Gustuko telesaila aurkituz gero, ni pozik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2022ko mai. 28a, 00:00

'Alt du Elsker' norbegiarra Cannesen saritua izan da.

Ez da erraza izaten artikulu hauek idazten hasterako momentuan zein telesailei egin jaramon eta zeini ez. Zeinek izango duen deiadar gehiago edo, hobe esanda, zein izango den arrakastatsuagoa. Badakit askotan nere gustuen araberako zerrendak egitera jotzen dudala eta batek baino gehiagok aipatu didazue gomendatutako telesail edo plataforma ezberdinetara sarbiderik ez duzuela.

Saiatzen naiz beti ere gaur egungo aukera gehienetako gomendioak egiten eta genero eta tematika ezberdinetako proiektuak plazaratzen, tamalez nahiko genukeena baino aukera gutxiago izaten ditugu askok, eta pena haundiagoz aitortu behar da, eduki audiobisual “libreak” edota kate irekietan direnak gero eta murritzagoak direla (euskerazko telesaileen kasuan edota euskerara moldatutako produktu ezberdinez ari garenean adibidez).

Lerro gutxi hauetan ematen dizkizuedan telesaileetan, norberak dituen gustuetara moldatzen den baten bat aurkitzen baduzue behin edo behin, pozik izango naiz, nere lana modu txiki batean lortu dudala pentsatuz.

 

'Stranger Things' bueltan da eta 'Obi-Wan-Kenobi' iritsiko da

Hilero esaten dudan bezela, ekaina ere betea datorkigu hainbat itzulera eta estreinurekin. Asteburu honetan bertan, adibidez, Stranger Things (Netflix) bueltan izan dugu edo Obi-Wan-Kenobi (Disney+) telesail berria iritsiko da Ewan McGregor aktore famatuak bere pertsonaiari berriz ere helduko diolarik hainbat urteren ostean.

Bi adibide hauek agian estreinu mainstream edo ezagunen artean jarriko nituzke, The Boys (Amazon Prime Video) ganberroarekin, Ms Marvel (Disney+) izen bereko Marvel komikietako hamaikagarren etorrerarekin, The Umbrella Academy (Netflix) beste komiki moldaketarekin edota zerrenda hontan gehien ikusteko gogoa dudan West World (Hbo) bikainarekin. Azken hau hilaren amaieran badatorkigu ere, gogotsu hartuko dudan itzulera izango da.

Baina agian begirada proiektu ezezagunetara edo oihartzun txikia izan duten beste istorio interesgarrietara bideratu beharko genuke.

 

'Borgen', 'Intimad', 'Irma Vep' eta 'For All Mankind'

Danimarkatik bueltan dugu Borgen telesail haundia. 2010ean estreinatua, hiru denboraldi zoragarriz osatutako telesail politikoa izan zen. Netflix eta DR1 kateen eskutik bueltatzen zaigu laugarren denboraldi berri batekin ekainaren 2an, thriller moduko trama berri batekin eta aitortuko dizuet sorpresa zoragarria izan dela neretzat telesail honen itzulera.

Plataforma berean ere Intimidad estreinatuko da hilaren 10ean, Itziar Ituño aski ezaguna den aktore zerrendaren buru dugularik. Etorkizun haundiko politikari baten sexu bideo pribatu bat publiko egiten denean gertatzen den iskanbila kontatzen digun Euskal Herrian filmatutako produkzioa.

Irma Vep telesail laburra aipatzea ere derrigorrezkoa iruditzen zait. Hbok dakarkigun perla txiki berri honek Olivier Assayas zuzendari eta gidoilari frantsesa du buru. Personal Shopper edo Clouds of Sils Maria pelikula ederren zuzendariak izen bereko 1996ko bere filmearen bertsio berri bat dakarkigu, Alicia Vikander aktorea dugularik protagonista. Interes haundia piztu didan proiektua dugu hau, beraz ez da azken aldia izango honi buruz zeozer aipatzen dizuedala.

Apple TV+ zerbitzuan, bueltan izango dugu aurreko urtean telesail onenen zerrendan podiumean jarri nuen For All Mankind bere hirugarren denboraldiarekin. Espazioko lehiaren historia alternatiboa kontatzen duen telesailean, Martera iristeko ahaleginetan aurkituko gara atal berri hauetan. Ekainaren 10ean iritsiko da.

Filmin plataformak katalogo paregabea du eta 'Alt du 
Elsker' eta 'Fragance of The First Flower' gomendatzen ditut

Gutxitan aipatu badut ere, Filmin zerbitzuak duen katalogo paregabea plazaratu beharra ikusi dut oraingo honetan ere. Ezagunak ez diren hainbat telesail txundigarri aurkitzeko eta aipatzeko aukera daukagun arren, bi dira hil honetan estreinatu eta ekarri nahi dizkizuedanak. Lehena Taiwanetik datorkigun Fragance of The First Flower. Institutu garaian, besteen gorrotoa medio, banandutako bi emakumeak hainbat urteren ostean berrelkartzean izango duten amodiorako aukera berria kontatzen duen drama, Ekainaren 17an estreinatuko da.

Beste alde batetik Alt du Elsker (Todo lo que amas) norbegiarra, hilabete amaieran, 28an iritsiko zaigu. Sarak bere bikotekide den Jonas ultra eskuineko ideologian murgiltzen hasten denean, bi gazteen erlazioan gertatuko den zisma kontatzen digun produkzioa da. 

Aurtengo Canneseko Telesailen festibalean saritua izan den lanetako bat izanik, kontuan hartzekoa dugula esatea ez da gauza makala.

 

'Atlanta' telesailaren azken denboraldia 

Azkenik berriz, aipamen txiki bat egin nahiko nuke. Orain dela hilabete batzuk goraipatu eta gomendatu nizuen Atlanta telesail bikainaren azken denboraldia, Disney+ zerbitzura iritsiko da ekainaren azken egunetan. Beraz, hau ez baduzue ezagutzen eta zuen seme alabei pelikulak jartzeko zerbitzu honetan apuntatuta bazaudete, ez galdu aukerarik eta emaiozue aukera Donald Glover polifazetikoaren istorio eder honi, ez zarete damutuko eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!