Kaixo lagunak. Luze joan da azkenekoz zuengana etorri nintzenetik. Udara luze honek ekarritako etenaldiak eman du akaso beste hainbat afizioz eta momentuz gozatzeko aukera bikaina, baina hotza eta eguraldi kaxkarra bueltan datozen bezalaxe nator ni ere pantaila txikiko fikzioei buruz hitz egitera.
Ikasturte berriarekin batera, telebista kateek ere denboraldi berria jartzen dute martxan, eta momentu honetan gori-gorian dagoen programazio parrila dugu gure eskuen artean. Egia esan behar badizuet, nire gusturako ere gehiegi haunditzen ari den burbuja erraldoi bilakatzen ari da, momentu honetan dagoen telesail kopurua ikustea eta jarraitzea ia ezinezkoa bihurtu delarik. Beraz, denboraldiko lehenengo ataltzat hartuko dudan artikulu hau, erabiliko dut isiluneko azken hilabete hauetan ikusi eta gozatu ditudan proiektuak aipatzeko.
Badira, agian, denen ahotan izan diren telesail haundi batzuk. The lord of the rings eta House of the dragon fantasia fikzioen arteko ikusle guda, Dahmer hiltzailearen telesail zantarra, The Sandman komiki bikainaren moldaketa, Jeff Brigdesen The old man espioi thrillerra, Movistarreko Apagón indartsua, animaziozko Cyberpunk txundigarria, gustoko dudan See telesailaren agurra, The handmaids tale-en azkena, Donald Gloverren Atlantaren laugarren denboraldi ederra (besteen antzera askok ikusi ez dutena, berriz ere), Star Wars frankiziako Rogue One pelikularen spin-off den Andor (Dave Filoni, eskerrik asko egiten ari zaren guztiagatik). Hauek eta aipatu genitzakeen beste hainbeste hortxe izan dira. Baina hauei jaramon egin baino, zuetako gutxi batzuek ikusi edo aurkitu dituzuen proiektuetara bideratu nahiko nuke gaurko idatzi hau.
THE BEAR boteretsua da ekarri nahi dizuedan lehen gomendioa. 30 minutuko 8 atalez osatutako telesail honi buruz gutxi entzun baduzue ere, urteko onenen artean izango da zerrenda eta kiniela guztietan. Goi-mailako sukaldari bat, bere anaiaren sandwich jatetxera lan egitera joango deneko istorioa kontatuko digu produkzio honek. Aldaketa horrek bere bizitzan izango duen domino efektua ikusiko dugu bertan. Tentsioz eta indarrez eginiko antzezlan paregabeak dituen fikzioa da, aktore plantel ikaragarriarekin. Protagonistaz harago joaten dakien pieza, momentu zailez eta gatazkaz beteriko sukalde batean gertatzen dena pantailara ekartzen dakien drama bikaina. Disney+ zerbitzuan ikusgai.
INDUSTRY, HBOn aurkituko duzuena ez da estreinaldi bat. Bigarren denboraldiarekin bueltan dugun telesailak deiadar txikia izan badu ere, Succession aski famatua maite dugunok, sutsuki hartu duguna. Lehenengo denboraldia iritsi zenean ere lagun eta ezagunei behin eta berriro aipatu nien produkzioa. Inbertsio banku batean lan egitera doazen gazte talde berri baten bizitzan sartuko gaitu. Mundu zail eta errukigabe horretan gertatzen diren eguneroko ika-mikak, langileen arteko barne gudak, sexismoa, ustelkeria, drogak eta rock&rolla. Dena aurkituko duzu telesail paregabe honetan, ikusteko gogotsu bazabiltza.
LOST OLLIE. Netflixen udaran azaldu zitzaigun lau kapituluz osatutako telesail laburra. Honen atzean Kubo and the two strings pelikula ederraren ekipo berdina zegoela jakinik, derrigor ikusi beharrekoa iruditzen zitzaidan. Stopmotion eta irudi errealak nahastuz sortutako istorioa da: denda batean galduta aurkitu da Ollie jostailuak, bere lagunmina den Billy umearengana bueltatzeko izango duen abentura. Zailtasunez beteriko bidai malkartsu bezain hunkigarria.
PANTHEON. AMC+ eta gurean Movistar+ plataforman. Animaziozko lana dugu hau. Ken Liu, gaur egun dugun zientzia fikziozko idazle esanguratsuenetako baten istorio laburrean oinarritua. Giza kontzientzia ordenagailuetara igotzeko aukera izango balitz, zer gerta liteke? Galdera horri lotuta sortutako telesail dibertigarria. Irakurle sutsu bezala, beti sortu dit zirrara idazle honek duen sorkuntzarako grinak. Istorio laburren bilduma zabala duen autore paregabea da, eta errealitate ezberdinak sortzeko duen erreztasuna miresgarria iruditzen zait. Beraz, ez da harritzekoa bere lanean oinarritutako proiektu bat ikusteko aukera izanda, hori hitz larriz apuntatu izana nire zerrenda propioan.
Azkenik, THE PERIPHERAL aipatuko dut. Proiektu honen atzean Jonathan Nolan eta Lisa Joy produktoreak ditugu, Person of interest eta Westworld oso gustuko ditudan lanen sortzaileak. Willian Gibson idazlearen izen bereko nobelan oinarritua, orain dela aste gutxi batzuk estreinatu zen Amazon Prime Videon. Detaile haundirik eman gabe, 2030 eta 2090 urteen inguruan gertatzen ari diren bi kontakizun paralelo eta elkarlotu kontatzen dituen fikzioa da. Hasi berri dagoenez, ez dut iritzirik emango amaitu bitartean, baina zuei aipatzeko gogoz ez nuen gelditu nahi.
Hauek dira azpimarratu ditudan bost telesailak. Esan bezela, badira beste asko eta gustu guztietarakoak, bakoitzak baitauzkagu gureak. Baina nire zerrendatik bat ikusteko gogoa sartu bazaizue, egin beharreko lana lortuta dagoela esango nuke. Hurrengoan gehiago. (Aurrerapen bat: aste honetan bertan estreinatu da The White Lotus mundialaren bigarren denboraldia. Ikusi! Eta hurrengo atalean komentatuko dugu elkar).