizkizuet. Bertan aurkituko dituzuen programak ugariak eta aski ezagunak dira nire ustez, beraz gomendio bakarra luzatu nahiko nizueke kasu honetan. Bada arazo txiki bat dena den, telesail hau ATRESplayer Premium zerbitzuan aurkituko duzuela, beraz ordaindu beharreko zerbitzuaren barruan dugu ikusgai soilik oraingoz.
Bere izena LA RUTA. “La ruta del Bakalao”, 80 eta 90 hamarkadetan Valentziako diskoteketan sortu zen gazte mugimendu edo kulturalaren inguruan sortutako telesaila dugu.
Kontakizuna modu erregresiboan etorriko zaigu kapituluz kapitulu. Gure protagonistak istorio honen amaieran ezagutuko ditugu lehen atalean eta hauek aurrera doazen heinean denboran atzera egingo dugu. Honela joango gara gazte talde honek bizi izan zuen historia ero guztia ezagutzen eta askorentzat ezezaguna den garai diskotekero zoro naiz interesgarri hau ikusten. Duda gutxirekin esango dizuet, aurtengo espainiar telesail onenetakoa dugula hau. Ikusteko aukera baduzue, benetan diotsuet.
Agurtu baino lehen hileko zerrenda laburra: The Outlaws (Hbomax), The Mosquito Coast (Apple tv+), El fin del amor (Amazon prime video), Das Boot (AMC), The Kingdom Exodus (Filmin), The English (Hbomax), 1899 (Netflix), No me gusta conducir (TNT), Autodefensa (Filmin), The Patient (Disney+). Gozatu ditudan edo gustora ikusten ari naizen telesail hauek aipatzen dizkizuet ere, gomendio extraren bat behar bazenuten. Eta bueno aurreko artikuluan tinteroan utzi nuen THE WHITE LOTUS paregabea ere berriz utziko dizuet halaxe. Agian hurrengo atalean aipatuko dizuet? Nork daki.